Azaleko ondarea
Donostiako tren geltokiaren eraistearen albistearekin ondarearen inguruan eztabaida interesgarri batzuk izan ditut, eta, horrelako gai konplexu baten aurrean, neure burua posizio zurrunik gabe ikusi dut. Lerro hauetan, erantzunen edo epaiketen ordez, galdera ikurrak aurkituko dituzue. Beharbada, galdera horiek utzitako erreberberazioekin, errealitate eraikiaren aurreko jarrera baten zirriborro intuitibo bat, gehienez.
Harritu egin gintuen eraikinaren eraispenaren argazkiak ikusteak. Donostiako Ondare Urbanistiko eraikia babesteko plan berezian katalogatua egonik, bazirudien debekatuta egon beharko lukeela eraisketak. Harrigarria egin zitzaidan, planak ezarritako bi printzipio orokorren gainetik (esku hartzearen beharra eta itzulgarritasuna), bidea irekita uztea elementu babestu horiek bota eta elementu berri batekin ordezteko, “itxura edo pertzepzioa” erreproduzitzea eskatuz. Ondarea azalekoa den estetika hutsera murrizten ez ote du honek? Irakurketa nahiko problematikoa dirudi, arkitektura atrezzo apaingarri gisa ulertzera eraman gaitzake-eta.
Eraikinaren eraisketaren erabakia deigarria izanik, eta eraberritzearen proiektuan oso justifikatua egongo zelakoan, honen dokumentazioaren bila aritu nintzen lerro hauek idatzi baino lehen, eta, nahiz eta proiektuaren planoak eta memoriak ez lortu (tamalez, nahiko zaila izaten da gehienetan, lizitazioak itxita daudenean, proiektu publikoen dokumentazioa era garden batean eskuratzea), obraren lizitazioaren dokumentazioan bai antzeman daitezke pare bat gako interesgarri. Aurkeztutako enpresa eraikitzaileen balorazio teknikoan, 1.3 puntuan, fatxada obra prozesuan nola mantendu, proposamen eskatzen zitzaien aurkezten ziren enpresei. Proiektua eskuragarri eduki gabe, ezin jakin fatxada nagusia edo zeintzuk ziren mantendu beharrekoak, baina badirudi hasiera batean ez zela dena guztiz eraitsi behar. Azaldu beharko dute, arkitektoek, enpresa eraikitzaileak edo ETS-ko arduradunak honelako erabaki drastikoa hartu izanaren arrazoia. Noski, preexistentzia mantenduz, lanak beti dira zailagoak eta, hortaz, garestiagoak, baina proiektuak hau guztia aurreikusita eduki behar zuen nahitaez.
Aurreko asteetan burdinazko egituraren desmuntatze prozesua ikusia nuen, trenez ia egunero handik pasatzean trenbidearen ondoan zeudelako zutabeak eta zertxak. Errestauraziorako tailer batera eraman eta berriz bueltan etorriko ziren. Eraikinaren harri-hormak botatzen hasi zirenean, bi operazio hauen arteko ezberdintasunak azaleratu zitzaizkidan. Desmuntagarria izan daitekeen burdinazko egitura bat piezaz pieza eraman, zaharberritu eta berriz muntatzeak eraikina desegin eta berregitea suposatzen du; baina, neurri batean, materialki eraikin berdina izango da muntatzen denean. Eskeleto berdina izango du, eraikuntza prozesu berdinarekin eginda egongo da. Harri-hormak eraitsi eta obra-hondakin gisa ezabatutakoan, horma berriek beharbada estetika berdintsua erreproduzituko dute. Eraikuntza prozesu aldetik ziur aski izango dituzte ezberdintasun nabarmenak. Zentzua al du, behin eraitsita, azalean soilik itxura berdina izango duen eraikin berri bat egiteak? Non zegoen ondare horren balioa? Epidermisean edo materian bertan? Materiaz aparte, agian eraikitako errealitate horren gorputzean eta konfigurazioan? Eraikin hori egitera eraman zuen prozesuan bertan?
Probokazio gisa neure buruari galdetzen nion... eraitsitakoan, zerk errespetatuko luke ondarea: material eta teknika berriez antzeko itxura duen imitazio batek, edo, hondakinezko material guzti horiek berrerabiliz, itxura guztiz berriko eraikin batek?
Lacaton-Vassal arkitekto frantziarren esaldi bat etorri zitzaidan, trenbide gaineko behin-behineko pasabidetik eraitsitako eraikinaren obra-hondakinak ikusten nituela: «Kontua da inoiz ez eraistea, ez kentzea edo ordezkatzea; beti gehitzea, eraldatzea eta erabiltzea». Arkitektura garaikidearen jarrera, ondarearekin lan egitean, gehigarria izatean datza, jada existitzen diren errealitateekin erlazionatzen diren estratu berriak proposatzen ditu, preexistentzien irakurketa berriak ahalbidetuz. Lacaton-Vassalek diotenez, «lan hori zehaztasunean, fintasunean, adeitasunean, arretan oinarritu behar da: arreta pertsonei, erabilerei, eraikinei, zuhaitzei, asfaltoari edo belarrari, dagoen guztiari. Traba ahalik gutxien egitea edo inolako eragozpenik ez eragitea da helburua. Eskuzabala izatea, gehiago ematea, erabilerak erraztea eta bizitza sinplifikatzea da kontua».
Eraikina bota dutenean, ez diot zentzu handirik aurkitzen imitazio bat eraikitzeari. Konplexutasun honetan egia absoluturik ez izanik ere, bikote frantziarraren esaldiaz gogoratzen naiz eraisketaren aztarnen aurretik pasatzen naizenero. Bakoitzak baloratuko du interbentzioaren fintasuna, adeitasuna eta ondarearekiko, testuinguruarekiko arreta.