Instintutik teoriara: ezkerra bere buruaren bila

Nire aita, Ljube Vankovski, autodidakta zen, ez zuen goi mailako ikasketa formalik; inprimategi batean egiten zuen lan, birikak berun keaz betetzen. Baina filosofia irakurtzen zuen, poesia idazten zuen eta politikoki hain zen aktiboa ezen une labur batez polizia sekretuak atxilotu zuen «etsaien propaganda» egiteagatik. Gure familian esperientzia traumatikoa izan zen. Azkar utzi zuten kargurik gabe libre. Espediente bat geratu zen, bai, baina ez nintzen inoiz saiatu ikusten; ez nuen nahi jakin zeinek salatu zuen. Zuzenbidea ikasten nuen bitartean, autogestioaren eta asanblada delegatuen sistema jugoslaviarraz lezioak errezitatzen nituenean, nire aitak, udaletxean langileen ordezkari bezala esperientzia praktikoa zuenak, argi esaten zidan, itzulingururik gabe: «Honek ez du funtzionatuko. Sistema disfuntzional hau erori egingo da».
Ez nion sinesten. Nire ikasliburuek zioten Jugoslavia zela Pariseko Komunaren idealari gehien gerturatzen zitzaiona: giza aurpegiko sozialismoa. Tito mariskala bere nazioarteko ospearen gailurrean zenean, mundua Galeb bandera-yatean zeharkatzen ari zela, zeremonia handiekin Ipar Korean hasi eta batek jakin noraino ongi etorria egiten ziotenean, aita kexuka aritzen zen: «Etxeko lanez arduratu beharrean, munduan zehar bidaiatzen ari da».

Tito hil zenean, bihotzez egin nuen negar. Nire ikaskideekin batera, inork derrigortu gabe, Loreen Etxera, bere azken bizilekura, joan nintzen goraintziak adieraztera. Nire aita berriz kexatu zen, beldurgarria zen zerbait bazetorrela iragarriko balu bezala. Tito ondoren, urte batzuk geroago, hil zen, bere iragarpen konplituak ikusteko adina ez zen bizi izan. Nolanahi ere, biolentziaren tamaina eta herrialdean bolbora lorratza bezala zabaldu zen gorrotoa ikusirik, bera ere eskandalizatuko zela uste dut.
Hala ere, ez zen inoiz marxismoaren kontra egon, bere kabuz ikasi baitzuen, ikasliburuetakoa baino askoz harago. Nire gurasoei ez nien sekula hitz garratz bat entzun langile klasekoak zirelako, are gutxiago kapitalismoa zela jugoslaviar sozialismoaren akatsen soluzioaren inguruko aipamenik ere. Egungo ikuspegitik begiratuta, uste dut proletariotza bere osotasunean ordezkatzen zuela zioen klasea langileengatik urrundu eta burgesia sozialista bihurtu zela ikusteko adina zuhurrak izan zirela. Beren seme-alabentzat benetan askatzailea izango zen etorkizunaren ideal sozialistari traizio egin zioten sistema eta kasta kritikatu zituzten.
Jugoslavismoaren eta sozialismoaren espirituan hezia, haur baten zintzotasun eta inozentziarekin, atxikimendu handia nuen gurasoekin. Imajina dezakezue zer ekarri zuen 1991ko galera bikoitzak. Mazedonia independentea ez zen benetan independentea eta ez zen sozialki justua. Nazio autodeterminazioaren eta gerretan parte hartzearen ukoaren («bake oasia») gainean eraikia, baina, era berean, pribatizazio kriminalen, Washingtoneko Kontsentsuaren eta antzeko politiken gainean ere bai, Mazedoniak aurreko hamarkadetan eraiki zen guztia galdu zuen. Europartze deiturikoaren bidean eginiko urrats bakoitzak desmazedonizazioa esan nahi zuen, nazio eta giza duintasunaren galera, zure herrialdean etxeko sentitzearen eskubidearen galera. Eta okerrena izan zen gauetik egunera handiki milioidunen klase berri bat sortu zela: aberastasun kolektiboaren lapurretaren bitartez aberastu zen elite eroslea; herria pobretu zen, umiliatu, goitik botatzen zioten apurren mendeko izatera behartzeraino. Kondizio horietan hazi zen «trantsizioaren seme-alabak» deitu zuten belaunaldia; sozialismoa bizi ez eta egiazko aurrerabide demokratikorik ezagutu ez zuen belaunaldia. Ni bezalako pertsona helduak (sistema zaharreko “fosilak”, orain deabrutuak eta memoria kolektibotik ezabatuak) haien norabidean grabitatzen segitzen dugu, ezkerreko praxiarentzat eta ideientzat hauskorra den baina, era berean, baden lur bat sortzen.
Jugoslavia ohian, Ekialdeko Blokeko beste jendea baino hobeto eta askatasun gehiagoz bizi ginen (askotan Nazioarteko Diru Funtsaren kredituei eta maileguei esker, zintzoak izateko). Ulergarria da haien esperientziak eta gureak desberdinak izatea. Ez genuen Moskun “egoitza”, ez ginen Varsoviako Itunaren kide ere. Hala ere, kapitalismoak sortutako hondamen guztiaren ondoren, sozialismoaren oroitzapenek nolabait bat egingo zutela espero nuen. Oker suposatu nuen, ezkerreko ideologia ez bazen ere, nostalgia apur batek sikiera bizirik jarraituko zuela. Oker nengoela ondo frogatu zen.
Europa erdialdeko eta ekialdeko kideekin egindako bilera batean, ez nuen ezkerrekoa nintzela ezkutatu, ezta nire bisioak sozialismo txinatarra inspirazio zuela ere, ez eredu bezala baina bai nolabaiteko pizgarri. Nire solaskideek harriduraz erreakzionatu zuten, eta batzuek, sozialismo hitza esan bezain pronto, batere ezkutukoa ez zen etsaitasun batekin. Kide batek, txantxetan -baina adeitasunez-, urteetan ez zuela bizirik zen komunista bat bera ere ikusi xuxurlatu zidan (eta Txinan geunden!). Kide greziar batek ulertu ninduen hobekien, beste batzuek ekiditen zutena esateagatik zoriondu eta ideologikoki gertukoa zela aitortu zidan. Utzidazue ironia hau azpimarratzen: sozialismoaren pean inoiz bizi ez zena nitaz gertuago sentitzen zen sozialismoaren pean bizi zirenak baino.

