NAIZ

Gero eta konpainia gehiago Irungo Alarde parekidean, Udalaren ezezkoaren aurrean

Irungo Alarde parekideak beste konpainia bat batu du San Martzial eguneko desfilera: Meaka. Bero galantari aurre eginez, jendetza bildu da haiek txalotzeko. Alderdi guztietako ordezkariek egin diete harrera, baina Udalak ezezkoa eman dio Alarde publiko bakar eta parekidea antolatzeko eskaerari.

Irungo Alarde parekideko konpainia bat, desfilean.
Irungo Alarde parekideko konpainia bat, desfilean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Beste urte batez, bi Alarde izan dira San Martzial egunez Irungo kaleetan. Lehenik emakumea kantinera gisa bakarrik onartzen duten konpainiek desfilatu dute, ia 7.000 lagunekin. Ondoren, 10.20etik aurrera, Alarde parekidearen txanda izan da, bi mila lagunetik gora, eta aurten konpainia bat gehiago, Meakakoa.

Ohi bezala, arrankadarekin hasi dute ibilbidea, San Martzial kalean. Handik San Juan plazara jo dute, eta konpainia guztiei errebista pasa. Udaletxeko balkoian zituzten zain Cristina Laborda alkatea eta alderdi politiko guztietako ordezkariak, baita beste zenbait erakundetako ordezkariak ere, hala nola Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta, Ines Ibañez de Maeztu funtzioetan Arartekoa, eta alderdietako Gipuzkoa mailako ordezkariak (EH Bildu, Podemos, PSE...).

Harrera egin eta gero etorri da une hunkigarrienetako bat, udaletxeko atariko arkupeetan EH Bilduko zinegotzi Ane Unanuek Bidasoa konpainiako Iker Montero abanderatuari hiriko bandera eman dionean. «Gora Bidasoa! Gora Irun! Gora San Martzial! Gora Irungo Alardea!» oihu egin du Bidasoako kantinerak, eta musu eman dio banderari. Udal ordezkari asko behera jaitsi dira une horretan, baina Cristina Laborda alkatea ez da bertan izan. «Emakumeak Alardean» izan da gehien entzun den aldarria.

Ondoren, bere azken urtea izan duen Maite Bergara Alardearen jeneralak konpainiei errebista pasa eta deskarga egin dute, eta segidan kaleetan barrena abiatu dira guztiak, giro ederrean eta bildu den jendetzaren txalo artean.

Alarde publiko bakar eta parekideari, ez

Irungo alkateak gaurkoa «egun distiratsua» izan dela aipatu du, «aspaldi ez bezalakoa», eta «oso giro ona» izan dela, baina Udalak baztertu egin du Alarde parekidearen eskaera, alegia Alarde publiko bakarra eta parekidea izatea. Urtero egiten dio eskaera hori Herriko Etxeari, eta aurten erantzun du lehen aldiz, ezezkoarekin, inolako arrazoirik eman gabe, Alardearen Juntak azaldu duenez. Alardea bizitzeko bi modu daudela eta biak legezkoak direla argudiatu du Udalak, ‘Bidasko Hitza’ agerkariak jaso duenez. Horixe bera esan du Labordak hedabideei eginiko adierazpenetan, «horrela ospatzen dute irundarrek Alardea ekainaren 30ean, bizi nahi duten tokitik».

Bere aldetik, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak garrantzitsutzat jo du Irungo Alardean «azken urteetan nabaritzen ari diren berdintasunaren aldeko aurrerapenak sendotzea eta sendotzea», eta «aukera egoera berri hau elkarrizketaren, akordioaren eta lankidetzaren bidez berdintasunaren aldeko urratsak ematen jarraitzeko» aprobetxatzeko deia egin du.

Ines Ibañez de Maeztuk nabarmendu du «uste sendoa» duela «emakumeek berdintasunerako eskubide besterenezina dutela, eta horrek subjektu protagonista izateko eskubidea ere badakar, gizonekiko berdintasun baldintzetan, bizitzako eremu guztietan, salbuespenik gabe».

«Irungo San Martzial Alardea erreferente bat da Euskadiko emakumeen berdintasunaren kausarako», adierazi du, eta, jarraian, babesa eman die «oztopo sozial, kultural eta politikoak gaindituz Alardean parte hartzen duten emakume guztiei, bai eta ahalegin eta kemenez eskubide hori egia bihurtzeko ahaleginean urtez urte lanean diharduten pertsona guztiei ere».

Maddalen Iriarte Gipuzkoako EH Bilduko batzarkideak Alardeak «bi sentsibilitateren» isla direla esaten dutenen «ekidistantzia» kritikatu du, bere ustez irundar guztiek desfilean «baldintza berdinetan parte hartzeko aukera» izan beharko luketelako.

Tania Pazos Podemoseko Irungo zinegotziak, Richar Vaquero eta Miren Echeveste alderdi moreko buruzagiekin batera egindako adierazpenetan, Alarde parekideko Juntako agintarien batzordeak Udalari eginiko eskaerarekin bat egiten duela adierazi du, hau da, herritar guztientzako alarde bakar bat antolatzea, «inor ez diskriminatzeko».