NAIZ

Antipsikotikoek aho osasuna kaltetu dezaketela egiaztatu du EHUko ikerketa talde batek

Gaixotasun mentalak dituzten pertsonek hartzen dituzten tratamenduek aho osasunean duten eragin kaltegarria aztertu du EHUko ikerketa talde batek, eta agerian utzi du antipsikotikoek aho osasuna kaltetu dezaketela.

Nerea Jauregizar, Leire Urien eta Teresa Morera ikertzaileak.
Nerea Jauregizar, Leire Urien eta Teresa Morera ikertzaileak. (Egoi MARKAIDA | EHU)

Antipsikotikoek ahoan eragin ditzaketen erreakzio kaltegarriak ikertu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologia Saileko ikerketa-talde batek. Europako EudraVigilance farmakozaintzako datu-basearen datuetan oinarritu dute ikerketa, eta agerian utzi dute arazorik ohikoenak listu-fluxuaren nahasmenduekin (gehiegizko listu-jarioa eta aho lehorra, adibidez), ahoko inflamazioarekin eta hortzak galtzearekin lotuta daudela.

Jakina zen gaixotasun mentalak dituzten pertsonek arrisku handiagoa dutela gaixotasun sistemikoak izateko, eta nahasmendu neuropsikiatrikoak lotuta daude aho-hortzetako osasun txarrarekin, besteak beste. Azken urteotan, ordea, handituz joan da osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsonen aho-hortzetako osasunarekiko arreta, oso garrantzitsua baita ahoko osasunaren eta egoera fisiko eta mental orokorraren arteko erlazioa, EHUk ohar baten bidez azpimarratu duenez. Gainera, farmako antipsikotikoen, batez ere eskizofrenia tratatzeko erabiltzen diren botiken, albo-ondorioak asko ikertu izan badira ere, ahoan duten eragina gutxi ikertu da.

Auzi horri heldu dio EHUko Farmakologia Saileko ikerketa talde batek. Ikertzaileak eskizofrenia duten pertsonen aho-osasuna aztertzen aritu dira. «Horretarako, Europako EudraVigilance farmakozaintzako datu-basea erabiliz, 5.633 jakinarazpen analizatu ditugu. Jakinarazpen horiek farmako antipsikotikoen eragin kaltegarrien susmoak ziren», azaldu du taldeko kide den Nerea Jauregizar ikertzaileak.

Ikerketak erakutsi du antipsikotikoek lotura sendoa daukatela aho osasunean arazoak izatearekin: «Listu-fluxuaren alterazioarekin lotutakoak jakinarazi dituzte gehien, hala nola, gehiegizko listu-jarioa eta aho lehorra, hartutako farmakoaren arabera», azaldu du Teresa Morera EHUko irakasleak. «Baina, horiez gain, txantxarra, hortz-galera, listu-guruinen eta mihiaren inflamazioa eta abar ere erlazionatuta daude antipsikotiko jakin batzuekin», gaineratu du Morerak.

Osasun mentaleko arazoak dituzten pazienteen aho-osasuna zaintzeko gomendio orokor batzuk proposatu dituzte ikertzaileek: «Oso garrantzitsua da pazienteen aho-osasuna sistematikoki aztertzea eta hobetzen laguntzea». Eskizofrenia duten pertsonek pairatzen duten estigmari aurre egiteko tresnatzat ere jo dute ikertzaileek: «Haien ahoa zaintzen laguntzen bazaie, horrek lagundu egingo die bizi-kalitate hobeagoa izaten».

Horretarako, «ezinbestekoa» iruditzen zaie prebentzio neurriak garatzea: «Batetik, aho-higiene egokia eta ohitura egokiak bermatzea eta, bestetik, oso garrantzitsua da haiek artatzen dituzten osasun-profesionalen arteko lankidetza bermatzea; kasu honetan, psikiatrek harremanetan egon behar dute odontologoekin».