GAIAK

‘Zurrunbiloa’ aurkeztu du Elhuyarrek, gazteen osasun mentalaren begirada eraldatzeko xedearekin

Elhuyarrek lau gazte eta hamar adituri ahotsa ematen dieten bost ikus-entzunezko aurkeztu ditu, baita zurrunbiloa.eus webgunea ere. Danobatgroup industria taldearen laguntzarekin egindako proiektua da, gazteen osasun mentala aztertzen duena eta begirada eraldatu nahi duena.

Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzailea Zurrunbiloa proiektua aurkezten, partaide batzuen aitzinean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gazteen osasun mentala erdigunean jartzea helburu duen ‘Zurrunbiloa’ proiektua plazaratu du Elhuyarrek, Ernest Lluch areto nagusian, Donostian. Han izan dira Jon Abril erakundearen koordinatzailea, Jose Antonio Hidalgo Danobatgroupeko lehendakariordea eta Garazi Andonegi eta Aitziber Agirre ‘Zurrunbiloa’-ren arduradunak. Aroa Colas, Eneko Sagastume, Laura De la Iglesia eta Garazi Olaizola gazteak ere bai, Maitane Ormazabal psikologoarekin batera.

Gazteen osasun mentala jendarte mailan interpelatzen gaituen gai konplexua da. Honako datuak eman dituzte: euskal gazteen artean, bostetik batek osasun mentaleko asaldura bat du diagnostikatua. Antsiolitikoen kontsumoa ere bider sei egin da gazteen artean. Bereziki deigarria da neskatoei zer adinekin preskribatzen zaizkien antsiolitikoak: 11-12 urte eskasekin. Zer gertatzen ari den gertutik ezagutzeko eta gazteei arretaz entzuteko asmoarekin, Elhuyarrek gai honi heldu dio Danobatgroupen babesarekin.

‘Zurrunbiloa’ proiektuak hiru fase dituela azaldu dute. Lehenengoan, hamar aditurekin eta testigantzak eman dituzten lau gazterekin bost ikus-entzunezkoen serie bat osatu da, besteak beste. Bigarren fasean, herri mailako diagnosi bat egingo da Elgoibarren, eta hirugarrenean, jendarteari emango zaio protagonismoa.

«Sustrai soziala»

Lehenengo faseko bideoetan, hainbat adituk zientziaren ikuspegi eraikitzailea ekarri dute: soziologoak, neurozientzialariak, farmazialariak, psikologoak, sexologoak, psikiatrak, irakasleak, osasun digitaleko adituak… Eta denek bat egin dute: «Sustrai soziala du krisi honek».

Gazteei dagokienez, lau lagunen testigantza zuzenak jaso dituzte: Aroa (18 urte), Eneko (23 urte), Garazi (22 urte) eta Laura (24 urte). Orain, beren burua berregin, eta ikasitakoa kontatu nahi dute. Adituek berek aitortuta, «hunkigarria, eskuzabala eta oso zintzoa» da haien kontakizuna.

Laguntzarako baliabideak

Zurrunbiloa.eus webgunea ere zabalik da. Bertan, adituen elkarrizketak, gurasoentzako eta gazteentzako aholku eta proposamenak, laguntzarako baliabideak eta zientziaren eduki sakonagoak daude kontsultagai. Nerabeen garapenari buruzko azalpen teknikoagoek ere badute tartea.

Lehen fase honetan, ETBren babesa izan du proiektuak. Horri esker, webgunean bakarrik ez, Primeran plataforman eta ETBn ikusten ahalko dira bideoak. Lehenengo atala astearte honetan bertan estreinatuko da hiruretan (ETB1en, 23.45ean). Hortik aurrera, asteartero bat emango da. ‘Biba Zuek’ saioan ere edukiak aztertuko dituzte.

Elgoibarko diagnostikoa

Bigarren fasean komunitatetik erantzuteko baliabideak sortzea da asmoa. Hori dela eta, herri bat hautatu da, Elgoibar,  herri mailako diagnostiko bat egiteko. Hasteko, herrian osasun mentalaren inguruan dauden baliabide publiko guztien argazkia egingo da. Ondoren, gazteen diagnostikoa abiatuko da eskoletan.

Horretarako, ‘Zurrunbiloa’ proiektuko ikus-entzunezkoetan testigantzak eman dituzten gazteek lehenengo eskutik partekatuko dituzte bizipenak Elgoibarko nerabeekin, eta nerabe horien pertzepzioa jasoko da. Azkenik, lan saioak egingo dira eragileekin. Gazteen ongizate emozionalaren inguruan herrian egiten duten irakurketa jasoko da.

Argazki orokor horri erreparatuta, arazo nagusiak eta haien eragileak identifikatuko dira, eta horien inguruko formakuntza-saio batzuk eskainiko dira herri mailan.

Proiektuaren hirugarren faseak, azkenik, jendarteari emango dio protagonismo osoa. Bi urteko ondorioak oinarri hartuta, hausnarketa prozesu bat irekiko da herrian nerabeen inguruan lan egiten duten eragile publikoekin, aisialdia, kirola, hezkuntza, kultura eta esparru gehiago aintzat hartuz. Helburua izango da «nerabeen ongizate emozionala zaintzeko gizarte mailan dauden erronkak identifikatzea, etorkizuneko esku-hartzeak irudikatzeko».