Trukea, ekonomia bizigarri baten alde
Gentrifikazioa, etxebizitzaren arazoa eta turismo masiboa hitzetik hortzera darabiltzagun garaiotan, etxe, arropa, liburu edota jostailu trukeak gero eta maizago egiten dira. Kontsumismo basatiaren alternatiba da partekatzea, ekonomia zirkularraren, jasangarritasunaren eta herriko bizitzaren pizgarria.

Azken urteetan hagitz ugariak dira gentrifikazioari, gehiegizko turismoari eta etxebizitza lortzeko ezintasunei buruzko aipamenak. Kontsumismoaren sorgin-gurpilean sartuta, arropa, jostailu eta liburuak gordetzeko ere txiki gelditzen zaizkio aunitzi armairuak. Partekatzea horren guztiaren antidoto ona izan daiteke, eta gero eta gehiago egiten dira Euskal Herrian ere oporrak pasatzeko etxe trukeak eta dirurik gabeko azokak, arropa, jostailuak, liburuak, landareak... zernahi partekatzeko.
Norberaren etxea trukatzeko plataforma ezagunena Home Exchange dugu. Hego Euskal Herrian 4.535 kide ditu eta 2025ean 10.758 truke egin ziren, 2024an baino %38 gehiago (Iparraldeko daturik ez dugu eskuratu, plataformak ez dituelako Akitania Berria eskualdetik bereizten). Uda honetarako trukeen aurreikuspena ere ona da: dagoeneko 3.213 daude erregistratuta. Mundu osoan, 290.000 kidek bat egiten dute bidaiatzeko modu ezberdin honekin.
EHUN ESPERIENTZIA
Saioa Bilbon bizi da eta duela hamar urtetik egiten du etxe trukaketa. Aitzinetik, Warmshowers (dutxa epelak) txirrindularien arteko sarean ere parte hartu zuen bikotekidearekin batera. Hogei truke bizikletan eta bertze 80 Home Exchangeren bidez; orotara ehun esperientzia bizi izan dituzte, azkenak 5 eta 3 urteko umeekin, jostailuak ere partekatuz.
«Txirrindularitzaren aitzakiarekin hasi ginen eta oso aberasgarria izan da, bai bidaiatu dugunean, bai jendea gure etxean geratu denean. Atea ireki eta bisitariekin egonez, etxean gaudenean guk ere bidaiatzen dugu nolabait eta besteen kulturetatik ikasten dugu», adierazi du.
Home Exchange plataformak puntu bidez funtzionatzen du. «Maximo bat ematen dizute, zure etxearen kokapenaren eta eskaintzen dituen zerbitzuen arabera. Norbaitekin aldibereko trukea egiten baduzu, aukera duzu punturik ez erabiltzeko. Batzuek zero puntu dute jarrita, aldibereko trukeak soilik egin nahi dituztelako. Logela bat trukatu ahal duzu, edo etxe osoa; zure etxebizitza edo zure bigarren etxea».
Orain, haurrekin, etxe osoa trukatzen dute Saioak eta familiak, baina bizikletarekin ibiltzen zirenean aski zuten sofa-ohe bat edo kanpin-denda jartzeko berdegune bat. «Konpainia pixka bat bilatzen duen jendea egon daiteke. Behin emakume baten etxean geratu ginen Alemanian eta berak nahi zuena gurekin herrian paseo bat ematea zen. Afaltzera gonbidatu gintuen eta oso polita izan zen. Beste pertsona batek mugitzeko zailtasunak zituen gaixotasun degeneratibo bategatik; momentu horretan jada gurpildun aulkian zegoen, lehenago bidaiatzen zuen, eta gurekin egonda hori gogoratzea bilatzen zuen. Oso interesgarria izan zen», oroitu du Saioak.
«Denetariko jendea dago. Familia bat kanpoan zegoen eta giltza non zegoen esan zigun: loreontzi baten azpian. Beste batzuek berdegune bat bakarrik uzten ziguten eta beraiek han ibiltzen ziren beren kasa. Oso esperientzia ezberdinak bizi izan genituen».

