BABESLEDUN EDUKIA

Galdakao, Lezo eta Egia auzoa, udazkenera arte luzatzen diren jaiak

Santakurtzak, Santakrutzak eta Porrontxoak, izen propioak dituzten jaiak ospatuko dituzte Galdakao, Lezo eta Donostiako Egia auzoan. Hain justu udako azken egunera arte, irailaren 21era arte, luzatuko dira guztiak, udazkenerako saltoa indarrarekin egiteko.

Galdakaoko jaietako txupinazo jendetsua.
Galdakaoko jaietako txupinazo jendetsua. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Udazken usaina duten egun hauetan gero eta gutxiago dira Euskal Herrietako jaiak. Baina egon, badira.

Galdakaon hasiko dugu ibilbidea. Ostiral honetan, 20.30ean, Ibon López de Letonak pregoia irakurriko du, Garbiñe Sagarduyk txupinazoari su emango dio, eta horrekin batera irailak 21era arte luzatuko diren Santakurtz jaiei hasiera emango zaie. Guztira, 147 jarduera antolatu dituzte Udala eta herriko elkarteen artean, ohiko kontzertu eta antzerki emanaldietatik hasita, haur zein helduentzako propio pentsatutako proposamenetaraino, Udalak jaiei eman nahi dien izaera anitz eta inklusiboa islatuz.

Udalak azaldutakoaren arabera, egitarauaren prestaketan, diseinuan eta garapenean Galdakaoko ehun sozial eta kulturalaren inplikazio aktiboa nabarmentzekoa izan da; «haiek gabe ezinezkoa izango litzateke hain jai biziak, irekiak eta dinamikoak diseinatzea». 

Kontzertuei dagokienez, 32 musika emanaldi izango dira 10 eguneko jaietan. Nagusiak Ardanza parkean izango dira bi ostiral eta larunbat gauetan: Su Ta Gar, Süne, Puro Relajo eta Tanxugeiras. Horien aurretik, herriko taldeak ere arituko dira eskenatoki berean: Rewinder Rock Band, Joana Exposito, Iñigo Llames eta Koiu.

Orkestrak ere izango dira, mariatxiak, txistulari banda eta Da Capo musika banda. Kale animazio berezia izango da aurten: bere osotasunean emakumeek osatutako bi fanfarria arituko dira Galdakaoko kaleetan; Asturiasetik etorriko da bat, eta Madrildik bestea, kaleak alaitu eta emakumeen presentzia kaleetan bisibilizatzeko.

Hainbat generoko 14 antzerkien artean, pailazoak eta magoak izango ditugu, Deabru Beltzaken kalejira piroteknikoa, eta bereziki aipagarria, ‘De tu a tu’ zirku inklusiboa.

Herriko elkarteek beste 48 ekintza prestatu dituzte: kirol jarduerak, gastronomikoak, eta sormenarekin, jolasarekin eta dantzarekin lotutakoak. Horiei esker bereziki parte hartzaileak izaten dira Galdakaoko Santakurtzak, eta horregatik eskerrak adierazi dizkie Iturbek elkarteei, kuadrilei eta parte hartzen duten herritar guztiei.

Ume eta gazteei zuzendutako 39 ekintza jasotzen ditu programak: tailerrak, buruhandiak, ikuskizunak, kirola, frogak, gaztetxef…

Eta herriko adinekoei begirako jardunak ere egongo dira; arrakastatsuenen artean daude nagusien olinpiadak, herri bazkaria eta mariatxiak. Jaietaz galdakoztar guztiek gozatzeko aukera izan dezaten, hainbat ekintzetara joateko akonpainamendu zerbitzua izango dute aurten ere etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen dutenek: Alkarbatera zerbitzua.

Beste bi ekimen nabarmen ere badaude: Sold Band talde palestinarraren emanaldia, ikuskizun bereziaz gozatzeko aukera eskaintzeaz gain elkartasuna adieraztekoa ere ematen duelako, eta herriko memoria historikoa ezagutarazteko helburua duten bisita gidatuak.

Kuadrilak elkartzeko hiru txapelketa antolatu dituzte: Kuadrilen arteko XXIII. Txapelketa, denetariko 38 froga dituena; III. Txapelketa Ttipia, lasaiagoa eta 8 frogekin bakarrik; eta Gazte kuadrilen txapelketa, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako.

