Urtzi Urrutikoetxea
AMERIKETAKO ESTATU BATUEN INDEPENDENTZIAREN 250. URTEURRENA

Amets amerikarraren argi eta ilunetan

Datorren uztailaren 4an, 250 urte beteko dira Ameriketako Estatu Batuek independentzia aldarrikatu zutenetik. Sortze hura, aldiz, ez zen musu truk egindako ariketa bat izan, batez ere esklabotzak eta tokiko indigenen aurkako neurriek garrantzi berezia izan zutelako.

AEBko independentzia aldarrikapena, 1776ko uztailaren 4an. (Getty Images)
AEBko independentzia aldarrikapena, 1776ko uztailaren 4an. (Getty Images)

Ameriketako Estatu Batuen sorreratik 250 urte dira aurten. Uztailaren 4an, duela bi mende eta erdi, independentzia aldarrikatu eta Europako metropolitik apartean beren bideari ekin ziotela ospatuko dute. Hastapeneko hamahiru kolonia haiek bi ozeanoren artean hedatzen den 50 estatutako lurralde erraldoia bihurtu ziren hamarkada gutxian, eta munduko inperio nagusi XX. mendean. Egun ere, munduko lehen ekonomia da AEB, eta planetako Estatu boteretsuena, bai politikoki, bai militarki. Beste edozein herrialdek baino eragin handiagoa daukan nazioa da alde batetik, baina gainbehera zantzu argiak dituen inperioa ere bada bestetik. Eta bere mugetatik kanpo uzten duen lorratz garrantzitsua kontuan izanda, sinestezina ere bada zein neurritan bizi den bere baitara bildurik, herritar gehienek atzerrian gertatzen denaz oso gutxi dakitela.

«We, the people...» dira AEBko Konstituzioaren hitzaurreko lehen hiru hitzak. «Gu, herria» edo «gu, jendea» euskaratu liteke (esaldian aurrera jarraituz gero, «guk, Estatu Batuetako herriak» behar du), eta agerian uzten du XVIII. mende hartan iraultzailea izan zen elementua: herriak, herritarrek osatu eta gobernatutako herrialdeaz ziharduen. Ez Jainkoaz ez erregeaz, herriaz baizik. Herriak «agindu eta ezarri» zuen Konstituzioa, «batasun perfektuago bat eratzeko, justizia ezartzeko, barne lasaitasuna bermatzeko, defentsa komuna bermatzeko, ongizate orokorra sustatzeko eta askatasunaren bedeinkazioak geuretzat eta gure ondorengoentzat ziurtatzeko». Printzipio eder haiek sorreratik bertatik kontraesan eta muga argiak erakutsi zituzten: gizonei eta kapitalari lotuta zeuden, eta «askatasunaren bedeinkazio» haien aurkako esklabotzaren errealitatea bizi-bizirik zegoen.

Testu hori zirriborratzen hasi baino hamaika urte lehenago aldarrikatu zuten independentzia Ingalaterrak Ipar Amerikan zituen hamahiru koloniek, eta Londresekiko harremana eten zuten. Kolono zuriek Aro Modernoan Europatik kanpo ezarri zuten lehen estatua izan zen. Handik gutxira, XIX. mendearen hasieran, bide berari heldu zioten kontinente hartako kolonia gehienek, Espainiarekiko loturak hausteko.

Lehen kolono ingelesak Jamestownen. (Corbis | Getty Images)

KOLONIAK GERRAN

Ipar Amerikako lehen ingeles koloniak Virginiako Jamestownen eta Massachusettseko Plymouthen ezarri zirenetik, mende eta erdi pasatxo zen 1776an. Lehen kolono haietatik lauzpabost belaunaldi baino ez ziren igaro, haien ondorengoak metropoliaren aurka matxinatu eta beren etorkizuna erregerik gabeko errepublika bati lotu ziotenean. XVII. mendetik zetorren Argien Garaia zen. Ilustrazioak gizakiaren duintasunaren ideia erdigunera ekarri zuen; indibiduoaren askatasuna, Elizatik edo monarkiatik zetozen dogma estuen aurretik. Europan Frantziako Iraultzak egin bezala, Ipar Amerikako ingeles kolonietan ordezkaritzaren eta hitzaren garrantzia aldarrikatu zuten.

