
NanoGUNE Donostiako Nanozientzia Ikerketa Kooperatiboko Zentroak bigarren dorre bat izango du aurki: Dorre Kuantikoa. Asteazken honetan aurkeztu dute proiektua Imanol Pradales EAEko lehendakariak eta Jose Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariak. Bertan, nanoGUNEren Hardware Kuantikoko ikerketa-talde berri baten laborategiak eta Quantum Motion Britainia Handiko enpresaren Donostiako filiala kokatuko dira. Enpresa hori aitzindaria da erdieroaleen teknologian oinarritutako txip kuantikoak garatzen.
Lehendakariak zientzia, teknologia eta berrikuntzako ekosistema bat eraikitzeko Lakuaren konpromisoa berretsi du, unibertsitateen eta ikerketa-zentroen arteko lankidetzan oinarrituta. Gainera, azpimarratu du ahaleginak arlo estrategikoetan ardaztu behar direla: «Herri txikia gara eta, hortaz, hautatu egin behar dugu. Ahalegin berezia egin behar dugu indartsuagoak garen edo estrategikotzat jotzen ditugun arloetan».
Ildo horretatik, nazioarteko erreferente bihurtzeko nahia adierazi du, eta nanoGUNE bezalako zentroek talentua erakartzeko eta ezagutzaren ekonomia bultzatzeko egiten duten lana txalotu du.
Halaber, kuantikaren inguruko ekosistema zientifiko bat garatzearen aldeko apustua azpimarratu du.
Talde berria puntako azpiegitura batean
NanoGUNEren dorre berriak 1.500 m2 inguru izango ditu. Pitarkek azaldu duenez, nanoGUNEk beti egin du lan nanozientzia kuantikoaren arloan. Orain, Fernando Gonzalez-Zalba buru duen Hardware Kuantikoaren talde berriak dorre berrian puntako azpiegitura izango du txip kuantikoak diseinatu eta garatzeko, eta, gainera, Quantum Motion enpresa britainiarrarekin lankidetzan arituko da.
Bertan garatuko dituzten konputazio kuantikoko prozesadoreek konplexutasun handiko arazoak konpontzen lagunduko dute, hala nola, botika berriak edo material jasangarri berriak diseinatzen.
Dorre Kuantikoak tenperatura baxuko sistema aurreratuak eta zehaztasun handiko instrumentazio elektronikoa izango ditu, abangoardiako hardware kuantikoa diseinatu eta karakterizatzeko beharrezkoak. Gonzalez-Zalbak azpimarratu duenez, helburua da «prozesadore kuantikoak ikertu eta garatzeko Europa hegoaldeko instalaziorik aurreratuena sortzea».
Silizioaren teknologia oinarri
NanoGUNEren apustua silizioaren teknologian oinarritutako txip kuantikoak dira —gure ordenagailu, telefono mugikor edo ibilgailuen mikroprozesadoreen parte den teknologia bera—. Horretarako, manufaktura-azpiegitura eta erdieroaleen industriaren ezagutza baliatzen ditu. Teknologia horrek elektroi bakar baten spina erabiltzen du transistore-motako egituretan, hala nola bit kuantikoetan —informazio kuantikoko oinarrizko unitatea da eta ordenagailu kuantikoak garatzeko funtsezko elementua—.
Beste teknologia kuantiko batzuen eskala-arazoak konpontzen dituen hardwarea da, zirkuitu elektroniko estandarretan integratzeko aukera ematen du eta, hala, berrikuntza eta garapen teknologikorako aukera berriak eskaintzen ditu.
Lankidetza hitzarmena
Quantum Motion enpresa britainiarrak nanoGUNErekin lankidetza-hitzarmena sinatu zuen ekainean. Aitzindaria da teknologia horretan. Hitzarmen horri esker, Dorre Kuantikoaren bulegoetan irekiko du Europako Batasunean duen lehen egoitza.
NanoGUNEko Hardware Kuantikoko taldearekin lankidetza estuan lan egingo du. Aurreikuspenen arabera, nanoGUNEren talde berriak, Gonzalez-Zalba buru duenak, Quantum Motionekin sinatutako hitzarmenaren esparruan oso ondo prestatutako 50 pertsonako talde bat izango du hurrengo urteetan.
Asteazken honetako ekitaldian, Juan Ignacio Perez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua, Javier Martinez-Ojinaga nanoGUNEko presidentea eta CAFeko kontseilari delegatua, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea eta Maialen Agirre Berrikuntzako zuzendaria ere izan dira.
Aurkezpenaren ostean, Lakuako ordezkariek bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte eraikuntza-lanak, baita nanoGUNEko laborategiak bisitatu ere, Gonzalez-Zalbarekin eta Ainara Garcia nanoGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendariarekin batera.

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Zea Mays, Bulego, Kaotiko, Rozalén y OBK, entre los conciertos para San Fermín 2025

UPN logra aprobar una declaración contra las txosnas por carteles a favor de los presos

Decenas de grupos, varios de ellos vascos, rompen con el Viña Rock tras su compra por sionistas
