NAIZ

Fermin Muguruzaren Anoetako kontzerturako jakin beharreko guztia

Larunbatean Anoetan izango den Fermin Muguruzaren kontzertua 17.00etan hasiko da eta Stepi Selektah-ren, Niña Coyote eta Chico Tornadoren eta DAM Palestinako taldearen emanaldi banak girotuko dute estadioa kontzertu nagusia hasi baino lehen. Palestinarekiko elkartasun argazki bat ere egingo dute.

Anoetako kontzertura joaten direnentzako informazio praktikoa.
Anoetako kontzertura joaten direnentzako informazio praktikoa. (NAIZ)

Iristear da egun handia. «Historikoa», esango lukete zenbaitek. Larunbat gauean, Anoetako estadiora iritsiko da Fermin Muguruza, oholtza gainean daramatzan berrogei urteen ospakizun betean dagoela, eta sasoi bikainean iritsiko da gainera. Gozotik, Biarritzeko Atabalen bere anaia Iñigo Muguruzari omenaldi hunkigarria eskainiz abiatu zuen nazioarteko bira abenduaren 17an –hain justu, anaiak 60 urte beteko zituzkeen egunean–, eta hilabete hauetan zehar zenbait puntu goren bizi izan dituzte, Madrilgo WiZink gunean bildu zituzten 10.000 lagunen aurrean eskainitako kontzertua tartean.

Baita une gaziak ere, ezin ukatu, Mexikon baimenen bat falta zutela eta aretoan jende gehiegi zegoela aitzakia jarrita desalojatu zuten kontzertua tarteko. Baina, orohar, irundarra eta bere lantaldea une gogoangarriak ari dira bizitzen. Erromako Circolo Concetto Marchesi gunean jotzetik datoz –NAIZen dago irakurgai kontzertuko kronika eta baita euskal eta italiar jarraitzaileen joan-etorriak kontatzen dituen erreportajea ere, Dabi Piedrak sinatua– eta, berriro Euskal Herrian, etxekoen beroa jasotzeko pronto.  

Eta, guztia egoki joan dadin, informazio praktikoa zabaldu dute kontzertura doazenek zalantzarik izan ez dezaten.

Fermin Muguruza Anoetako estadioan. (Iratxe ETXEANDIA)

Ate irekiera eta ordutegiak

Kontzertua ikusteko Anoetako ateak 17.00etan irekiko dira, Stepi Selektahren DJ saioarekin, eta Oihana Barrena eta Sambou Diaby arituko dira aurkezle moduan. Jarraian, 18.00etan, Niña Coyote eta Chico Tornadok emanaldia eskainiko dute.

Behin hau amaituta, Palestinarekiko elkartasun argazki kolektiboa egingo dute eta publiko osoari dei egin diote honetan parte hartzeko. Hau 18.55ean izango dela aurreikusten dute, DAM Palestinako Hip Hop taldeak oholtza hartu baino bost minutu lehenago.

20.00etan Des-Kontrol Arrasateko Oi! taldeak giroa berotuko du Fermin Muguruzaren txanda iritsi baino lehen. 21.00etan hasiko da irundarraren kontzertua.

Sarrerak

Antolakuntzatik ohartarazi dutenez, jaian zehar Anoetatik irteten dena ezin izango da bueltatu eta sarrera ekitaldia amaitu arte gorde beharko da. Gainera, sarrerei dagokienez, gogorarazi dute ezin direla aldatu edo itzuli erosketa egin ondoren; ez direla nominalak, baina kodea lehen aldiz irakurtzen duen pertsonak bakarrik baliatu ahal izango duela eta antolakuntzak ez duela erantzukizunik izango kanal ofizialak ez diren bitartekoetatik erositako sarreren gainean.

Anoetara sartu ezin izango diren objektuak ere zehaztu dituzte: su-armak, arma zuriak, kaskoak, kamera profesionalak, selfie-makilak, motxila handiak, haur kotxeak, euritakoak, animaliak, laserrak, makildun banderak, piroteknia materialak, maletak, objektu sendoak eta espraiak eta aerosolak. Beirazko ontziak ere ezingo dira erabili eta, hauen ordez, berrerabiltzeko edalontziak egongo dira. Itzultzeko aukera egongo da, gehienez lau pertsona bakoitzeko.

Halaber, gogora ekarri dute debekatuta dagoela sarreren baimenik gabeko birsaltzea, sarrerak ezingo direla erabili publizitate edo promozio helburuetarako, antolakuntzak sarrera ukatzeko eta programazioa aldatzeko eskubidea izango duela, ekitaldian bideo eta audio grabazioak egingo direla eta publikoak hauetan parte hartzeko baimena ematen duela eta, galera edo lapurretarik gertatuz gero, antolakuntzak ez duela erantzukizunik izango.

Adingabeen kasuan, baimen orria beteta eta sinatuta eraman beharko dute, eta gomendatzen da heldu batekin joatea.