GAIAK

Udalak ez du erantzukizunik hartu Abandoibarrako kontzertuaren kudeaketa eskasaren aurrean

Aste Nagusian Abandoibarreko lehen eguneko kontzertuak bertan behera geratu ziren. Kai Nakaik, Marenek eta Olatz Salvadorrek Udalaren aldetik izandako tratu txarra salatuz, ohar bat plazaratu dute. Juan Mari Aburtok adierazi du ez zela egon musikariek salatutako inolako mehatxurik eta tratu txarrik.

Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvador, larunbatean bizitakoa kontatzen. (GARA)

Hilaren 16an Bilboko Abandoibarreko oholtzan jotzekoak ziren Olatz Salvador, Kai Nakai eta Maren. Bertaratu zirenean, oholtza muntatu gabe zegoen eta ez zuten jotzerik izan. Larunbatean bertan musikariek bideo bat argitaratu zuten egoeraren berri ematen, eta, Bilboko Udalaren isiltasunaren aurrean, astearte gauean sare sozialetan ohar bat argitaratu zuten, «isilik ez mantentzea» erabakita. Jasandako tratu txarren berri ematen dute bertan, eta Udalaren «erantzukizun falta» salatu dute.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok atzo adierazi zuen ez zela «mehatxurik» egon, eta errua enpresarena dela gaineratu zuen, «ez baitzuen kontratua bete». Ezagutarazi dutenez, eraikuntza enpresa berak, Montaketak S.L.k, antzeko arazo batzuk izan ditu Portugaleten, Algortan eta Donostiako Jazzaldian.

Iragan larunbatean bizitakoa hiru abeslariek xehe-xehe azaldu dute argitaratutako oharrean. Hasieratik izan zuen ibilbide korapilatsua aferak; esaterako, uztailaren 14an Aste Nagusiko kontzertuak iragarri zirenean, Marenen eta Olatz Salvadorren parte hartzerik ez zuten iragarri.

Egoera okertzen joan zen kontzertuaren eguna hurbildu ahala. Abuztuaren 15ean mail baten bidez jakinarazi zieten «eszenatokiaren muntaketan arazoak» zeudela eta soinu probak atzeratuko zirela.

Iritsi zen abuztuaren 16a, eta 15.00etan oraindik oholtza muntatu gabe zegoen. «Agertoki hau jada ez zela aukera bat» esan zieten eta, alternatiba gisa, kamioi bat lortuko zutela adierazi zieten.

Lehen kontzertua hasteko lau ordu falta zirenean, kamioirik ez zela egongo esan zieten: «Hala eta guztiz, kontzertuak aurrera jarraituko zuela jakinarazi ziguten, eta, nolanahi ere, gure erabakia izan behar zuela bertan behera uztea edo ez. Egoera honen aurrean harrituta, erantzukizuna eskatu genien, haiek zirelako antolatzaileak eta haiek eman beharko luketelako aurpegia, bertan behera utzi behar luketelako lehenbailehen, jendeari eragozpenik ez sortzeko». Antolatzaileen erantzuna: bertan behera uztearen erabakiak musikariena izan behar zuela.

BIDEOA ETA UDALBATZAKOEN EGONEZINA

Udaletxeko inor gerturatzen ez zenez, musikariek Ertzaintzari eta suhiltzaileei deituko zietela adierazi zieten antolatzaileei, «eszenatokiaren egoera argitzeko». Orduan produkzioko arduradunak esan zien kontzertuak bertan behera geratuko zirela.

Gaueko 21.30ean, kontzertua hasteko bi orduren faltan, Udalak oraindik ez zuen kontzerturik ez zela izango publikoki adierazi. «Herritarrentzat komunikatu bat egin ahal izatea eskatu genuen, eta baimena eman ziguten, Udala aipatu gabe, Udalak komunikatu ofizial bat egingo baitzuen. Bideoa grabatu genuen, eta udalbatzako hainbat kidek, urduri, iradoki ziguten ez zutela egoki ikusten, eta kolaboratuz gero kontuan hartuko zutela etorkizuneko programazioetan. Ekintza horiek guztiak oso larriak iruditzen zaizkigu, estamentu publikoez ari garela kontuan hartuta», jaso zuten gertakaria oharrean, eta bideoa argitaratzea erabaki zuten, Udalaren geldotasunaren aurrean. Bideoan ez zuten Udalaren aipamenik egin; eszenatokiaren egoera zela-eta, kontzertuak bertan behera geratu zirela aditzera emateko erabili zuten.

Bilboko Udalak 00.30ean esan zuen zerbait lehenengo aldiz; webgunean kronika bat argitaratu zuen: «Milaka lagunek dantzatu dute». Ez zen kontzerturik egon eta ez zuen inork dantzatu. Hurrengo eguneko 18.00ak arte kronika sarean egon zen.

ARDURA ETA ERANTZUKIZUNA

Egoeraren aurrean, hiru musikariek esan zuten «gutxietsita, triste eta haserre» sentitzen direla jasotako tratuarengatik, eta asteartean oraindik Udalaren «barkamenik edo informaziorik» ez zutela jaso gaineratu zuten oharrean.

Atzo goizean Aburtok publikoki barkamena eskatu zien, baina «tratu txarrik eta mehatxurik» ez zela izan argitu zuen: «Udalak bere esku zegoen guztia egin zuen kontzertuak egin zitezen. Saiatu ginen beste tokiren batera aldatzen, baina ez zen posible izan». EH Bilduk elkartasuna adierazi zien musikariei, eta udal gobernuari «erantzukizuna bere gain har dezala» eskatu zion. Nabarmendu zuten erru osoa enpresari egoztea ez dela zuzena, kudeaketan egondako arazo guztiak ez baitziren oholtzarekin lotutakoak. Gainera, alternatibarik ez izatea «kudeaketa eskasaren sintomatzat» definitu zuen. «Prozesura aurkeztu zen enpresa bakarra izan bazen ere, argi zegoen ez zituela zati batzuen baldintzak betetzen», azaldu zuen EH Bilduk.