«Gizartea eraldatzeko eta arautik kanpoko proposamenak ikusarazteko tresna da guretzat musika»
Badator Harrikada Festibala. «Autogestioan oinarritutako jaialdi bat da, musika elektronikoaren eszenan espazio seguru, transfeminista eta disidenteak aldarrikatzeko jaio dena undergroundetik bertatik», nabarmendu dute antolatzaileek. Uztailaren 18, 19 eta 20an izango da, Izarrako Ostuño parkean.

Galder Beramendi Alvarado, Laura Elordui Martinez, Uxue Alonso Alvarado eta Gillen Mendikute Uribarren-Iturrieta dira Harrikada Festibalaren antolakuntza taldeko kideak. Jaialdia modu horizontalean prestatzen dute. «Logika komertzialetatik at, gurekin bat egiten duten beste proiektu batzuekin sareak josten saiatzen gara. Argi dugu gure helburua: justuagoa, pluralagoa eta borrokalariagoa izango den kultura ekosistema bat elkarrekin eraikitzen jarraitzea», diote.
Autogestioa du oinarri festibalak. «Musika elektronikoaren eszenan espazio seguru, transfeminista eta disidenteak aldarrikatzeko jaio da undergroundetik bertatik. Gizartea eraldatzeko eta arautik kanpo dauden proposamenak ikusarazteko tresna gisa ulertzen dugu musika».
«Technoaren eta bere periferien ikuspegi politiko eta eraldatzailea partekatzen duten bertako zein nazioarteko artisten alde egiten dugu. Kultura librean, zaintza kolektiboan eta komunitatearen eraikuntzan sinesten dugu», gaineratu dute.
Baloreak
Hainbat dira balioan jarri nahi dituzten baloreak. «Harrikada Festibala ikuspegi erabat queer eta transfeminista batetik jaio zen; disidentziek, gorputz ez-normatiboek eta historikoki isilarazitako ahotsek erdigunean lekua izateko helburuarekin. Jaialdiaren programazioa eta egitura osoa ikuspegi politiko horrek zeharkatzen ditu, askotariko komunitateentzako ospakizun, zaintza eta aldarrikapen eremu bat eraikiz», azaldu dute. Harrikada Festibala «herritik eta herriarentzat» sortu da. «Izarran ospatzea ez da kasualitatea: kultura deszentralizatzeko eta sare lokalak indartzeko hautu kontzientea da», diote. Jaialdiak lehentasuna ematen die Euskal Herriko artistei, bertako produktuei eta ingurunea errespetatzen eta balioesten duen produkzioari. «Soinuaren alorretik antolakuntzaraino, oinak lurrean eta begirada Euskal Herriko artearen eta bizitzaren etorkizunean jarrita antolatzen da Harrikada», esan dute.
Talentu berriak
Aniztasun artistikoa eta talentu berrien aldeko apustua ere aipatu dituzte. «Programazioak nazioarteko izen handiak eta bertakoak diren artistak uztartzen ditu, belaunaldien arteko eta lurralde norbanakoen arteko elkarrizketak bultzatuz. Harrikada aurkikuntzarako, arriskuak hartzeko eta berrikuntza sustatzeko plataforma bat da. Bertan, talentu berriak bultzatzen ditugu, betiere kalitate artistiko handiko soinu-proposamen zainduak mantenduz», diote.
Indarkeriarik gabeko espazio segurua da Izarrakoa. «Musikaz harago, Harrikada ongizate kolektiboa lehenesten duen espazioa da. Berezko Zaintza Taldearen bitartez, jaialdiak indarkeria mota guztien aurkako protokolo argiak aplikatzen ditu, eta errespetuzko giro segurua sustatzen du, pertsona guztiek askatasunez gozatzeko aukera izan dezaten. Elkar zaintza jaialdiko esperientziaren oinarria da».
Iraunkortasuna eta inklusioa ere defendatzen dituzten baloreen artean daude. «Harrikadak bere aztarna ekologikoa murrizteko konpromisoa hartzen du, ekoizpen eta logistikako erabaki arduratsuen bidez. Ekitaldiaren irisgarritasuna ere bermatzen saiatzen da, ikuspegi ekonomiko, fisiko eta komunikatibotik, benetan inklusiboa den aisialdi eredu baten aldeko apustuarekin».
«Kontsumoaren eta errentagarritasunaren logikak menderatutako makrojaialdien aurrean, Harrikada Festibalak aisialdi eredu antikapitalista» aldarrikatzen du, ZZE (zuk zeuk egina) idealetan oinarrituta. «Kultura ez da produktu bat, gizartea eraldatzeko tresna bat baizik, eta horregatik, zaintzan, iraunkortasunean eta konpromiso politikoan oinarritutako esperientzia kolektibo bat eraiki nahi dugu», adierazi dute.
Harrikada Festibala uztailaren 18, 19 eta 20an egingo da Araban, Izarrako Ostuño parkean. «Harrikadak sustrai sendoak ditu tokiko sareetan, eta horregatik, programazioan nagusi dira Euskal Herrian bizi diren artistak. Besteak beste, Judy nabarmendu daiteke, bere zuzenekoarekin Amsterdam eta Berlinen aritu dena; Lamia Mari donostiarra, eskualdeko kabina askotan ohikoa; eta Kenya Arakama, Gasteizen jaiotakoa baina Bartzelonan bizi dena, Detroit eta Erresuma Batuko eraginen eta soinu abangoardisten arteko uztarketa pertsonal bat proposatzen duena», iragarri dute.
Berrasmatu
Edizio honetako gonbidatu berezien artean da Dasha Rush, Berlinen bizi den artista errusiarra, «techno esperimentalean erreferente bilakatua». «Bere setek soinu-sakonera, intentsitate emozional eta narratiba zaindua uztartzen dituzte. Berghain, Atonal edo Unsound bezalako espazioetan aritutakoa da, eta Harrikadan asteburuko unerik gogoangarrienetako bat eskaintzera dator», diote.
Jakojako ere izango da, Berlingo Berghain klub ospetsuko egoiliarra. «Baita Madrilen zuzeneko bereziena egiten duen Aerea duoa ere. Azkenik, Akua aipatu nahi dugu, New Yorken eta Berlinen bizi den dj eta ekoizle ghanatar-estatubatuarra. Techno bizkor, gordin eta emozionala jorratzen du, eta belaunaldi berri baten parte da: ikuspegi queer eta afrikarretik, soinuaren eta klubaren politikak berrasmatzen ari diren artistak dira».

Agradecimiento desde el hospital de Gaza a una Iruñea volcada contra el genocidio

«Aquí me voy a tatuar unos huevos con txistorra»

Los sanfermines han terminado: cientos de afectados en el último encierro, el de la villavesa

Aste Nagusiko egitaraua aurkeztu dute Donostiako Piratek, Pentsiodunen Mugimendua ardatz
