Zumarragak trikitiaren sorreran izandako papera ezagutarazi nahi du ‘Hauspoa & Tunela’ filmak
Jakina da trikitia italiarrek ekarri zutela gurera. Ez zen toki bakarrera helduko seguruenik. Gorka Hermosak eta Iñaki Pinedok kanpoko eta bertako musikaren fusioaren sorburua Zumarraga izan zela diote ‘Hauspoa & Tunela’ dokumentalean. Lehen dokumentazioa Gipuzkoako herri horretan aurkitu da.

Trenak eta Zumarragak trikitiaren sorreran izan zuten paper erabakigarriaren berri eman nahi du ‘Hauspoa & Tunela’ dokumentalak. Gaur aurkeztuko dute proiektua herrian bertan, Euskadi Plazan (20.30ean).
Dokumentalaren eszena batzuk proiektatuko dituzte, eta bere edukiarekin lotutako musika emanaldiak ere izango dira: Kepa Junkera, Zumarragako Udal Banda, Toti Martinez de Lezea, Jon Maia, Irrintzi dantza taldea, Garikoitz Mendizabal, Enrike Zelaia, Antxiñako Amako txistulariak, UZ Ikastolako abesbatza...
Gorka Hermosak eta Iñaki Pinedok, film laburraren zuzendariek, egingo dituzte anfitrioi lanak eta lehenak agertoki gainean ere parte hartuko du aurkezpen-kontzertuan. Eta, noski, Zumarragako Trikitixak ere ez du kale egingo.
Dokumentalak jasotzen dituen pasarte historikoen gainean dagoen ezagutza ezak bultzatu ditu Hermosa eta Pinedo proiektua abian jartzera. «Zumarragarrek eta euskal herritarrek jakin dezaten nondik datorren trikitixa eta ondarea balioan jarri eta hemendik urte batzuetara, agian, museo bat egiteko. Hori da helburua».
1859an Madril-Paris trenbidea eraikitzera 40 italiar langile etorri ziren Zumarragara. «Lehenengo tunela egin zutenean bi ‘ahoak’ ez ziren bateratu eta ingeniariak bere buruaz beste egin zuen. Alpeetako zubiak eta tunelak egiten trebatuta zeuden italiar langileei deitu zieten hona etortzeko. Otzaurten, Zegaman, hasi ziren tunela egiten», dio Hermosak.
«Otzaurtera joaten ziren egunero bazkaltzera eta bertako kantinerarekin maitemindu zen langile bat. Zumarragan jarri zen bizitzen ezkondu ondoren», jarraitu du. Juan Bautista Busca zen. Beste hainbat langile bezala, akordeoi txiki bat eskuan hartuta iritsi zen. «Euskal Herrian ezagutzen den lehen akordeoilaria Busca izan zen. 1859an datatutako dokumentuak horrela jasotzen du», esan du.
Semea, Juan Ignacio Busca Sagastizabal, Madrilera bidali zuen ikastera. Zarzuelak-eta konposatu zituen. Beste seme batek, Josek, Zumarragako Udal Musika Banda sortu zuen. «Artista estirpe handia sortu zuen Juan Bautistak Zumarragan. Horrez gain, zumea, herrian tradizio handia zuena, industrializatu zuen. Herriko enpresari handienetakoa bihurtu zen. Urrezko belarritako handia omen zeukan, tripa handia, graziosoa... eta karisma handiko pertsona bezala gogoratzen dute».
Buscak kulturgintzan landatutako hazi horrek bere fruituak eman zituen, Hermosaren esanetan. «Bera bizi zen etxetik metro gutxira, Euxebio tabernan, 1920an Zumarragako Trikitixa taldea sortu zen, gaur egun ere aktibo dagoena eta askok diotenez sortu zen lehen euskal trikitixa taldea».
