
Añanako Gatz Harana hobekien kontserbatutako gatzaga kontinentaletako bat da Europan. Duela 7.000 urte baino gehiagotik ekoizten da gatza bertan. Oraingoan, EHUko tesi batek nabarmendu du Añanako Gatz Haranak duen garrantzia, estremofiloen mikroorganismo dibertsitatearen gordailu gisa, eta taxon berrien eta konposatu bioaktibo interesgarrien etorkizun handiko iturri gisa.
Ohar batean azaldu duenez, ekosistema hipergazietako mikrobioorganismoen biodibertsitatea aztertzea interes handiko eremua da mundu osoan. Interes horren oinarria da ingurune horietan bizi diren mikroorganismo askok ezaugarri bereziak dituztela, eta horiei esker, gatz kontzentrazio handiak dauden tokietan bizi daitezkeela.
Hortaz, haien metabolismoa eta sintetizatzen dituzten molekula batzuk oso interesgarriak dira industria prozesuetarako eta aplikazio bioteknologikoetarako (bioplastikoak ekoiztea, pigmentuak, antibiotikoak, kutsatzaileak ezabatzea, eta abar). Hain zuzen ere, hori da Maia Azpiazu Muniozgurenek defendatutako doktore tesiaren ardatza, ‘Microbiological study of the Añana Salt Valley. Diversity analysis, isolation and screening of bioactive compounds producers’ (‘Añanako Gatz Haranaren azterketa mikrobiologikoa. Dibertsitatearen analisia, isolamendua eta konposatu bioaktiboen baheketa’) izenburua duena.
Azpiazuk azpimarratu du Arabako Gatz Harananen garrantzia: «Ekosistema hipergazietan, uretan edo lurrean dagoen gatz kontzentrazioa itsasoko urarena baino hamar aldiz handiagoa da».
«Gatzagak garrantzi ekologiko handiko ingurunea dira. Hori horrela, 2017an, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) Añanako Gatz Harana (Araba) Munduko Nekazaritza Ondarearen Europako lehen Sistema (SIPAM) izendatu zuen, aparteko biodibertsitatea duen gatz habitata delako, gatz inguruneekin lotutako hezeguneetan ohikoa dena», gaineratu du.
Mikrobioorganismoen dibertsitatea
Añanako Gatz Harana gatzaga kontinentalak balioan jartzearen adibide adierazgarrienetako bat da. Gatzaga horretan dagoen gatza diapiro gazi handi bati zor zaio, duela 200 milioi urte itsaso zahar bat lehortzearen ondorio dena. Euri ura iragazi eta halita edo gatz gemaren geruza sakonenak disolbatzen ditu, eta ibarrean iturburu hipergazi gisa azaleratzen da, mikroorganismo halofilo eta halotoleratzaile ugariri habitata emanez.
Mikrobioorganismoen dibertsitatea teknika genomiko berritzaileek ingurune horien ikuspegi berri bat zabaldu dute, eta erakutsi dute mikrobioorganismoen dibertsitatea «hasieran uste zena baino askoz handiagoa» zela.
Maia Azpiazuk Añanako Gatz Haranean egindako ikerketaren arabera, gatz uretako mikroorganismoen populazioa arkeo halofiloek osatzen dute nagusiki, eta ur gazikarakoa, berriz, bakterio halotoleratzaileek. Gainera, onddo halofiloen eta halotoleratzaileen generoen banaketa zabala da ur gazietan.
Doktore berriak egindako lanari esker, espezie berri bat isolatu da, ‘Alteripontixanthobacter muriae’, SALINAS58 T anduia, eta genero berri bat, ‘Anianibacter salinarum’, ASV31 T anduia. Horrek erakusten du Añanako Gatz Haranak potentzial handia duela aurretik identifikatu gabeko taxonen iturri gisa.
Gainera, gatzagako bakterio andui halofiloen eta halotoleratzaileen bilduman konposatu antimikrobiarrak eta tentsioaktiboak sortzen direla ikusi dute ikerketari esker. Zehazki, biosaiakuntzetan, antimikrobiarren 20 ekoizle isolatu, biosurfaktatzaile eraginkorren 26 ekoizle isolatu eta bioemultsionatzaileen 19 ekoizle isolatu identifikatu ziren.

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte

Europan fabrikatu eta erabilitako motrailurik zaharrena aurkitu dute Trebiñun

‘Xiberutikan Mendebaldera’ ZETAKen abestiak jarriko dio doinua 24. Korrikari
