NAIZ

Gorka Hermosak bosgarrenez irabazi du Akordeoirako Urteko Konposizio Onenaren saria

Gorka Hermosaren Sonata No. 3 ‘Peace Dream’ konposizioak lehen saria eskuratu du aurten Montargisen (Estatu frantsesean) egin den International Composition Contest-en. Bosgarren aldia da konpositore eta soinu-jotzaile urretxuarrak Munduko Akordeoilari Elkartearen sari hau jaso duela. 

Gerraren aurkako aldarria du ardatz Gorka Hermosaren Sonata No. 3 ‘Peace Dream’ konposizioak. Doinu hunkigarriak eta giro oso teatrala sortu du konpositore eta soinujole urretxuarrak lehiaketa garrantzitsu honetan lehen saria eskuratu duen pieza honetan.

Gorka Hermosa, lehen mailako musikoa. (Pepe LAMARCA)

 

Urtero Munduko Akordeoilari Elkarteak (CMA) nazio desberdin batean antolatzen du International Composition Contest lehiaketa eta aurten Montargisen (Estatu frantsesean) izan da. Aurten ere bosgarrenez jaso du urretxuarrak sari hau... «Eta... noski:, pozik baino pozago nago!», dio. 

Sonata No. 3 ‘Peace Dream’ hau 2024ko maiatzean Berliner Philharmonie auditorium mitikoan estreinatua izan zen Errusia eta Ukrainiaren aldeko bakearen aldeko jaialdian. Konpositoreak hiru solistentzat –ukrainar bat, errusiar bat eta bera– eta orkestrarako pentsatu zuen obra hau bi melodia tradizionaletan oinarritzen da: ukrainar ‘веснянка’ eta errusiar ‘Утушка луговая’, obran zehar era ezberdinean erlazionatzen direlarik.

«Lehenengo mugimenduan garai zaharretan bi herrien artean zegoeneko adiskidetasunaren oihartzunekin hasten da, gero gerratea deskribatzen da eta azkenik itxaropenari leiho bat irekitzen zaio –argitzen du egileak berak–. Bigarren mugimendua gizakiaren indarkeriaren irrazionaltasunari buruzko meditazio bat da eta hirugarren eta azken mugimenduak birtuosismo infernal baten erdian Bibliaren pasarteak txertatzen ditu kontraste moduan: Ez duzu erahilko, eman beste masaila, barkatu eta barkatua izango zara...».

Azken urteetan akordeoi munduko nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenak irabazi dituen Vladimir Stupnikov akordeoilari errusiarren enkargupean, Gorka Hermosak akordeoi bakarlariarentzako bertsioa prestatu du. Stupnikovek obraren estudio-grabazioa egin berri du eta hori izan da epaimahaiak entzun duen bertsioa. 

Nazioarte mailako punta-puntako musikoa da Gorka Hermosa. Bere konposizio sinfonikoak azken urteetan mundu osoko 60 orkestrek baino gehiagok joak izan dira (EE.BB., Txina, Brasil, Turkia eta Europan), Berliner Symphoniker bezelako orkestrekin, eta Washington-eko Kennedy Center National Opera bezalako auditorioetan.

Berak konposatutako abestiak Silvio Rodríguez bezalako artistek euskaraz grabatu dituzte. Gurean ere hainbat lan egin ditu, Loraldian, esaterako. 

2013ean CIA-IMC UNESCO konposizio saria lortu zuen, eta bost aldiz jaso du jada CMAren urteko konposizio onenaren saria, baita 2020ko PIF Castelfidardo saria Italian.

Interprete modura, estatuan orkestra sinfoniko batekin jo zuen lehen akordeoilaria izan zen (RTVE Orkestra Sinfonikoa) eta ordutik hainbat orkestrarekin aritu da (Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, besteak beste). Txinan, Iranen, Amerikan eta Europan Kontzertuak eman ditu, eta masterclass-ak eskaini ditu munduko kontserbatorio ospetsuenetan (Mosku, Pekin, Praga, Varsovia...).

Gaur egun bere izena daraman lehiaketa ospatzen da urtero Tianjin-en (Txina) 2022an lehen aldiz ospatu zenetik, non munduko akordeoilari desberdinek Hermosaren konposizioak jotzen dituztelarik. 2020an Turismo Enbaxadore izendatu zuen Gipuzkoako Aldundiak. Zazpi liburu eta hamahiru disko propio argitaratu ditu eta orain gutxi ‘Hauspoa & Tunela’ dokumentala ere zuzendu du.