Haiek sekula ez
Gurasoei eskatu die pisurako sarrera. Bankuari, hipoteka. Gurasoei eskatu die pisurako sarrera, baina ezin diote lagundu. Bankuari hipoteka, baina ez diote eman. Ez dauka laguntza nori eskatu, ez seniderik, ezta profesionalik ere. Eta, halere, bizi da. Bizi dira.
Egunak luzatzen doaz; argi epelak gozatzen die lagun biei bizkarra. Eskerrak eguraldi onari; aitortu diote elkarri garagardo hotzari trago bat emanez.
Lagunetako bat Ana Malagonen “Cottage zaharretik” blogaren zalea da. Irakurri dion azkenekoan Ana “nortasun hegemonikoaz” ari da, bakoitzaren barnean bizi diren bertsioez; zehazki, zein nortasun gailentzeko eta zein ezerezean uzteko hausnarketaz. Horretan katigatu dira lagunak ere maiatzeko arratsalde argitsuan. Elkarrizketak denetarako ematen du, eta hala heldu dira udako abestiaren kontura: momentu batez munduan gertatzen dena estaltzen da sirenen doinu errepikakorraz.
Poztasuna, zilegi baino, hegemonikoa bihurtzen da egun beroetan eta, askotan, musikatxo jostalariaren eskutik, gero eta sakonago ehorzten dira titular, albistegi zein errealitate ilunak. Nortasun aldaketa gertatzen da instintiboki. Batzuetan beharrezkoa dela baieztatu dute lagunek. «Poztasuna ere behar da», diote barreka. Ez da pozgarria, baina gogoratu dute nola lagun batek herentzia bidez pisu bat jaso duen. Ustekabean heldu zaio etxea. Pisuak zaharberritze bat behar izan du. Eta horretan inbertitu du. Turismoak, udako abesti likatsua lez, haren hegalean estalpetu ditu etxetxoak. Zergatik ez alokatu jasotako hori, egungo mugida ilun guztiek atseden hartzen duten arte?
Lagunei irudi zaie izaera hegemonikoen abaniko horretan badagoela tinko mantentzen den bat urtearen garaiaz gaindi. Hamsterraren gurpila eragiten duten besteen artean, kaiolatxoan sartu nahi ez duen bat da. Gauzak argi ditu nortasun errebeldeak: kontua ez da tematzea diru iturria noiz edo nola helduko, halakorik bada, baizik eta etxea eskubide gisa exijitzea. Gozoa da eguzkiaren laztana, pipak jaten ari diren momentu atseginean, afera bat eta bestearekin hausnartu bitartean, Airbnb-n nahiko merke topatutako pisu eguzkitsuaren terrazan.