«OREKA BAT» DAGO
Jendearekin honetaz mintzatzen denean beldurra sumatzen du Saioak. «Mentalitate aldaketa bat egon behar da gure etxeko ateak irekitzeko. Gure gauzak daude hor, baina egiten duzunean konturatzen zara hor dagoen jendeak bere etxea utzi duela. Airbnb eta Booking-en erabiltzailea ere izan naiz eta ez du zerikusirik. Diferentzia da zuk badakizula zure etxera datorren jendeak bere etxea uzten duela. Hor badago oreka bat». Horregatik, berak ez du aitzinetik etxea trukatu ez duen norbaitekin trukatzen.
Aldez aurreko komunikazioa eta harremana garrantzitsuak dira berarentzat: «Feeling-a sortu behar da, konfiantza». Gertatu izan zaio norbaitekin sentsazio hori ez izatea eta ez onartzea.
Espektatibak ere kontuan hartu behar direla esan du. «Niretzat momentu honetan inportantea da jostailuak egotea eta hori jartzen dut filtroan. Eta jendearekin hizketan, galdetzen didate: ‘Zein adinetako umeak dira?’. Aurrekoan Donostian egon ginenean nagusiagoak ziren eta oso polita izan zen esan zigutenean jostailu batzuk bilatu zituztela guretzat egokiagoak. Hor bai, konplizitate eta ulermen bat dago».
«EZ DUGU IA DEUS KONPARTITZEN»
«Beti esaten diegu umeei konpartitu behar dugula. Parkean askotan entzuten dut hori, baina helduok ez dugu ia ezer konpartitzen», egin du gogoeta Saioak. «Beste gurasoei esaten diedanean etxe trukaketa egiten dugula, ‘guk hori ez’ erantzuten didate. Bada, agian, gure txikientzat jostailua konpartitzea guretzat etxea konpartitzea bezain garrantzitsua da», ohartarazi du.
«Nire umeei esaten diedanean beste ume batzuk etorriko direla eta beren jostailuekin jolastuko direla, batzuetan muga bat jartzen dute: ‘Ez dut hau ukitzea nahi’. Orduan esaten diet: ‘Jarri kartel bat’. Gauza batzuk uzten dizkiete eta beste batzuk, ez. Eta hori ere errespetatzen dugu. Beste etxe batera joan ginenean oroitzen naiz sekulako Lego politak zeuzkatela eginda eta kartel bat jarri ziguten: ‘Ez ukitu, mesedez’. Hezteko oso modu polita iruditzen zait».
Saioaren sendiak sarri errepikatzen du etxea, eta aurtengo udan hirugarrenez joanen dira Landetara. Donostiara eta Zarautzera ere bidaiatzen dute, hurbileko lekuetara. Diru aunitz aurrezten da eta hori da arreta erakartzen duen lehenbiziko gauza, erakargarriena. Baina baditu abantaila gehiago: «Etxe bizi batean zaude eta beste familia batek gauzak nola egiten dituen ikusten duzu, nola antolatzen den. Beste ekosistema batean zaude; ez, leku inpertsonal eta aseptiko batean. Joaten zaren tokiak nortasuna eta bizia dauka eta niri hori gustatzen zait. Ikusten duzu, adibidez, zure etxea ze minimalista den eta beste batek zenbat gauza dituen. Edo ze ilun dagoen edo ze gertu dagoen hondartzatik; ze zortea! Beste agertoki batean egongo bazina bezala da, baina agertoki bizi batean».
Plataforman derrigorrezkoa da izen-ematea, eta aseguru bat dago. Behin bertan behera utzi zieten truke bat eta plataformak bertze leku bat bilatu zien.