Gaur egun ere, Washington DC hiriburuko autoek “No Taxation Without Representation” leloa daramate. Hiria barruti berezia da, gainerako 50 estatuetatik apartekoa eta, ondorioz, washingtondarrek ez dute botorik hirian bertan dagoen Kongresuan. Hau da, Ordezkarien Ganberak eta Senatuak Washingtoni eragiten dioten neurriak hartzen dituzte, baina Washingtoneko herritarrek ez dute neurri horiek hartzen dituzten diputatuak hautatzerik, estatuen ordezkariak direlako, eta “DC” ez delako estatu federal bat. Horren aurkakotasuna adierazteko, 1760ko eta 1770eko hamarkadetako leloa darabilte washingtondarrek: “Zergarik ez, ordezkaritzarik gabe”.

Ipar Amerikako koloniak oso aberatsak ziren XVIII. mendearen amaieran. Britainiar Parlamentuak zerga bereziak ezarri zizkienean, iparramerikarrek hori tirania zela salatu zuten. Parlamentu batek zergak inposatzea, herritarrek hura hautatzerik ez baldin bazuten eta prozesuan hitzik ez baldin bazeukaten, tirania zen. Ordutik 250 urte joan dira, baina gaur egun eta azken hamarkadotan ere, horixe da lurralde baten kolonialismo egoera azpimarratzeko oinarrizko argudioa. Hala, Nazio Batuek deskolonizaziorako aldarrikatzen duten ezinbesteko baldintza da bertako biztanleek beren burua gobernatzeko duten gaitasuna. Eta mugimendu deskolonizatzaile zein independentista askoren akuilua ere argudio horretan dago, Kataluniako Estatutuaren kasuan ikusi bezala.

East Indian Companyren tea itsasora jaurtitzen, Bostonen. (Bridgeman | Getty Images)

1760ko hamarkadan, ezinegon horri entzungor egin ez ezik, ordura arteko bide kolonialetan sakontzea erabaki zuen Londresek. East India Companyk zergarik ordaindu gabe tea Ameriketako kolonietan saltzea baimendu zuenean (kolonietan negozio horretan ziharduten merkatarien kalterako), amorrua handituz joan zen. Bostonen ontzietatik itsasora jaurti zuten tea 1773ko abenduan, eta Filadelfian Ingalaterrara bueltan bidali zuten ontzia. Metropoliaren erantzuna Intolerable Acts edo “lege onartezinak” onartzea izan zen. Bostongo portua ixtea eta Massachusettsen autogobernua baliogabetzea agindu zuen Londresek, portura jaurtitako tearen galera ordaintzen zuten arte.

Neurriokin Londresek muturrekotzat jotzen zituenak baztertuta geratuko zirelakoan zegoen, eta gehiengoa britainiar autoritatearen mendera itzuliko zela. Erabat aurreikuspen okerra izan zen: 1775eko apirilean Lexington eta Concordeko guduek zortzi urteko gerra abiarazi zuten, Amerikako Iraultza edo Independentzia Gerra deitu izan dena. Britainiar Inperioak etorkizuneko lezioa garesti ikasi zuen, baina ez zuen aurrerantzean berdin jokatuko beste lurralde batzuen eskaeren aurrean, Australian edo Kanadan, esaterako. Bai, aldiz, bertako biztanleen aurka, Irlandan, Kenyan zein Hego Afrikan, besteak beste.

AEBko Konstituzioaren onarpena. (GraphicaArtis | Getty Images)

HEDAPENA ETA KONTRAESANAK

Testuinguru horretan egin zen 1776ko uztail hasieran Filadelfian Kongresu Kontinentala, gerran zehar AEBko Gobernuaren rola jokatu zuena. Uztailaren bian bozkatu zuten independentziaren aldeko ebazpena; bi egun beranduago, Thomas Jeffersonek zirriborratutako independentzia aldarrikapena bozkatu zuen Kongresuak. Pennsylvaniako State House-n edo Estatu Ganberan izan zen biltzarra; gaur egun, Independence Hall du izena, eta milaka bisitari erakartzen ditu.