Jaietatik modu seguruan bueltatzeko aukera, berriz, autobus bereziek emango dute. Ordutegi berezia izango du Galdabusak ostiral eta larunbat gauetan. 00:00etatik 07:00etara orduro izango da Galdabusa. Bestetik, Arratiara itzultzeko autobusa larunbatetan izango da, 02:30ean eta 05:00etan. Horrez gain, indarkeria matxistari aurre egiteko, Puntu morea txosnagunean jarriko da.

Informazio honen laguntzaileak: Galdakaoko Udala, Optikalia Galdakao, Sorgiña Bar, Belagorri belardenda.

 

Lezon Santakrutz jaiak larunbatean, irailak 13an, hasiko badira ere, jada badaramatzate egun batzuk herrian festa giroa somatzen dela, Altamirako jaiak izan dira eta. Hala ere, Santakrutz bezpera dute beti jaien hasiera, eta hemen ere irailaren 21era arte luzatuko dira.

Irailaren 13an, 19.00etan alkate txikiek izango dute festei hasiera emateko ardura, eta jarraian Murixkako dantzariek agurra eskainiko diote jaiei izena ematen dien Gurutze Santuari.

Horren aurretik, berriz, munduan gertatzen ari denari so egingo diote, eta Palestinako herriarekin elkartasuna adieraziz, manifestazioa egingo dute 18.00etan hasita.

Datozen egunetan, dozenaka jarduera izango dira herrian gaztetxo zein helduenentzat, «jai anitz, inklusibo eta aberasgarriak bizi ditzakegu eta hori Santakrutzak antolatzen ibiltzen diren herriko eragile eta norbanako guztiei esker izaten da. Urte osoan eta bereziki azken hilabetetan Jai Batzordean parte hartzen duten lezoarrei eskerrak eman nahi dizkiegu».

70 ekitaldi baino gehiago biltzen ditu aurtengo egitarauak. Ohiko danborrada (irailak 13), herri bazkaria (irailak 14), kalejirak, haur eta gaztetxoenentzat jolasak, herri kirolak, musika, antzerkiak eta askoz gehiago izango dira jaien bitartean.

Udalak iragarri du ferianteekin akordio batera iritsi dela, eta autismoa edo entzumen-hipersentsikortasuna duten pertsonek ere barraketaz gozatu ahal izateko, egunero, 17.00etatik 18.00etara ez dute musikarik jarriko. Gainera, musika dagoenean, %80a euskaraz izateko konpromisoa hartu dute.

Era berean, gorroto diskurtso eta indarkeriari aurre egiteko asmoz, espazio seguruak eraiki eta mantentzea erabaki dute. Horretarako, aurten ere, mugimendu feministarekin elkarlakean, arreta eta salaketa telefono bat martxan jarriko dute irailaren 13, 14 eta 20an erabilgarri izango dena gauerditik 6.00ak arte.

Informazio honen laguntzailea: Lezoko Udala

 

Eta ibilbidea Donostian amaitzen dugu, Egia auzoan, bertan Porrontxo jaiak ospatzen baitira. Irailak 15ean hasi eta 21ean amaituko dira, eta tarte horretan denok ondo pasatzeko aukera eskaintzen duten hamarnaka jarduera antolatu dituzte modu herrikoian, eta hain justu horregatik dira hiriko jairik kuttunenetakoak.

Bi txupinazo izango dira, irailaren 18an, lehenik haurrena, Porrontxo eta Porrontxa erraldoi alai eta buruhandien laguntzarekin, eta gero orokorra, non Gordegia artxibategi grafikoko ordezkariak izango diren pregoilariak.

Haurrentzako hainbat jarduera prestatu dituzte, tartean, apar festa, jolasak, tailerrak, patinete eta bizikleta festa, entzierrikoak, ikuskizunak, puzgarriak, pailazoa eta piñata jaia.

Auzoko bizilagun guztiek batera gozatzeko moduko ekintzak ere sartu dituzte egitarauan, adibidez, holi festa, txirrista erraldoia, karaokea, dantzaldia, zezensuzkoa, danborrada, bingoa edo zumba. DJak eta zuzeneko festa ere ez dira faltako.

Jarduera gastronomikoei dagokionez, talo tailerra, txokolate jana, eta ardo eta sagardo dastaketak ere izango dira.

Informazio honen laguntzaileak: Apal estudio, Camacho instalaciones, Drunkat musika, Ipar komunikazioa, Mu harakinak Egia, Zumy elektrogailuak.