«WARMSHOWERS» EDO DUTXA EPELAK
Bizikletan ibiltzen zenean Herbehereekin maitemindu zen Saioa. «Jende pila bat zegoen Warmshowers egiten, gu hartzeko prest; aniztasun handia zegoen eta oso aberasgarria izan zen bidaia hori zentzu guztietan. Bruselan ere sekulako esperientzia polita izan genuen. Bizikletak lapurtu zizkiguten justu hegaldia hartu baino egun bat lehenago. Eta hurrengo astean, kasualitatez, Bruselako neska bat gelditu zen gure etxean, bizikleta denda bat zeukana. Esan zigun bazegoela plataforma bat lapurtutako bizikletak bilatzen laguntzen zuena, eta gureak topatu zituzten, gu jada Bilbon ginela. Bigarren eskuko sare baten bidez saltzen zituzten eta gureak zirela frogatu behar izan genuen bidaiako argazkiekin eta fakturekin. Surrealista izan zen dena: emakume honek bere bidaia bukatu zuenean lagundu zigun eta bizikletak bueltan bidali zizkigun. Bruselatik deitu zidatenean esanez ‘hemen dauzkagu bizikletak’, ezin nuen sinistu!».
Etxea soilik ez, arropa, liburuak eta landareak ere trukatzen ditu Saioak, eta inauterietan, mozorro trukea proposatu zuten auzoan.
BIGARREN BIZITZA BAT JOLAS ETA LIBURUEI
Ruth eta Esther Atarrabiakoak dira, Karrikaluze elkarteko kideak. Bertan, txikiekin euskarazko aisialdia lantzen dute. Berriki, Lapiko sortu zuten elkartearen barnean, euskara adin guztietako jendearen artean sustatzeko proiektu bat, non proposamenak aurkezteko eta hainbat ekintza egiteko aukera dagoen. Egiten dituzten jarduerak ugariak dira, publiko ezberdinarentzat, eta euskara da lokarria.
Seme-alabak eskolan hasi zirenean batu ziren Karrikaluzera bi lagunak, eta arropa trukatzeko azoka bat antolatzea bururatu zitzaien. «Hasieran lagunartean egitea pentsatu genuen, baina Iruñeko Geltokin egiten zutela ikusi genuen eta esan genuen: zergatik ez Atarrabian? Lehendabizikoa nahiko arrakastatsua izan zenez, beste bat egitera animatu ginen», kontatu digute.
Beti izan dute buruan txikiekin zerbait berezia egitea, eta jostailu eta liburu trukea egin zuten joan den astean Lapikon, ekainaren 17an eta 18an, arropa azokako sistema berarekin. «Umeak azokako benetako protagonista izatea» bilatu zuten, eskoletara eta etxeetara informazioa bidaliz, haurrek beren gauzak ekartzeko eta trukea egiteko. «Helburua ez zen sobera zeukatena kentzea, baizik eta oraindik erabilgarria den zerbait eramatea beste norbaitek har zezan. Arroparekin esaten genuen bezala, kontua ez zen armairua hustea, jostailu eta liburuei bigarren bizitza bat ematea baino».

