Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Fedea

Pantailan ikusi dut autobusa hamar minutuan datorrela. Bakarrik nago eta markesinan eseri naiz. Bizitza azeleratu-okupatu honetan, hamar minutu autobus markesina batean eserita. Ez dut telefonoa aterako, egon egingo naiz. Egonean egoten ahazten ari zaigu eta horrek ezin du ona izan.

«Barkatu, galderatxo bat egingo nizuke gustura». Galdera bat egiteko baimena eskatu dit adin nagusiko emakume batek. Txukun orraztuta eta lokarridun zapatak distiratsu, betunez dotoretuak. Gure amonarekin akordatu naiz. «Ilea eta zapatak beti garbi. Eta kuleroak eta galtzerdiak ahalik txukunen, edozer gertatuta ere». Gure amonak daramatzagu poltsikoan eta espero ez dugunean igotzen zaizkigu sorbaldara, emakume neurritsuaren aholkuren bat xuxurlatzera belarrira.

Halako misterioarekin, azkenean galdera egin dit: «Hemendik ateratzen al da Donostiara doan autobusa?». Nik, baietz. Ondoan eseri zait. Eta bat-batean ondoan irratia piztea bezalakoa izan da. Irudikatu bi irrati, bata euskaraz eta bestea gazteleraz, bata bizitzaz eta bestea fedeaz. Ba, horrelakoxea izan da.

92 urte dituela eta duela hilabete gutxira arte autoa gidatu duela, baina autoari direkzioa puskatu eta ez zuela merezi konpontzea. Orain, autobusean. «Yo he conducido desde muy jovencita y nunca he tenido ningún accidente». Ea badakidan zergatik. Nik, ezetz buruarekin, ba sinisduna delako eta ez delako inoiz bakarrik joan autoan, «siempre me ha acompañado Dios». Orain ez daukagula federik, sinisteko beldurra daukagula, eta horregatik dagoela mundua hain itsusi. Gurasoak baserritarrak zituela, gazteleraz hitz egiten ikasi egin behar izan zutela. Zortzi senide zirela, bera bakarrik dagoela bizirik eta denek euskara maite zutela. Baina lehen dena debekatuta zegoen, baita euskara ere. Bere jainkoa eskuzabala dela eta beti dagoela zain, gerturatzen zaion edonor jasotzeko. «No sé si eres creyente, deberías, pero no me meto en vidas ajenas». Euskaraz oso ondo egiten dudala eta jatorra naizela, berari lagundu diodala. Fedea izatea garrantzitsua dela, berari bizitza osoan lagundu diola.

Autobusa. Eskertu diot puntualtasuna. «Ondo segi, hurren arte». Nik badut fedea, 92 urteko emakume batek autoa gidatu duelako atzora arte eta euskaraz egin didalako gozo, nahiz eta noizbait debekatu egin zioten. Baina konbentzituta nago emakume horren indarra barrutik kanpora datorrela, eta ez aldrebes. Daukan kasta ez dio inongo jainkok eman, bere-berea du. Horretan sinisten dut.