Egun, “Gerra Hotza 2.0” etsaitasun geopolitikotik intolerantzia ideologikora pasatzen ari da. Joera faxistak jada ez dira ezkutatzen. Alderdi sozialistak eta komunistak debekatzen ari dira, biolentzia handiagoz edo txikiagoz, «Mendebalde demokratiko» deiturikoan. Oraindik toleratzen duen jarrera ezkertiarrena sozialdemokrazia da, liberalismorako joera gero eta handiagoa duena. Kondizio horietan, begi bistakoa da sozialismoaz eta ezkerreko borrokez gehiago ikasiko dugula «hirugarren mundu» edo «Hegoalde global» deiturikotik, bereziki inperialismo estatubatuarra sufritzen duten herrialdeetatik.
Ezkertiartasuna ez doa soilik gain behera kanpo presioagatik eta oportunismoagatik, baita ezjakintasun eta nagikeria intelektualagatik ere. A, bai! Eta behinola miretsi genituen mendebaldeko marxisten traizioagatik ere bai. Helduagoak garenontzat, horrek aurrerapauso bat egiteko atzera bi egitea esan nahi du. Belaunaldi gazteagoentzat, dagoeneko, «etsenpluaren bidez predikatzen» ari direnak, instintuzkoa baino oinarrizko irakaskuntza kontu bat da gehiago. Behinola egintzat jo eta errespetatu ez genuen teoriara bueltatu behar dugu. Eta, batez ere, kritika antikoloniala aztertu eta estudiatu behar dugu. Behar duguna sozialismoaren “alderdiaren eskola” global bat da.
Sozialismoa nola eraiki beste kontu bat da, eta zailagoa. Baina oinarri teoriko bat eta munduaren ulermen argi bat gabe, ezin dugu pentsatu aldatuko dugula. Dilema zaharrei aurre egin behar diegu, berriz ere: posible da sozialismoa herrialde bakar batean edo iraultza global bat behar da? Telebista txinatarrean, aurkezle ezagun batek bere gonbidatuari honela galdetu zion: «Txina benetan (eta oraindik) herrialde sozialista bat da?». Mendebaldean jaio den narratiba dominantean, Kuba eta Venezuela sozialismoak funtzionatzen ez duen frogatzat aurkezten dira, zigor inperialista gupidagabeen aurrean hainbat hamarkadaz hango gizarteek erakutsitako heroismoa aitortu gabe.
Marxismoa, sozialismoa eta munduko borroka emantzipatzaileak berriz ikasteko ordua da, zapalkuntzaren aurrean iraganeko eta oraineko ikasgaiak ikasteko, gure bizitzak eta herriak mehatxatzen dituen kapitalismo protofaxistaren aurreko erresistentziaren ordua da.
Berreskura ditzagun gure ideiak, gure jakintza eta gure adorea, eta batera imajinatu dezagun benetan emantzipatzailea den etorkizun bat.

«Siempre me he inclinado del lado del pobre, del humilde, del que sufre. Ahí he estado, sigo estando y estaré»

La muerte y el círculo, piedras y fuego

El archivo fotográfico de Eustaquio Berriochoa en la guerra del Rif

Guinigi dorrea
