
Gatikako Gazte Asanblada iaz berreskuratu zuten herriko jaietan euren egitaraua osatzeko asmoz. Hala, bi egitarau izan ziren, baina aurten Jai Batzordearekin indarrak batu dituzten denontzako egitarau osatua sortuz.
San Markoko Jaiak eguen honetan, apirilak 24ean, hasiko dira, 18.00etan, txupinazioarekin. Jai Batzordeak aukeratuko du nork irakurriko duen pregoia, sorpresa baita, baina herriko pertsonai esanguratsu bat izan ohi da. Horren ostean, Intxurtxu dantza taldekoak prest egongo dira emanaldia eskaintzeko. Iluntzean Xaiborrek festa piztuko du, azken urteetan ohiko bilakatu den bezala. Bere furgonetatik gai da denak dantzan jartzeko.
Barikuan, apirilak 25, San Marko eguna, mezarekin hasiko dira ospakizunak, eguerdian, eta jarraian luntxa Nagusien Etxean. 16.30ean umeentzako egur jolasak izango dira, eta 17.00etan puzgarriak jarriko dituzte. 19.30ean sahieski jana egongo da, eta 20.30ean Miren eta Roberto Etxebarriak kontzertua eskainiko dute.
Zapatuan Putxera Eguna ospatuko dute. Herriko bi tabernak eta txosna hartuko dituen poteoarekin hasiko dira. Bitartean, ‘Molto GP’ egingo dute plazan Kuko Racingen eskutik. 14.00etan putxerak aurkeztuko dituzte eta epaileek parte hartzaileek prestatutako indabak dastatuko dituzte, euren puntuak banatu ahal izateko.
Iaz 15 talde aurkeztu ziren, zenbat izango ote dira aurten? Izen ematea irekia da eta egunean bertan egiten da. Parte hartzaileek ez dute zertan Gatikakoak izan behar.
17.00etan Nagusien Etxean mus arina jokatuko da, eta ordu erdi beranduago Gazte Asanbladak tiragoma txapelketa antolatu du, putxeren sari banaketarako ordua heltzen den bitartean. Ondoren, 19.00etan, Fruiztariak kontzertua egongo da, Albokaren eskutik. 21.30ean, musikarekin jarraituz, Enbata Lorade eta Argitu erromeriak kontzertuak eskainiko dituzte.
Apirilaren 27an, domeka, Feri Egunaren XXI. urtea ospatuko dute eta egun guztian zehar ganadu eta nekazal produktuen postuak egongo dira zabalik. Goizean zehar txu-txu trena eta puzgarriak ere egongo dira haurrentzat. Horrez gain, 13.00etan Txirin-txirin emakume elkarteak hilabeteko azken igandean egin ohi duen konzentrazioa egingo du. Elkarteak jaietako Puntu Morea ere prestatu du, emakumeentzako arreta gunea.
Bigarren txanpa
Egun batzuetako atsedenaren ostean, jaiek indarrarekin ekingo diote. Apirilaren 30ean Gazte Eguna ospatuko da. Orain arte urrian egiten bazen ere, aurten jaien baitan antolatzea erabaki du Gazte Asanbladak. Hala, 18.00etan esku pilota txapelketa egongo da, eta 22.00etan kontzertuak hasiko dira Sad, Aramu, Arnasestu eta DJ Pot taldeekin.
Maiatzaren 1ean Gatika K.T. eta Uritarra futbol taldeek norgehiagoka izango dute, eta hurrengo egunean (maiatzak 2, barikua) berriro Gazte Asanbladak helduko die antolatutako ekitaldiei: 18.00etan Berakatz taldeak abestiz girotutako poteoan parte hartzera animatuko ditu denak, eta 21.30ean Hiuzz, Silitia eta DJ Xaukena Xauk-ek kontzertuak eskainiko dituzte.
Maiatzaren 3a kirola eta musikari eskainitako eguna izango da, batez ere. 9.30ean eskolen arteko futbol partida jokatuko da (Butroi Futbol Eskola-Sondika), eta 11.30ean eskolen arteko pala partida Artepe frontoian. 18.00etan Gatikako Iusturi UDC Rochapea taldearen kontra arituko da Plata Hockey partidan.
19.00etarako Euskara Batzordeak bertso poteoa antolatu du, eta 21.30ean kontzertuak hasiko dira: Torre V/Gardelass, Orekka Erromeria eta DJ Imanol.
Idi probak
San Marko Jaiei amaiera emateko, maiatzaren 4ean herriko adinekoei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte Nagusien Etxean, baina denei irekitakoak dira: Briska partida (16.00etan izen ematea) eta Bingoa (19.00etan).
Ez dugu ahaztu behar egun hauetan zehar Idi Proba txapelketa ere ospatzen dela, kiroldegiko probalekuan. Apirilaren 25ean 21.00etan Construcciones Etxaide (Ezkio), Rafa Alegria (Bermeo) eta Zumeltzu (Zamudio) taldeak arituko dira; apirilaren 27an, 19.00etan, Billabaso Elkartea (Jatabe), Juan Luis Homaetxe (Zamudio), Urra Olabarrieta (Goiherri) eta Igeldo (Ezkio); eta apirilaren 28an, 21.00etan, Belamendi (Errezil), Iñaki Lopategi (Birle) eta Olazar Eraikuntzak (Lezo).
Gatikako jaietako erakunde laguntzailea: Gatikako Udala

Fermin Muguruzak sua piztu du Erromako gau beroan

Alertan del cierre de una agencia de viajes en Errenteria que deja «muchos afectados»

Jaigunerako toki gehiago behar duela aldarrikatu du Herri Sanferminak ekimenak
