NAIZ

Jaigunerako toki gehiago behar duela aldarrikatu du Herri Sanferminak ekimenak

O plaza txikia gelditu dela eta jaigunerako toki gehiago behar duela aldarrikatu du Herri Sanferminak ekimenak. Iruñeko Udalari Baratxurien Plaza gehitzea eskatu zioten baina ez dira akordio batera heldu. Gauzak horrela, aurten O plazan izango da jaigunea.

Herri Sanferminak Iruñeko Baratxurien plazan egindako agerrialdia.
Herri Sanferminak Iruñeko Baratxurien plazan egindako agerrialdia. (HERRI SANFERMINAK)

Iruñeko Alde Zaharreko O plazan izango da beste behin aurtengo Herri Sanferminak plataformaren jaigunea. Dena den, toki hau txiki gelditu zaiela eta espazio gehiago behar dutela aldarrikatu dute. «O plaza txiki gelditzen zaigu», ziurtatu dute.

«Jai herrikoiek iaz, urtetako bazterketaren ondoren erdigunera itzultzean, gainezka egin zuten! Izan zuten arrakasta eta berriz ere lortu dugun sendotasuna kontuan hartuta, aurten Udalari garbi adierazi genion bi espazio beharko genituela egitaraua indartu eta eremu zein publiko gehiagotara zabaltzeko», azaldu dute.

Hori dela eta, O plazarekin batera Baratxurien plaza ere eskatu zioten Udalari, «kontuan izanik 2016tik 2019ra bitartean, Herri Sanferminetako egitaraua bertan garatu zela arrakasta handiz eta bizilagunen eskaerak kontuan hartuz».

Azaldu dutenez, Udalak Baratxurien plazari ezezkoa eman die, DYArentzako kokapena dela argudiatuz. «Gu, jaietan egon daitezkeen behar desberdinak kontuan hartuz alternatibak aztertzeko prest agertu gara, baina udalaren partetik ez dugu horretarako inplikaziorik ikusi, eta denbora luzatuz joan da, Herri Sanferminek erdigunean behar duen espazioari ateak itxiz», adierazi dute. 

Irailean etorkizunera begira Udalarekin bildu nahi dira

«Honek haserretzen gaitu. Are gehiago, tabernak eta bestelako enpresak hiriaren erdigunean dauden bitartean, guk argi dugulako auzolanean eta irabazi-asmorik gabe antolatzen diren jai herrikoiak ez daudela soberan. Horregatik, herri mugimenduaren beharrak serio hartu eta erdigunean jai herrikoiak hedatzeko alternatibak bilatzeko, irailean bertan bilera bat egiteko proposamena luzatzen diogu Udalari», aldarrikatu dute.

Gauzak horrela, aurtengo sanferminetan O plazan izango da jaigunea eta egitaraua laister aldarrikatuko dutela iragarriz. Honekin batera, auzolanean parte hartzeko eta txandetan izena emateko deia egin dute.