NAIZ

Sanferminetako eraso sexistei buruzko informazio gunea Gaztelu plazan irekiko da 5etik 14ra

Iruñeko Udalak eraso matxisten aurkako kanpainari buruzko informazio puntua jarriko du Gaztelu plazan. Uztailaren 5etik uztailaren 14ra arte egongo da martxan, 11.30etik 15.00etara eta 18.00etatik gauerdira arte.

Hedabideen talde argazkia, sanferminetako sexu erasoen aurka baturik.
Hedabideen talde argazkia, sanferminetako sexu erasoen aurka baturik. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Iruñeko Udalak ‘Iruña eraso sexistarik gabe’ kanpainari buruzko informazio puntua jarriko du Gaztelu plazan, uztailaren 5etik 14ra. Eraso sexisten aurrean informatzeko, prebenitzeko eta jarduteko gune bat da.

Ez da biktimei laguntzeko zerbitzu bat, baina eskura dauden udal -baliabideei buruzko informazioa emango du, eta ahalmena du laguntza zerbitzuak eta erasorik izanez gero dagozkion protokoloak aktibatzeko.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Zaloa Basabe Berdintasuneko, Gizarte Ekintzako, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarazko zinegotzi ordezkariak eta Txema Mauleon Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak informazio gunearen irekiera sinbolikoan parte hartu dute ostiral honetan.

Informazio gunea uztailaren 5etik uztailaren 14ra arte egongo da martxan, 11.30etik 15.00etara eta 18.00etatik gauerdira arte. Informazio guneko langileek gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez erantzungo dituzte kontsultak.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Joseba Asironek nabarmendu du Iruñeak eta bertako herritarrek «bere garaian ausardia izan zutela emakumeen aurkako indarkeriaren eta eraso sexisten aurka abangoardian jartzeko, eta mugimendu feministaren eskutik, hainbat protokolo diseinatzen jakin izan zutela, bai prebentziorako, bai biktimei laguntzeko, gaur egun erreferente baitira estatuan eta Europan. Eta azpimarratu du gaur egun hiriak «inoiz baino gehiago» jarraitzen duela «eraso sexisten aurka mobilizatuta eta konprometituta».

Sanferminetarako hiriburura hurbiltzen diren pertsonei begira, «munduko jairik onenetara» datozela eta «hasiera hasieratik protagonista» izan daitezkeela esan du. Era berean, «guztiok libre, errespetatuta eta seguru sentitzen garen jaiak» izan behar dutela azpimarratu du.

Bestalde, Zaloa Basabe zinegotziak emakume guztiak gonbidatu ditu «ondo pasatzera, espazioak betetzera eta jaietan parte hartzera». Hala, Udalak «mota guztietako indarkeria matxistak desagerrarazteko» duen konpromisoa azpimarratu du. «Gure erantzun protokoloa eguneratu dugu, eta hiriko mugimendu feministarekin batera egindako lan guztia eta udaleko beste arlo batzuekiko koordinazioa indartu dugu, bereziki Gizarte Ekintzarena eta Herritarren Segurtasunarena», azaldu du.

Ildo horretan, aurten informazio gunearen ordutegia zabaldu da, baita zerbitzu hori «modu profesionalean eta indarkeriei aurre egitekp espezializatuta dagoen plantilla ere. Nafarroako Gobernuarekiko koordinazioa ere indartu da, «indarkeria jasaten duten emakumeek doan eta modu espezializatuan erabil ditzaketen bitarteko eta baliabide guztiak zabaltzeko».

Gazteluko plazako informazio gune hau zerbitzu espezializatu baten laguntza behar duten emakumeei laguntzeko eta bertara joateko baliabideei, helbideei, ordutegiei eta laguntzari buruzko informazioa emateko tokia da. Beharrezkoa bada eta emakumeak hala eskatzen badu, arreta eta laguntza protokoloa aktibatuko da.

Informazio guneak «konfiantza giroa sortzeko eta konfidentzialtasuna eta anonimotasunerako eskubidea bermatzeko» tokia da, nabarmendu du Mauleonek.

Eraso sexista bat ikusi dutenei, informazioa eskatzen dutenei edo jasota utzi nahi dutenei ere orientabideak emango zaizkie dauden aukerei buruz. Galdetegi anonimo baten bidez, salatu ez diren erasoei edo jokabide sexistei buruzko gorabeherak jasoko dira, ondoren aztertzeko helburuarekin.

Era berean, Gazteluko plazako informazio gunean kanpaiaren materiala banatuko da, hala nola gidak, pinak, eranskailuak edo kartelak.

Biktimak laguntzeko dispositiboa

Iruñeko Udalak baliabideak indartu ditu sanferminetan erasoen biktima izan daitezkeen emakumeei laguntza soziala emateko. Gizarte Ekintza arloko profesionalek bikoiztu egingo dituzte arreta presentzialeko orduak, egunean 2 ordutik 4ra pasatuz, eta asteburuetan ere, hirira jende asko joaten denez, txandak bikoiztuko dira, biktima posible guztiei arreta egokia eman ahal izateko.

Era berean, lan profesionala eta biktimei arreta ematea errazteko, lehen aldiz gune zentriko bat egokituko da erreferentziazko eta egonaldiko leku gisa, bi ibilgailu jarriko dira profesionalen esku, eta, iaz bezala, bi etxebizitza beharrean, 2025 honetan hiru etxebizitza izango dira eskuragarri, beharrezkoak badira hirian familia bat duten edo ez duten balizko biktimak hartzeko.

Azkenik, lan hori egingo duten profesionalen ordainsaria handitu egin da, «horren garrantzia» eta «lan hori egiten den jaiegunak hain garrantzitsuak direlako». Biktimei laguntza soziala emateko dispositiboa osatzen duten profesionalei prestakuntza espezifikoa eman zaie, jaietan eraso sexista bat jasaten duten emakumeei «laguntza eta arreta egokia emateko». 

Hedabideak, sanferminetako sexu erasoen aurka baturik

Urtero bezala, Nafarroako hedabideek argazkia atera zuten atzo, jaietako sexu erasoak salatzeko: sanferminez jantzita eta esku gorriaren ikurrarekin. GARA eta NAIZek talde argazkian parte hartu zuten, sanferminetako eraso sexisten aurka agertzeko helburuarekin.