Angel Lasa

«10 kiloko gaztak egiten hasi gara eta 30ekoak ere gustura egingo nituzke»

Eli Elgarresta gaztagile familiakoa da, Asier Osinalde ere neurri batean. Halako batean, Asierrek kaleko lanbidea utzi eta senar emazteen bizimodua gaztagintza izango zela erabaki zuten. Apustua ederki irten zaie; egun 8.000 kilo inguru gazta saltzen dute. Erosle asko etxera bertara etortzen zaie.

«Gu biontzako nahikoa lan bada. Seme alabek orain arte lagundu digute, baina orain, euren lana edo ikasketak direla eta, ba ezin» diosku Asierrek Gabiriako Baztarrika baserrian. Gainera, azpimarratzen du Elik, lana ez da bakarrik gazta ekoiztea, gero saldu ere egin behar da. Azken urteotan ondo saltzen ari dira, txapelketetan sariak jasotzen ere bai, eta horrek guztiak lanerako hauspoa ematen die.

Hauspoa bai, baina neurrian. Gazta egitea ez da torlojuak egitea: gaur mimo guztiz egin duzun gazta hori ona irtengo den edo ezin duzu jakin bihar, ezta bi aste barru ere, bi hilabete barru baizik. Horrek estres punttu bat sortzen dio gaztagileari, eta ekoizpena zenbat eta handiagoa izan, buruhaustea ere bai. Hortaz, etxe inguruko zelaietan larrean dabilen artalde ederra zaindu eta latxa hauek emandako esnearekin gaztak egiten gustura ari da bikotea, eta jasotako emaitzarekin ez gutxiago.

Hainbat lehiaketa irabazitakoak dira, esate baterako Gipuzkoako Txapelketa, baina ilusio berezia egiten dien bat aipatzekotan, Idiazabal herriko Gazta Txapelketa Herrikoia aipatu du Asierrek. Izan ere, hor erosleen iritzia da balio duena, eta urtea joan urtea etorri, oso emaitza onak lortu izan dituzte. Aurtengoa, esate baterako, irabazi egin dute.

Euskal Herritik kanpora ere irteten dira urtean behin, hain zuzen ere La Seu d´Urgell-eko azokara. Aspaldiko bezeroak dauzka han Baztarrikak, Eliren gurasoek, Inixiok eta Ameliak, duela hogei bat urte irekitako bideari jarraituz.

Idiazabal gazta klasikoa egiten dute Baztarrikan, bai osaketaz eta bai formaz, baina esperimentu zalea ere bada Asier eta gazta handiak egiten hastea otu zaio, emazteak haize handirik eman ez dion arren… Parmesano, Emmental, horiek gustatzen zaizkio eta dagoeneko ari da hamar kiloko piezak egiten. Hogeita hamar kiloko moldea eskuratuko balu, hogeita hamar kiloko gazta egingo omen luke.


«Gazta ttikiak, kilo batekoak, berehala galtzen du hezetasuna ontzeko kamaran. Handiak, berriz, askoz denbora gehiago behar du eta ontze prozesu horretan zapore desberdinak hartzen ditu»

Gazta handi hauek sei hilabete eta urtebete arte behar dute ontzeko, pisuaren arabera. Bezeroek gustukoak dituztela jabetu dira, bai La Seun eta bai Gabirian bertan egiten den azokan berehala saldu baitzituzten -zatika, jakina- eramando piezak, bost guztira. «Gazta ttikiak, kilo batekoak, berehala galtzen du hezetasuna ontzeko kamaran. Handiak, berriz, askoz denbora gehiago behar du eta ontze prozesu horretan zapore desberdinak hartzen ditu. Froga eginda nago, txikia, ertaina eta handia egin, hirurak lote berberekoak, eta zaporean ezberdintasuna nabarmena da, handia nekezago lehortzen da eta», Asierren hitzetan.

Gatzaiari dagokionez, bi motatakoak erabiltzen dituzte, naturala eta likidoa, bigarren hau merkatuaren eskariari erantzunez. Izan ere, konturatu ziren zenbat bezerok intentsitate gutxiagoko gazta nahiago dutela, Asierrek farrez «ogitartekoa egiteko gazta» deitzen dion hori, eta horretarako gatzagi likidoa egokiagoa da. «Xuabegoa da, bai, baina gazta ona, eh!» dio Asierrek.

Bezeroak aipatu ditugu lehen, eta horietako bat azpimarratu behar. Bikote bat azaldu zitzaien etxera, biak erdaldunak, eta nor ziren esan gabe gazta erosi eta galdera mordoa egin zizkien emakumeak: ez turistek egin ohi dituzten galderak, zerbait badakienarenak baizik.

Handik gutxira, Instagramen bidez jakin zuten Adriana Urbina influencer venezuelarra izan zela erosle misteriotsua. 102.000 jarraitzaile ditu oraintxe Adrianak eta hau dio bere kontuan: «Easter exploring the Basque Country. We learnt everything about Idiazabal cheeses - thanks to the @baztarrikagaztak family ».