Amaia Uribe
Kazetaria / Periodista

Euskalkiak

Euskaraz hitz egiten duen robota grabatzera joan nintzen lehengoan. Uste nuen traketsago egingo zuela euskaraz. Uste nuen, ChatGPTk dituen mugak izango zituela. Harrituta geratu nintzen nire galderei erantzuten hasi zenean, eta azterketa bat egitea erabaki nuen: «Bizkaieraz berba eitten badotsut, ulertzen dostazu?». Eta harro erantzun zidan: «Bai. Bizkaieraz ere ulertzen zaitut». Robot euskaldun hau garatu duten Tecnalia eta Oraiko langileek azaldu zidaten, Iparraldeko euskalkiarekin zituela zailtasun handienak baina lanean ari direla etorkizunean lapurteraz edo behe-nafarreraz ere hitz egin dezan. Poztu egin ninduen horrek.

Beti pentsatu izan dut, euskalkiek aberastasuna ematen diotela euskarari. Bakoitzak bere erara hitz egin eta denok elkar ulertzea da euskarak daukan gauza ederrenetakoa. Berdin dio Ondarruku, Iekoa edo goizuetarra izan. Denak euskaldun. Batzuek gutxietsi egiten dituzte euskalkiak. Euskara batua egonda, ez dute uste telebistan, irratian edota iragarkietan euskalkiak agertu behar direnik. Kendu ordez, baina, gehitu egiten dute euskalkiek. Euskararen kalitatea gutxitu ordez, handitu egiten dute.

Gatibu talde gernikarra da horren adibide. Euskal Herriko txoko guztietara iritsi dira euren berezko hizkeran idatzitako letrekin. Eurei esker, bizkaieran musturrek sartunde egon dira tolosarrak eta euren kantuekin bixotza suten jarri diete bastidarrei. Hiztegia aberastu dute eta berdina gertatzen da Anje Duhalderen Arrangoitzeko kantuekin edo Janire Atxurra eduki sortzaile aulestiarraren bideoekin.

Ondo ikusten dut euskara bateratu bat izatea hezkuntzarako, komunikaziorako, administraziorako edota literaturarako. Beharrezkoa da. Ezinbestekoa. Baina azkenaldian inguruan ikusten hasi naiz euskalkiak batuagotzen ari direla eta gure herrian beti esan diren hitzak barik, euskara batutik datozen hitzak gailentzen ari direla. Euskara batua bai, baina geurea galdu barik. Euskarak aberats izaten jarraitu behar du. Bagare, bagera, bagire eta bagara esaten duen herria izaten jarraitu behar dugu. Robotek ere euskalkietan hitz egiten badute, guk zergatik ez?