‘Triki-triki’ onomatopeiatik sortu zen garai bateko trikitixa, ahotsez lagundutako panderoa. Gaur egungo trikitia pandero tradizionalaren soinuak eta Italiako soinu txiki harenak bat egitearen emaitza da. «Harritzen nau hau inork balioan jarri ez izana», nabarmendu du.
Pandero-jotzaileen tradizioak soka luzea du. «Asiriarrak panderoa jotzen ikusten dira K.a. 3000. urteko eskultura batzuetan. Kantauriar mendikatean musika egiteko era tradizionalena panderoa jotzea zen. Ez zeukaten beste instrumentu askorik eta emakumeak ziren erromerietan jotzen zutenak», oroitu du Hermosak.
Zumarragako Trikitixaz gain, beste hainbat eskola inportante daude gurean; Urola Erdikoa, esaterako. Museoa ere badu Azpeitiak. Zein puntutaraino baiezta daiteke sorrera Zumarragan izan zuela? «Azpeitiaren balio handiena da XX. mende erdian gune nagusia izan zela, eta tradizioa mantendu duela. Oso eskertzekoa da. Seguruenik ez zen foku bakar batetik sortu trikitixa. Hamarkada berean Zaldibarren eta Elgoibarren ere bazebiltzan. Noiz hasten da historia? Lehenengo grabaketarekin. Horren aurrekoa prehistoria da. Dokumentatuta dago 1889an Urkiolan erromerian akordeoia jo zela, ez dakigu panderoarekin ala ez. Akordeoia jotzen bazen euskal mendietan logikoa da pentsatzea noizbait panderoarekin joko zela. Eta horren aurretik, 1837an, Re Mi Fa Sol izeneko ‘gizon orkestra’ azaldu zen sanferminetan eta jotzen zituen instrumentuen artean akordeoia ere bazeukan».
Lehen grabaketa
Agiriek hala diote. Zumarragako Trikitixa izan zen disko bat grabatu zuen lehen taldea, Columbia Recordsek 1924an argitaratua. «Tokian tokiko musika grabatzen ari ziren eta Secundino Esnaolari –Donostiako Orfeoiaren zuzendaria, zumarragarra– Euskal Herrian zer egin zezaketen galdetu eta honek Joxe Oria proposatu zien grabaketa egiteko. Handik urtebetera Radio San Sebastian irrati katea sortu zen eta, diskorik ez zutenez, grabaketa hori jartzen zuten egunero. Hasieran oso puntuala zen musika estiloa bat-batean mainstream bihurtu zen», kontatu du Hermosak.
Joxe Oria. «Karisma handiko tipoa, pikardia handikoa. Euskal Mike Jagger, ahots potentearen jabea, letra pikanteak kantatzen zituena», deskribatu du akordeoilariak.

30. hamarkadatik aurrera Zumarragako Udal Musika Bandaren zuzendaria, Bastida, ezagun egin zen akordeoi irakasle bezala. Busca, Oria, Bastida, eta bere arteko haria aipatu du Hermosak. «Bastidaren ikaslearen ikaslearen ikaslea naiz ni», esan du.
Munduan zehar, akordeoia lagun
Munduan zehar akordeoia lagun darama bizitza osoa Hermosak. Gauzak zer diren, Bar Euxebio ezaguna eraitsi ondoren eraikitako etxebizitzetako batean hazi zen gurasoekin. «Kasualitate eta kausalitate asko biltzen dira», aitortu du irribarrez. Munduko agertoki entzutetsuenak zapaldu ditu Hermosak soinu handia joz; «Zumarragatik atera den akordeoia gure herri musikan euskal DNA sendoena bihurtu da eta munduko auditorio handienetara iritsi da, azken estreinaldiak Berlingo Filarmonikan egin baititut».