Askatasunaren herrialde haren ideia nobleek berehala erakutsi zituzten estuegiak zituztela mugak. Monarkiaren ordez, ustez berdintasunez ziharduten herritarren errepublika bat eratu berri zuten. Errepublika hartan, alabaina, legezkoa zen pertsona batzuek beste pertsona batzuk jabetzan izatea, saltzea eta erostea, ganadua edo beste edozein ondasun balira bezala. Eta, askatasun indibidualen defentsan bezainbat, norbere jabetzaren alde sorturiko Estatua da AEB. Auzia ez da soilik kapitalismoaren oinarri den jabetzaren banaketa bidegabea; horren aurretik dator jatorrizko gaitza: jabetza hori lurraren aurreko jabeen (jatorrizko herrien) desjabetzean eta, era berean, beste pertsona batzuk jabetzaren zati izatean zegoen oinarrituta.

Lehengo hamahiru koloniak Atlantikoaren ertzekoak ziren. Appalache mendiak ez dira oso garaiak, baina hiru mila kilometroko luzera dute. Eta egiaz, AEBko lurraldearen zati txikiena dago zuzenean Atlantikora edo Pazifikora begira. Eremurik handienean, bertako ibaiak erdialderantz doaz, herrialdea ipar-hego ardazten duen Mississippiraino. Hala, hasierako Estatu Batuak Atlantikoaren luzeran hedatzen ziren, eta 300-400 kilometrotara zeukaten mendebaldeko muga. Mendi haiek igarotzeak beste mila kilometro hedatzea ekarri zion AEBri, Mississippi ibairaino. Handik gutxira, Europako nahasmena baliatua, Trumpek beretzat nahi lukeen erosketa egin zioten Napoleoni: Mississippitik ipar-mendebaldera Frantziak beretzat aldarrikatzen zuen eremua erosita, mende laurden lehenago sortu zenean baino lau aldiz handiagoa zen AEB. “Manifest destiny” (“Ageriko patua”) izenpean, egiteko sakratutzat definitu zuten herrialdea Atlantikotik Pazifikoraino hedatzea, eta berdin zion horretarako Mexikori gerra egin eta lurraldeak kendu behar bazizkioten.

Abraham Lincoln esklabo batekin hizketan irudikatzen duen obra, hondoan gerra zibila ageri dela. (Smith Collection-Gado | Getty Images)

GERRA «UNIONISTA»

Mendebalderanzko hedapenean arreta handia izan zuen Kongresuak Batasunarekin bat egiten zuten estatuak binaka sar zitezen. Hala, esklabotzarik gabeko iparraldeko estatu bakoitzeko, pertsonen jabetza legeztatua zeukan estatu bat sartzen zen, Kongresuan ez zedin gehiengo bakar bat gailendu. Geroz eta argiago ikusten zen: lurralde batzuetan esklabotza debekatua zegoen eta beste batzuetan esklaboak zituzten, baina Errepublikak, federala izanda ere, ezingo zuen iraun. 1861ean esklabotzaren aurka zegoen Abraham Lincolnek hauteskundeak irabaztean, hegoaldeko estatuek Batasunetik irten eta Konfederazioa eratu zutela iragarri zuten.

1865era arteko Gerra Zibila AEBren gerra ugarietan estatubatuar gehien hil zirena izan da, eta geroko historia sakonen markatu duena. 1776koa munduko nazio askorentzat inspirazio iturri izan zen prozesu independentista izan zen, eta, hala, leku garrantzitsua dauka AEBko memoria kolektiboan. Baina, paradoxikoki, hura bezainbat edo are gehiago markatu zuen Gerra Zibila, esklabotzaren amaiera ekarri zuen gertaera izanda ere, gatazka unionista izan zen. Konfederazioa zapaltzeak letra larriz zizelkatu zuen Batasunean sartzen ziren estatuek betiko egiten zutela, eta ez zegoela sezesiorako bidea hartzerik.

Sarritan galdetu izan da: “askatasunaren” ideiaz hain maiteminduta zeuden “aita fundatzaile” haiek nola justifika zezaketen esklaboak izatea? Batzuek ikusi zuten herrialdea batuta mantentzeko era bakarra zela, eta hura amaitzeak zatiketa eta gerra ekar zezakeela, azkenean gertatu zen bezala. Beste askok logika bihurri eta interesatua erabili zuten printzipio liberaletan. Gogoan izan askatasunen artean jabetza eskubidea ere txertatzen zutela, hau da, esklabo jabeek esklaboak jabetza gisa edukitzea.

