NAIZ

Gorka Urbizuk Abbey Road estudioetan grabatutako ‘Bakan II’ EPa argitaratu du

Gorka Urbizuk Londresko Abbey Road estudioetan grabatutako ‘Bakan II’ izenburuko EPa argitaratu du, ‘Diamantea’ eta ‘Zilarra’ abestiekin. Ostegun honetan lekunberriarrarekin elkarrizketa argitaratuko dute NAIZek eta GARAk.

Gorka Urbizu musikari nafarrak Londresko Abbey Road estudio ospetsuetan grabatutako ‘Bakan II’ izenburuko EPa argitaratu du asteazken honetan, ‘Diamantea’ eta ‘Zilarra’ abestiekin. Ostegun honetan honen harira lekunberriarrari egindako elkarrizketa kaleratuko dute NAIZek eta GARAk.

Black Izar management enpresatik jakinarazi dutenez, 2024an ‘Hasiera Bat’ (Only In Dreams) bakarkako lehen lana kaleratu ondoren, Urbizuk ‘Bakan’ EPak argitaratzeari ekin zion urtebete geroago. Urtarrilean irten zen ‘Bakan I’, eta orain ‘Bakan II’ iritsi da, Abbey Road estudioetako Studio 2an grabatutako lana.

EPak bi abesti berri biltzen ditu: ‘Diamantea’ eta ‘Zilarra’. Artista nafarrak maila bera eman nahi izan die bi abestiei, eta horregatik biniloak bi A aurpegi ditu, The Beatles taldeari keinu eginez. Arrazoi beragatik, bi abestiak aldi berean aurkeztu ditu, Arrigurik ekoitzitako bideoklip banarekin. EParen edizioa mugatua eta zenbakiduna izango da, eta Urbizuren webgunean bertan eta birako azken kontzertuetan eskuratu ahal izango da.

 

«Musikari nafarrak edertasunaren eta abesti perfektuaren bilaketan sakontzen jarraitzen du. Beatle espirituak Abbey Road-eko hormak bustitzen ditu duela hamarkada batzuetatik, eta hori, nolabait, ‘Zilarra’ abestian islatu da: hiru minutuko pop harribitxia, non ez diren falta lelo argitsua, gitarra kristalinoak, koruak eta Paul McCartney izeneko batek erabilitako pianoa ere. Laburbilduz: abesti txiki handi baten osagai guztiak», adierazi dute.

‘Bakan II’ EParen argitalpena bat dator Tour Bat biraren azken txanparekin. Bira bere garaian hasi zen Donostian eta 21 hilabete beranduago bertan amaituko da, lau emanaldi jarraian eskainiz Victoria Eugenia Antzokian. Biraren azken txanpako kontzertu guztietako sarrerak agortuta daude jada.

Urbizurekin batera, Amaia Miranda (gitarra eta koroak), Karlos Arancegui (bateria), Felix Buff (bateria eta koroak) eta Nando Neira (baxua) musikariek osatzen dute zuzenekoetarako taldea.