Ekipo baten lanaren emaitza dira Lekuona gaztak. Arabako txoko honetan, Araian, Unai Lekuona gaztak egiten hasi zenetik gurasoen eta Marta emaztearen laguntza izan du, eta azken garaiotan Makel eta Jule seme-alabena ere bai. Ondo egindako lanaren seinale, Ordiziako txapelketan bigarren postua lortutakoa da Lekuona, eta hori ez dago edozeinen eskura.
Gaurko gazta-egite lanak goiz antzean bukatu dira Lekuonan, urte garai honetan ardiak esne gutxiago ematen dute eta. Etxe aurreko haritz handiaren itzalpean kontatu digu Unaik bere historia, nolatan hasi zen artzain; izan ere, berak, Fabrikazio Mekanikoa ikasi ondoren, Gasteizko Michelinen egiten zuen lan eta aita ere ez zen artzaina. Bazuen etxean aurrekari bat, birraitona ardiak edukitakoa zen eta, baina berak izeba baten bidez egin zuen harremana landa munduarekin.
«Artzain izaten eta gaztak egiten beste artzain batzuen bidez ikasi nuen. Eta ikastaroak eginda, bai Arantzazun eta bai Arkautin, Idiazabalen ere bai. Ondoren, beti saiatu naiz ikasitakoa eguneratzen. Eta batez ere, praktikarekin ikasten duzu» diosku.
Lehenengo artaldea Gabiriako Muttei baserritik ekarritako ardiekin osatu zuen, duela 26 urte. Haien arkumeekin eta erositako beste batzuekin joan zen artaldea osatzen, gaur arte. Hasieran, alokatutako borda batean edukitzen zuen artaldea, eta duela 15 urte oraingo eraikin berri hau altxatu zuen.
Artzain izan den urteotan ez du aldaketa nabarmenik ikusi gaztak egiteko moduan, bai ordea artaldea kudeatzeko orduan. Askoz gehiago zaintzen dira orain animaliak. Tresnerian ere hobekuntza izan da, hozkailuetan esate baterako, edo jaizteko makinetan, baina lehen bezala orain, gakoa ahalik eta esne garbiena lortzea da. Udan Legairera igotzen du artaldea Unaik, Entzia mendizerrara, eta hantxe egoten dira ardian azarora arte. Txabola ere badute. Azaroan arkumeak jaiotzen hasten direnez, berriro ere beherako bidea hartzen dute artaldeak eta artzainak.
«Gero eta gehiago eskatzen didate gazte ketua. Oraindik ere zuria gehiago egiten dut, baina berdintzen ari dira»
Urteko sei mila gaztaren bueltan ibiltzen da Lekuonaren ekoizpena. Saldu, Araban bertan, Gasteizen batez ere, eta Gipuzkoan saltzen du, Donostian gehienbat. Jakina, etxera ere etortzen zaizkio bezeroak: «Gero eta gehiago eskatzen didate gazte ketua. Oraindik ere zuria gehiago egiten dut, baina berdintzen ari dira» dio. Etxean, ketua gehiago jaten dute zuria baino.
Kontsumitzeko aholkua
Kontsumitzeko orduan, aholkua argia da, are gehiago bero egiten duen urte sasoi honetan: hozkailuan eduki behar dugu, eta jan baino pixkat lehenago atera mahaira, tenperatura egokia har dezan. Kanpoan utziz gero, ia urtu egiten da udan.
Hainbat txapelketa irabazita dago Lekuona, bai Araban bertan eta bai Bizkaian. Ordiziako Txapelketa Nagusian ere oso postu onak lortutakoa da, bi aldiz igo baita podiumera, hirugarren eta bigarren sailkatuta. Horrek ere lagundu dio sona hartzen eta bezeroak fidelizatzen.

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Glutenik gabeko garagardoak digestio mailako ondoeza eragin dezaketen konposatuak izan ditzake