Txeroki familia bat Ipar Carolinan. «Indiar zibilizatutzat» hartzen zituzten, baina haien lurrak kendu eta Mississippitik haragoko Indiar Lurraldera bidali zituzten, egungo Oklahomara. (Apic | Getty Images)

LURRA

Esklabotza krimen bat izateaz gain, AEBren sorrerako oinarrizko printzipio ederren aurkako errealitate bat zen. Baina ez bakarra. Australiaren kolonizazioa terra nullius nozioan gauzatu zen legez (bertako jatorrizko biztanlerik gabeko lurralde bat balitz bezala, zuriek kontrolpean noiz hartuko zain), AEBn ere “aurkikuntzaren doktrina” bertako lege bihurtu zen ia hasieratik. Gaztela eta Portugaldik Europako hainbat herrialdetara hedatu zen politika hori (europarrek mundua konkistatzeko, arpilatzeko eta kolonizatzeko erabilia) Ipar Amerikan sortutako estatuak ere bere egin zuen. «Kontinentearen luze-zabalean, bertako istorio, monumentu eta ikurrek lehen kolonizazioaren historia kontatzen dute: sortzaileak, lehen eskola, lehen etxola, dena delako lehendabizikoa, euro-amerikarren aurretik leku horietan oparo bizi izan zenik sekula egon ez balitz bezala», dio AEBko historia ikuspegi indigenatik landu duen Roxanne Dunbar-Ortizek.

Westernetan bufalo ehizan ziharduten indigena nomaden irudia nagusitu zen arren, Ipar Amerikako jatorrizko biztanle gehienak herrietan bizi ziren, lurra lantzen zuten eta merkataritzan ziharduten auzokoekin. «Bost tribu zibilizatuak» ere deitu zieten txeroki, chickasaw, choctaw, seminola eta muscogee edo creek herriei. AEB hegoaldean bizi zirenez, kristautasunera bildu ziren haietako asko, nekazaritzan ziharduten eta esklaboak ere izan zituzten. Paradoxak zer diren, herrialdearen hedapenean hegoaldeko lurraldeetan kotoia lantzeko sobera zeudela iritzita, Andrew Jacksonek Indian Removal Act edo Indiarrak Egozteko Legearekin egungo Georgia, Tennesse, Alabama zein Ipar Carolinan bizi ziren “indiar zibilizatu” haien lurrak hartu eta Trail of Tears edo Malkoen Bidera bidali zituzten mendebalderantz, Mississippitik haragoko Indiar Lurraldera (egungo Oklahoma). Milaka hil ziren bidean. Andrew Jackson hogei dolarreko billetean ageri da eta Obama hura ordezkatzen saiatu zen; Trumpek bere presidente gustukoena dela esan izan du.

Dunbar-Ortizek dioenez, «AEBko historian dena da lurrari buruz: nork gainbegiratu eta landu zuen, nork bereganatu eta banatu zuen zonatan, eta nola erabili zen mozkinak sortzeko». Ez da harritzekoa, horrenbestez, mugimendu indigenaren lelo nagusia “Land back” (“Lurra itzuli”) izatea. XIX. mende amaierako indigenen azken sarraskiak Black Hills edo Mendi Beltzak (Sápa Páha, lakoteraz) eskuratzeko izan ziren. 1980an Auzitegi Gorenak indigenei arrazoi eman zien eta 105 milioi dolarreko kalte ordaina ezarri zuen. Lakotek ez dute dirutza onartu. Mendiak itzultzea nahi dute.

Woodrow Wilson (Getty Images)

INPERIOA

Atlantikotik Pazifikorako mapa osatuta, 1898an haragoko bideari ekin zion herrialdeak. Espainiak Kuba, Puerto Rico, Filipinak eta Pazifikoko koloniak galdu zituen AEBrekin izandako gerran. Kolonbiaren mende zegoen Panamaren independentzia bultzatu zuen bi ozeanoak batzeko kanala egiteko. Hawaiiko monarkia erauzi eta etorkizunean Batasuneko estatu bihurtuko zen Pazifikoko lurraldearen kolonizazioari ekin zioten.

