Agurtzaneren etxean, Makatza baserrian, betidanik eduki dituzte ardiak, baina alabak ez zeukan baserriko lanerako joerarik eta kalean egiten zuen bizitzan. Baita Aitorrek ere. Baina bizitzak itzuli asko ematen ditu, eta horietako batean, duela bederatzi urte, Agurtzaneren aita Pedroren osasun arazoak zirela eta, Aitorrek fabrika utzi eta bere emaztearen etxeko artaldearen ardura hartzea erabaki zuen.
Duela hiru urte, Agurtzanek bide bera hartu zuen. Hamabost urtez delineatzaile izan eta gero, lana utzi eta artzain bihurtu zen, gizonarekin bikotea profesionala ere osatuz. Izan ere, bi ume txiki bazeuzkaten ordurako eta oso zaila gertatzen zitzaien fabrikako ordutegia, baserriko lana, umeen zaintza… horiek denak kontziliatzea.
Esan bezala, Makatzan artaldea bazen -latxa mutur beltzak dira- eta ardi horiekin ekin zion lanari bikoteak. Jakin jakin, ama Inesek zekien gazta egiten, eta hark erakutsi die alabari eta suhiari.
Ikastaroak ere egin dituzte hauek, ofizioaren alderdi guztiak ondo menderatzeko. Egin ere, amak egiten ditu oraindik Makatzako gazta gehienak, eta formula ezer gutxi aldatu du, baina Agurtzanek eta Aitorrek garbi daukate artzaintza eta gaztagintza lanbideak direla, soldata atera beharra dagoela, eta artisau gazta den arren, tresneria modernoak dakarren laguntza guztia ongi etorria dela.
Garbi dute artzaintza eta gaztagintza lanbideak direla, soldata atera beharra dagoela, eta artisau gazta den arren, tresneria modernoak dakarren laguntza guztia ongi etorria dela
Arkumeak azaroko lehenengo hamabostaldian jaiotzen dira. Ardien esnea arkume horiek hazteko erabiltzen dute, abenduaren erdialdera arte. Orduan hasten dira jaizten eta gazta egiten. Ekainera bukaera arte edo segitzen dute gazta egiten, eta hilabetearen bukaeran antzutzen dituzte ardiak, eta mendira bidaltzen, baina ez urtero.
Larrerako erabiltzen dituzten sail gehienak etxe ingurukoak dira, baina Legazpiko herri-sailetara eramateko eskubidea ere badute, Arripilleta mendira. «Gertatzen zaiguna da guk berandu antzean igotzen ditugula ardiak mendira. Ordurako dezente larretuta egoten dira zelai horiek eta han belarrik ez badago eta etxe inguruan bai, ba ez ditugu igotzen ardiak mendira» diosku Agurtzanek.
Naturala eta ketua
Gazta naturala eta ketua egiten dituzte; azken hau ekoizpen osoaren hirutik bat izatera iritsi da Makatzan. Gatzagi naturala erabiltzen dute, etxeko arkumeena. Saldu, berriz, Legazpiko eta Zumarragako azoketan, Legazpiko eta Oñatiko denda batzuetan, eta etxean bertan. Antzemanda daude beren bezeroek gazta fuertea nahiago dutela, eta horregatik erosten dutela gehiago kanpainaren bukaera aldera, gazta asko ondu den garaira.
Txapelak irabazitakoak dira Makatzako gaztak. Horietako bat, Gipuzkoako Txapelketa, justu Aitor artzain hasi zen urtean eskuratu zuten, 2017an, Legazpin bertan. Baina orokorrean, txapelketa egunak egunpasa egiteko edo baliatzen ditu bikote honek, beste gaztagile batzuekin egoteko eta elkarren berri izateko. Baita gazta eta ogia erosteko ere, horretan ez omen du huts egiten Agurtzanek: «Bai, beti. Eta askotan gainera ahuntzena erosten dut, zapore ezberdinak dastatzeko».

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Glutenik gabeko garagardoak digestio mailako ondoeza eragin dezaketen konposatuak izan ditzake
