Musika, elkartasuna eta Peroni garagardoa: euskaldunek Erroma hartu dute
Fermin Muguruzaren kontzertuaren aitzakian, dozenaka euskaldun elkartu dira Italiako hiriburuan. Erromaren alde alternatiboa ezagutzen aritu dira horietako asko.

Ohi bezala, bisitarien uholdeek hartuta daude Erromako txoko guztiak. Piazza Navonako zoramenaren erdian, halako batean, euskarazko azalpenak. Luca da, Euskal Herriaz maitemindutako erromatar petoa, euskaldunen multzo bati bere hiria erakusten.
Izan ere, ohi baino euskaldun gehiago elkartu dira asteburu honetan Italiako hiriburuan, Fermin Muguruzak Circolo Concetto Marchessi gunean larunbatean emandako kontzertua dela eta. Luca, bistan da, entzuleen artean izan da.
Konpromiso politikoaren bidetik heldu zen Luca euskarara: «Banda Bassotti ezagutzen nuen, haiek Negu Gorriak-ekin aritzen ziren... Hala sartu zitzaidan interesa eta Euskal Herrira joan nintzenean pentsatu nuen euskaraz bizi behar nintzela». Gaur egun, Erroman bueltan, ia astero egiten ditu bisitaldi gidatuak euskaraz. «Haiek etxean bezala sentitu daitezen nahi dut», dio.
Erroma monumentuen eta historiaren hiria da, Hiri Eternala goitizena ondo merezia du. Halaber, hiri bizi-bizia da, nortasun indartsukoa, gizarte hobe baten alde borrokan ari diren kolektibo ugariren etxea. Muguruzaren kontzertua hartu zuen gunea, esaterako, Palestinaren aldeko mezuz josita zegoen.
Bezperan, ostiral gauean, makina bat euskaldun hiriko beste gune alternatibo batean elkartu ziren, Acrobax delakoan, Lucaren aholkuari kasu eginez. «Erromako gune okupatu handienetan bigarrena da Acrobax», dio erromatar euskaldunduak. Txakur lasterketak egiteko eremua izan zen behinola; gaur egun, taberna, belardiak eta antifaxisten bilgunea hartzen ditu.
Nova Gorica taldearen kontzertua eta DJen emanaldiak aurkitu dituzte euskaldunek Acrobaxen, baita afari gozoa ere, momentuan bertan aire zabalean erretako okela barne. Batutako dirua Gazako palestinarrei laguntzeko izango da.
Trastevere auzoan, bestalde, bertako auzotarrak nagusi diren guneak erakutsi dizkie Lucak Euskal Herriko bisitariei. Turistentzako prezio garestiak ahaztuta, San Calisto plazako tabernako terrazan daude gehienak, garagardo freskoa eskuan. Hiru euro baino gutxiagoren truke, Peroni garagardo botila ederrak edan daitezke. 66 zentilitrokoak dira, alajaina. Erromako beroari aurre egiteko irtenbide freskoa. Barruko hormetan, euskal kirol taldeen banderatxoak, Erromako argazki zaharren ondoan.
Bilboko Santutxu eta Zazpi Kaleak auzoetatik etorriak dira terrazako gerizpean bildutako asko, baina badira nafarrak eta gipuzkoarrak ere. Lucaren bisitaldietan ere, Euskal Herriko txoko ugaritako jendea batu da. Ostiralean 20 bat lagun batu ziren euskarazko tourrera, gehienak bilbotarrak. Igandekoan, aldiz, arrasatearrak, bergararrak, gernikarrak eta abar.
Piazza Navona, Agriparen panteoia eta beste ikusi eta gero, ibilbidea Trasteveren bukatu du Lucak, bera bizi den auzoan. Hor ere turistifikazioa aurrera doa: «Trasteveren badira eremu herrikoiak, hamar urte barru nork jakin». Bitartean, Luca zain dago, hiria euskaraz ezagutu nahi duten bisitariei abegi egiteko prest.

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?