HAURREK ERABAKI
Ruthek eta Estherrek aitortu dutenez, lehenengo arropa azokan jendea jantzi pila batekin etorri zitzaien; aunitz zaharrak ziren, eta ez ziren gai izan haiei errateko ekimenaren asmoa ez zela hori. Bigarrenerako jada argiago utzi zuten xedea, eta jostailu eta liburu azoka honetan, berdin. Gaur egun, batzuek behintzat, erraz bota dezakete jostailu bat eta berria erosi. «Baina azoka hauetan parte hartuz partekatzen, berrerabiltzen eta jada erabiltzen ez dugunari bigarren bizitza bat ematen ikas dezakegu». Antolatzaileentzat garrantzitsua da haurrak txikitatik kontzientziatzea, gauzei balioa ematea, zaindu behar direla ikastea, baita azokara zer eraman eta zer ez beraiek aukeratzea ere: «Hau ez dut erabiltzen eta eramango dut, edo hau ez dut baliatzen baina gorde egin nahi dut». Hausnarketa txiki horiek egiteko aukera izatea nahi dute.
Izan ere, «haurrek badakite zer gustatzen zaien eta zer ez. Eta beraien zerbait uzten dute, baina zerbait berria eraman dezakete etxera. Erosi beharrean, beste baten jostailu bat hartzen dute. Trukearen kontzeptu hori interesgarria da», defendatu dute.
Karrikaluzeko kideek uste dute batzuetan haurrei ez zaiela beharrak izaten ere uzten. «Ez diegu zerbaiten beharra sentitzeko denborarik ematen. Adibidez, behar izan baino lehen jada erosiak izaten dituzte zapatilak. Azoka hauek aukera eman dezakete behar hori sentitzeko».
TXARTELEN BITARTEZ
Azokaren bezperan, ekainaren 16an, egin zuten jostailu eta liburuen bilketa Lapikon, 17rako dena sailkatua eta txukun-txukun apaletan jarria izateko. Arropa trukatzeko azokan, txartel batzuk egin zituzten. «Arropa bakoitzak zenbaki bat zuen, balio bat. Adibidez, kamisetak puntu bat, jertseak bi eta soinekoak hiru. Orduan, soineko bat eta kamiseta bat eramaten bazenituen, lau puntu jasotzen zenituen eta horiekin lau puntu balio zuen zerbait eskuratzen ahal zenuen. Liburu eta jostailu bakoitzari ere balio bat eman zieten: puntu bat, bi puntu edo hiru».
Muga bat ere jarri zuten: bakoitzak bost gauza ekartzen ahal zituen gehienez, lehen azaldu bezala, armairua ez husteko. Txartel guztiak gastatu ordez, etxera eramateko aukera ere izan zen, bertze azoka baterako, gehiago egiteko asmoa baitute eta guztietan txartel berak erabiliko baitituzte.

DIRURIK GABEKO AZOKAK
Dirurik gabeko azoka bat egitea, edo bertzelako diru bat erabiltzen dena, txartelen bidez funtzionatzen duena, hagitz ideia ona iruditu zaie herritarrei. «Atarrabia herri txikia da eta giro oso polita sortzen da. Egia da lehenengo aldian gehienbat jende ezaguna egon ginela. Bigarrenean ezezagun gehiago etorri ziren. Ahoz aho zabaldu zen».
Ruthen eta Estherren umeek hiru eta zortzi urte artean dituzte eta haiek ere ilusioz parte hartu dute azken azoka honetan. «Aurrekoetan ere egon ziren guri laguntzen eta horregatik pentsatu genuen haiei eta gainontzeko umeei ere tokia ematea polita izango litzatekeela», hain maite dituzten jostailu eta liburuen bidez. Kontatu digutenez, liburutegia beti betea egoten da, udan igerilekuan ere badago liburutegia, eta aunitz gustatzen zaie txikiei bertan egotea.
Arroparen eta jostailuen kontsumismoaren antidoto ezin hobea dira dirurik gabeko azoka hauek; Atarrabiako lagunek dioten bezala, «ez dugulako beti dirua erabili beharrik eta garrantzitsua delako txikiei ere hori erakustea». Lagunarteko trukeen zaleak dira Ruth, Esther, bai eta Bilboko Saioa ere, eta arropa lagunei pasatzen diete aldaketa gogoa dutenean, ezkontza bat dutenean edota jantzi bat behin bakarrik erabili behar dutenean, «ez dirurik gastatzeko eta armairua gehiago ez betetzeko».
Haurren gauzekin ere pila bat egiten dute «gero eta jende gehiagorekin», zerbait txikia gelditu zaienean eta ongi dagoenean bertze norbaitek aprobetxatzeko. Arropa izan daiteke, edo motxilak, sehaskak, edozer.
Atarrabiako azoka hauek eta etxe trukeen esperientziek erakusten dutenez, ekimen hauek masa-turismoaren alternatiba izan daitezke, ekonomia zirkularraren elikagai, eta herri eta kulturen pizgarri ere bai, pertsonen arteko harremanak bultzatzen eta estutzen dituzte-eta.

«’El hoyo’ filmak ekarri zidan arrakasta ume txiki baten begiekin bizi dut: harriduraz, ilusioz eta pozez zoratzen»

«El sentimiento de soledad me incita a escribir»

Hegazti udatiar koloretsuak

La fibra que hace dos siglos enriqueció Yucatán hoy apuesta por un futuro sostenible