Barne kontraesanak ekarri zituen kolonia izandakoak inperialismoan egindako lehen urrats haiek. Lehen Mundu Gerraren amaierak autodeterminazioari buruzko Woodrow Wilsonen printzipioak ekarri zituen (Leninek ere landu zituenak bere aldetik) Europara, eta Bigarren Mundu Gerra amaitzean deskolonizazioari bide emango ziotenak. Bitartean, Wilsonek segregazioa indartu zuen, lege lehorra onestera behartu zuten barne mugimendu puritanoek, baina sufragisten olatuari aurre egin ezinik, azkenean, emakumeen botoa onartu behar izan zuen. 1929ko burtsaren krakak New Deal-ari bide eman zion, eta Bigarren Mundu Gerraren ostean iritsiko zen oparotasunari. Merkatu kapitalista zen bete-betean, baina inolaz ere ez erregulaziorik gabea. Gaur demokratak ere ez lirateke ausartuko enpresek orduan zituzten korporazio zergak ezartzera.

Woodrow Wilsonen irudia «America first» leloarekin. (Getty Images)

ARRAZA

Ameriketako Estatu Batuetan dabilen edonork oso bizkor egiten du topo herrialdearen errealitatea alderik alde zeharkatzen duen auziarekin: edozein agiri egiterako orduan «ethnicity» eta «race» galderak daude. Etnia eta arraza. Lehenean, hispanikoa zaren ala ez galdetzen da; nolabait, hizkuntzari edo kulturari dagokio, zeure burua latinoamerikar -edo espainiar - kulturan kokatzen ote duzun. Librea da baietz zein ezetz esatea. Arraza kontzeptuak are gehiago ematen dio begietan kanpotarrari, baita hura sailkatzeko moduak ere. Inoiz «zuri» ala «beltz» gisa definitu behar bazen, egun «native», «Asia/Pacific» eta beste zenbait koadro txiki ere badaude markatzeko.

Beste edozein sailkapen bezain konstrukto artifiziala da (2030etik aurrera, «MENA» ere jasoko da, Ipar Afrikako edo Ekialde Hurbileko jatorria adierazteko), baina afro-amerikarrentzat estatistika garrantzitsua da beren egunerokoan: botoa ematetik etxebizitza aurkitzera, estatistika horiek sekulako pisua dute. Historian zehar aldatuz joan den konstruktoa da: italiar edo irlandar etorkinak ez ziren automatikoki zuri gisa izendatzen duela ehun urte. Katoliko nortasunak, gainera, nazioaren “berezko” sortzaileetatik (WASP, edo “anglo-saxoi zuri eta protestantea”) gradu bat beherago jartzen zituen. Hurrengo belaunaldiak AEBko melting pot edo arragoan sartu ahala, gizarteko eskalan ere gora zihoazen. Lehenbizi italiarrei legez, gero asiarrei gertatu zaie eta latinoamerikarrak ere mainstream estatubatuarrean txertatuz doaz. Horietako batzuek, juduek nabarmen, nortasun indartsu bati eutsiz egiten dute, baina melting pot horretan inondik ere nahasten ez den eremua afro-amerikarra da.

Esklabotza amaitu eta gutxira, Jim Crow legeak eta segregazioa ezarri ziren hegoaldean. Lincoln, gogoan izan, esklabotzaren aurka Alderdi Errepublikanoa sortu zuenetakoa izan zen, eta demokratak -hegoaldean nagusi zen alderdia- izan ziren segregazioaren bermatzaile. Lyndon B. Johnsonek, Kennedyren hilketaren ostean presidente bihurtuta, 1964an eskubide zibilen legea sinatu zuen, Atlantatik Alabamako Selmaraino joan zen Martin Luther Kingen eta eskubide zibilen mugimenduaren presiopean. Demokratek hegoaldea galdu zuten, lehenik Malcolm X hil zuten eta gero Martin Luther King bera, Memphisen, baina herrialdeak arrazismoaren aurkako bidean sartuta zirudien. Gerora, presidente afro-amerikarra ere iritsi zen, azken batean.

