«Gure komunitateak bizitzarekin ainguratze bat egiten dizu»

«Gure komunitateak bizitzarekin ainguratze bat egiten dizu»

Lasai Sara, ateratzen zarenean badago nork lagunduko zaituen», esan zion amak Sara Majarenasi, oraindik espetxean zegoela, eta momentu horretan «segurtasuna» sentitu zuela kontatu du. Ez zekien nolakoa izango zen laguntza hori, ezta zenbat denborakoa ere, baina helduleku bat zen. Harrera Elkarteaz ari zitzaion ama.
Majarenasek ikuspegi kritikoa du espetxe sistemaren inguruan: «Ez da birgizarteratzeko toki bat, ezta gutxiago ere. Ez zaigu ahaztu behar urruntze sistema bat dela, zure egunerokotasunetik eta zure ingurutik urruntzeko erabiltzen duten tresna bat. Eta baliabiderik gabe irteten zara. Errealitatetik abstraitzen zaituzte, motxilan karga gehiago sartzen dizute, eta gero berriro soltatzen zaituzte, ea zer gertatzen den. Eta ezer onik ezin da espero ekuazio horretatik».
Majarenas atera zen ekuazio horretatik ere, hamahiru urte barrote artean igaro ondoren: «Kontuan hartu behar da zer motxila ekartzen ditugun kalera: sasia, tortura, kartzela, espetxean gertatutakoak, kalera ateratzea, militantzia bera… Horri guztiari forma ematea ez da bi egunetako kontua». Eta lan sakona da.
Erpin horiei forma emateko ezinbesteko lana egin du Majarenasen ustez komunitateak eta Harrera Elkarteak. «Kalera ateratzen zara eta bat-batean burokrazia den guztia egin beharra duzu: nortasun agiria berritu, gidabaimena berritu, kontu korronte bat zabaldu… Gogoratzen naiz horretan guztian lagundu zidatela», adierazi du.
LANEAN JARRAITZEKO AUKERA
Espetxera sartu baino lehen fisioterapeuta zen. «Atera eta berehala impasse batean zaude, ez dakizu oso ondo nondik jo», kontatu du. Kartzelan osasungintzari lotutako ikasketak egiten jarraitu zuen, eta irtendakoan, lagunen bultzadari esker, ofizioa berreskuratzeari ekin zion: «Profesionalki ibilbide bat egin nuen, eta autonomo moduan lanean hasi nintzen».
Forma eman beharreko beste erpin bat norberak kanpoko bizitzara ateratzen duen motxilarena da. Donostiarraren kasuan, esate baterako, ezinbestekoa izan da Harreraren laguntza, psikologoaren asteroko terapia ordaintzeko, «eta izugarrizko dirutza da».
Asteroko hitzordua zaintza da, eta zaintzaren adiera guztiak defendatu ditu: «Harrera Elkarteak ez du arlo ekonomikoan soilik laguntzen, kartzelatik kanpo bizitzen ikasteko euskarriak ere ematen ditu. Jakitea pertsona batzuk gertu daudela, guztiz entregatuta kartzelatik ateratzen garen kideei laguntza hori emateko, izugarria da. Beti prest daude zer behar dugun galdetzeko. Eta galdetzea bera garrantzitsua da. Niri horrek segurtasuna eman dit bide osoan zehar».
EGOERA EZBERDINEI BIDE EMAN BEHAR ZAIE
Nabarmendu du gogoan izan behar dela «kasuistika oso ezberdinak» daudela kideen artean ere: «Azkenean ni familia normatiboaren barruan sartzen naiz. Etxebizitza bikotekidearekin batera eskuratu dut, senideek ere ekonomikoki lagundu ahal izan digute… Zentzu batean horrek erraztu ditzake zenbait kontu, baina zenbat eta normatik gehiago aldendu, orduan eta zailtasun gehiagorekin topo egingo duzu». Familia eredu ezberdinen inguruan aritu da, eta baita 70 urterekin eta batere kotizatu gabe ateratzen diren kideen kasuaz ere. «Ezin ditugu ahaztu kide horiek, eta egon daitezkeen kasuistika ezberdinak ere. Badirudi denok sartu behar dugula eskema jakin batzuetan bizitzari aurre egiteko, eta ez da hala», esan du donostiarrak, konbentzituta.
Komunitateak betetzen duen funtzio garrantzitsua ere azpimarratu du: «Badugu komunitate bat asteburuero bisitan etorri dena, nahiz eta urrunduta egon; horrek ainguratzen zaitu bizitzara. Horregatik eta Harreraren lanagatik ez balitz…», eten du hitz jarioa, eta irmoki salatu du egun gatazkaren ondorioak bere gain hartzen ari dena Harrera dela: «Nazioartean gatazka politiko bat egon dela onartzen den herrialdeetan, armagabetzea eman ondoren, Estatuak bere gain hartzen du militante horiei lanpostua, baliabide ekonomikoak edo etxebizitza emateko ardura».
Zaintzaileak zaindu behar direla hitzetik hortzera darabilgun honetan, Majarenasek Harrerako kideen lana txalotu du: «Denbora guztian gatazka politikoaren ondorioak beraiengan hartzen ari dira. Errealitate oso gogorrekin topo egiten dute, eta motxila horiekin joaten dira etxera, edozein ordutan eta edozein egunetan laguntzeko prest daude. Balio handiko lana da hori». Eta impasse egoeretan nora jo edukitzea, altxorra.

«La idea fundamental es que los presos pasen por la prisión, pero que la prisión no pase por ellos y, sobre todo, que no salgan peor que cuando entraron»

El derecho y el deber de escapar de prisión

Kartzelako euskal literatura, gaur egungoa bezain zaharra

Escapada a unos sanfermines de 1985 con mucha caspa y barracas políticas