«Gertu ditugun gauzak ez ditugu preziatzen. Txikitatik Zumardi elkartean –aita bertako kide zen– Zumarragako Trikitixa entzuten nuen. Eliz Kalean bertan jaioa naiz eta oso arrunta iruditzen zitzaidan. Atzerrian egiten dizkidaten elkarrizketetan beti galdetzen didate zergatik jotzen dudan akordeoia, arraroa balitz bezala. Beti kontatzen diet jaio nintzen tokian jaiota normalena horixe zela», kontatu du.
Makina bat hitzaldi eman ditu nazioartean XIX. mendeko akordeoiaren historiari buruz. «Hego Amerikan, Txinan (Pekingo Unibertsitatean)... eman ditut hitzaldiak. Trikitixaren historia ahoz aho transmititu da. Frankismo garaian akordeoi handia jarri zen modan eta Enrique Zelaia, Kike Ugarte, Kaxiano, Manuel Yaben... superventas ziren. Trikitixa, aldiz, erromeria txikietan bakarrik jotzen zen. Bat-batean, Trantsizioarekin txalaparta eta trikitixa bihurtu ziren euskal ‘baskidadearen’ sinbolo eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak oso lan ona egin zuen. Tapia eta Junkera bezalako bi jenioekin gora egin zuen. Badirudi trikitixaren oihartzuna betikoa izan dela, baina ez da egia. Hau dena era erraz eta politean kontatu dugu dokumentalean».
20 testigantzatik gora
Dokumental laburrak 20 elkarrizketa baino gehiago jaso ditu, euskaraz eta gaztelaniaz. Bernardo Atxaga, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Toti Martinez de Lezea, Fermin Muguruza, Garikoitz Mendizabal, Jon Plazaola, Joseba Apaolaza... eta, nola ez, Zumarragako Trikitixako kideen testigantzak entzun daitezke. «Irudi oso politak dira. Iritzi amankomuna sortzea da helburua, hau dena jakinaraztea», adierazi du Hermosak.
«Herri baten historiaren bidez, dokumentalak zerbait unibertsala kontatzen du: nola atzerriko zerbaitek (akordeoiak), euskal panderojoleen tradizioarekin fusionatuta, zerbait berria eta erabat euskalduna sortu zuen: trikitixa. Bertakoaren eta atzerrikoaren arteko fusio ederra eta euskal DNAren parte ezinbestekoa bihurtu dena. Esan izan da Euskal Herria oso itxia izan zela eta beste lekuekin ez zuela harremanik izan, eta nik uste dut ez dela egia. Iberiar penintsulatik Europara joateko bide naturala zein da? Hemendik kristo guztia pasa da. Ez da egia euskal herritarrok isolatuta egon garenik. ‘Kateto’ bihurtzeko errelato ofizialean kontatu diguten istorioa da. Irulegiko Eskua hor dago, erromatarren aurretik hemen gure hizkuntzan idazten zela erakusten duena. Gure sekretua da kanpotik etorri den guztia geure egiten jakitea. Eta horrek indartsu egin gaitu. Trikitixa adibide zoragarria eta beharrezkoa da garai hauetan, gero eta ohikoagoa baita kanpotik datorrenari eta datozenei batzuen ustez izan beharko geniekeen beldurra sustatzea. Oxala etorkizuneko trikitilariak pakistandar edo ekuadortarren seme-alabak izango balira», egin du hausnarketa.
«Non izan zitekeen naturalena kanpokoaren eta bertakoaren arteko fusioa? Tren-gune potenteenetakoa zen Zumarragan. 3.000 biztanleko herrian bat-batean 20 urtean 12.000 izatera pasa ziren», jarraitu du.
Horren ondorioa da erdaraz kantatu duten lehen trikitilariak Zumarragakoak izatea. «Fusio natural batetik etorri zen erabakia», esan du Hermosak.
Dokumentalaren ontze bidean sorpresarik izan duen galdetuta, «espero ez genituen gauza asko eskaini dizkigute elkarrizketatuek», baieztatu du.

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Glutenik gabeko garagardoak digestio mailako ondoeza eragin dezaketen konposatuak izan ditzake

