«Harrerak ematen duen babesa ez da amaitzen»

«Harrerak ematen duen babesa ez da amaitzen»

Kartzelako bizimoduari eusteko asmatutako tresna emozionalak deseraikitzen ikasi behar izan zuen Asier Bengoak, kalera ateratakoan. Preso ohi gasteiztarrak berezkoa du atzera baino aurrera begira jartzea, baina urte askotan gatibu izateak dakarren motxilaren pisua ondo ezagutzen du. Testuinguru horretan, Harrera Elkartearen lana goretsi du, besteak beste, bere sostengua ez delako hasierako uneetara mugatu, ez delako bukatu. Zorionez gero eta gutxiago diren arren, oraindik presondegietan euskal herritar asko daudela nabarmendu du, eta, beraz, oraindik badagoela lana egiteko. «Ezin dugu erlaxatu horretan», esan du.
Kartzelatik irteteko unea zoriontsua da, goxoa, baina zalantzak, ziurgabetasuna, beldurra ere ba al daude une horretan? Bai, aipatu dituzun horiek. Ateratzen zara, eta kaleratzearekin emozioek eztanda egiten dute. Alde batetik, barruan kideak utzi behar dituzulako; atzean bizipen pila bat uzten duzu, urte asko dira eta hori guztia korapilatzen da. Esango nuke une horretan beldur guztiak desagertzen direla tarte batez, emozio positiboek aurretik eramaten dituztelako, baina egia da espetxean hainbat alditan etortzen zaizun ideia, galdera, hori dela: non egongo nintzateke, orain kalean egongo banintz; zer daukat nire esperoan hor; lana, harremanak nolakoak izango dira; nola egongo da Gasteiz, zer motatako hiria topatuko dut.... Nik beti eman diot garrantzi handia norberaren autonomiari, oso gazte joan nintzen amaren etxetik, eta beti iruditu zait garrantzitsua bizitza baliabide propioekin egin ahal izatea. Nire kasuan bezala, hirugarren graduan ateratzen zarenean, ez zara kolpean ateratzen, eta horrek irteera pixka bat gehiago ordenatzen laguntzen dizu, baina azkenean gauza pila bati erantzun behar diozu. Eta niretzat Harrerako jendea ezagutzea, edozein unetan haiengana joan ahal izatea, berme bat da.
Kezka horien guztien artean zein da nagusitzen dena? Ekonomikoa, laborala, harremanena... Denek bat egiten dute. Bakoitzak bere neurrian, maila desberdinetan. Zorionez bide honetan guztian lagundu nauen ingurua daukat, eta banekien haien laguntza izango nuela. Behar materialen aldetik behintzat lasaitasun hori ematen dizu; badaukazu etxea, funtzionatzen hasteko gauzak badaude hor. Beldurrak? Ea buruak nola funtzionatuko duen horren guztiaren aurrean. Izan ere, askotan pentsatzen duzu dena daukazula, baina gero kolpea espero ez duzun tokitik etortzen da. Nire kasuan, adibidez, konturatu nintzen alerta egoeran nengoela. Estimulu asko dago, eta hor badituzu mekanismo batzuk garatu dituzunak, nolabait espetxe barruan zure burua defendatzeko, eta hemen ez direnak oso baliagarriak, ez direnak ere egokiak, nolabait esatearren. Horiek zuzendu behar nituela konturatu nintzen, eta hor Harrerako jendearen laguntza izan nuen. Hori lantzen ibili nintzen psikologo batekin, eta oso ondo joan zitzaidan.
Lur hartzeko prozesuan, burua aurreko egoeran iltzatuta gera daiteke agian... Ni ez naiz atzera begiratzen duenetakoa. Atzean dagoena jadanik bizi izan dugu, hori hor geratzen da. Ni gauza onenekin geratzen naiz, espetxetik ere bai: kideak eta beraiekin bizi izandakoak. Azken finean espetxean ere une politak bizi izaten dira... Zaborretan bazaude, lore bat ateratzen da eta zoragarria da. Une horiek nirekin daramatzat. Baina, esan bezala, gehiago naiz aurrera begiratzekoa. Aldaketei aurre egiteko ez dut arazorik.
Kideak aipatu dituzu. Kalera irten zarenean honetaz guztiaz kideekin hitz egin izan al duzu? Bizipen hauek konpartitzen dira? Bai. Nik bi kaleratze izan ditut. Lehenengoa 2006an, eta uste dut egundoko eragina daukala momentu bakoitzean dagoen egoera politikoak. 2006an, 2007an, momentu oso korapilatsuan geunden, Loiolako prozesua eta hori guztia, eta beste tentsio batzuekin, beste beldur batzuekin ateratzen zara. Eta harremanak ere horrelakoak dira. Azken honetan egoera politikoa guztiz aldatu da, egurats politikoa askoz atseginagoa da, eta lasaitasun horrek aukera ematen dizu gauzak hobeto lantzeko eta lurreratze hori ere hobeto egiteko. Kideekin hitz egiten dudanean, gutxi gorabehera denak antzeko parametroetan gaudela ikusten dut. Nik askotan esaten diet, «ondo ikusten zaituztet», izan ere, oso ondo ikusten zaie, nahiz eta hogeita piku urte eman dituzten espetxean. Baina argi gera dadila hori guztia ezin genezakeela egin ondoan ditugunak gabe.
Prozesu horretan Harrera bezalako elkarte batek ze funtzio betetzen du? Dena. Dagoeneko lau urte daramatzat kanpoan, baina etengabeko erreferentzia izaten jarraitzen du. Ematen dizuten sostengua ez da amaitu. Urte asko izan dira espetxean, eta espero ez duzunean kolpe bat etor daiteke, horretaz jabetu behar dugu. Eta nire kasuan hor egoten jarraitzen dutela jakitea ziurtasuna ematen didan gauza bat da. Ni irten nintzenean, hor egon ziren prozesu guztian. Nik etxerik ez nuen behar, eta sostengu hori gehienbat ikasketak amaitzean bideratu zen. Eta, bien bitartean, egin beharreko lanean. Hirugarren graduan ateratzen zarenean, ez daukazu preso ohiaren soldata deitzen den hori, ez duzu diru sarrerarik, eta lan bat bilatu zidaten, nire egoerara egokitutakoa.
Badakizu hor egongo direla beti. Hori da, eta edozein gauzatarako. Agian jendeak pentsa dezake, jada dispertsioa amaituta, edo deportatu gehienak dagoeneko itzulita, beharrak ere nolabait arindu direla, baina, beharrak bestelakoak diren arren, modu esponentzialean areagotzen dira. Psikologoak, medikuak, haginlaria, gidatzeko baimena ateratzea... Gastuak ikaragarriak dira, eta ehunka pertsonaz hitz egiten ari gara. Oraindik geratzen dira batzuk barruan, gero eta gutxiago, baina hemen badago urte luzetarako bidea. Ezin dugu erlaxatu alde horretatik, eta jakin behar dugu gure kide horiek, herritar horiek, beharrak izango dituztela.