Martin Luther King, Selmatik Montgomeryra eskubide zibilen alde egindako martxan. (Getty Images)

Lorpen historikoak betiko ez direla oso agerian ari da geratzen, horratik. Esklabotzaren amaieratik 160 urtera, segregazioaren bukaeratik eta eskubide zibilen borrokatik sei hamarkada igarota, familia beltzek gaur egun ere solasaldia izan ohi dute etxeko umeekin, semeekin batez ere, hamar urte bete baino lehen: Poliziak geratuz gero nola jokatu, nola bete aginduak une oro, nola izan eskuak beti bistan eta ez eman aitzakiarik polizia indarkeriaren estatistika bihurtzeko. Washingtonen, Baltimoren, Chicagon, Memphisen, Minneapolisen, Atlantan... Kalean arreta pixka bat ipintzea aski da errealitatearen lehen zantzuak ikusteko. Eta azpitik doazen urak askoz biziagoak dira.

Aborturako eskubide konstituzionala ezabatu zuen Auzitegi Gorenak 2022an. Aurten, Eskubide Zibilen Legea alderantzikatu du, eta gutxiengoak babesteko sortutako legea orain gutxiengoak babestearen aurka egiteko baliatu du auzitegi berberak. Agenda erreakzionarioa aspaldikoa da, eta ez du etenik izan gobernu aurrerakoiagoak egon direnean ere. Behinolako orekak pitzatzen doaz, lortutako eskubideak lausotzen ari dira eta oinarrizko printzipioak ere zartatuz doaz. Munduko herrialderik indartsuena da, beste inork baino arma eta diru gehiagorekin, baina gainbehera ere begi bistan daukana. Eta historian inperio gutxi hondoratu dira era baketsuan.

Abortua legeztatzearen aldeko protesta asko egin dira urteetan zehar AEBn. Irudian, 1989an San Franciscon egindako salaketa ekintza. (Bromberger Hoover Photography | Getty Images)

OSPAKIZUNAK, ZATIKETAK, ETA TRUMPEN USTELKERIA

“America250” da AEBko independentziaren urteurreneko ospakizun ofiziala. Duela hamar urte sortu zuen Kongresuak horretarako batzordea, bi alderdien babesarekin. Polemikak lehendik ere izan zituen arren -sexismoa salatuz dimititu zuten batzordeko emakumeek, ardura postu garrantzitsuak gizonek baino ez zituztelako-, Donald Trumpen bigarren agintaldiak goitik behera astindu du erakundea. Demokratak kritikatzeko erabili ditu presidenteak urteurreneko ekitaldiak, bere bi semeen kriptodiruko negozioekin nahastu du erakundea, eta “America250” batzordera zuzendutako dirua Trumpek berak sortutako “Freedom250” erakundera bideratu du. Ezin ahaztu Trumpen lehen agintaldiaren amaieran bertan iritsi zela benetako urteurrena 2019ak izan behar zuela zioen ikerketa, lehen esklaboak Ipar Amerikara ekarri zituzten urtea azpimarratzen zuena. Trumpek “woke” ideiek “bere” urteurrena ez zapuztea erabaki zuen.

Kontuak kontu, “America250”-ek urte osoan zehar prestatu ditu ekitaldiak; nagusiak uztail hasieran izango dira, hilaren batetik bostera zehazki. Independentzia egunean, uztailaren 4an, kostalde batetik besteraino doan ospakizun sinkronizatua prestatu dute, leku bakoitzaren ordu kokapena ere aintzat hartuta. Besteak beste, “Gure etorkizun partekatua” izena jarri dio Smithsonian institutuak urteurrenari, «nazioaren lorpenak ospatzeko, gure historiaren ondorioak behatzeko, nazioaren ideiei eusteko lan egiten dutenen sakrifizioak omentzeko eta estatubatuarrei konpromisoa eskatzeko gure demokrazian aurrera egiten eta gure etorkizun partekatua mantentzen». Hala, Washington hiriburuan ekain amaieran eta uztailean egin ohi duen Folklife festibalak, sarritan herri zehatz bateko kulturari eskainia (Euskal Herria izan zen protagonista National Mall-en 2016an, duela hamar urte), aurten, ezin bestela izan, urteurrenari eskainiko dio. Eta hiriburutik kanpo ere joango da, herrialde guztitik antolatu dituen 40 festibaletan.