Zero
Asko hitz egin da selektibitateko zeroez. Ez ditut ikasleen azterketak ikusi, baina imajina dezaket akats ortografikoz beteta daudela. Izan ere, neure inguruan ikusten dut hori. Whatsappak irakurtzen nagoenean min egiten didate begiek. “Horain”, “hordu”, “obe”, “arratzalde.” Batzuetan, mezua idatzi didanaren berba bera erabiltzen dut nahita nola idazten den ikus dezan. «Orain geratzen bagara, askoz hobe! Ordu ona da eta, hartara, arratsalde guztia dugu aurretik!»
Irakasleek aspalditik daramate euskara maila okertzen ari dela esaten. Akatsez betetako testuak zuzentzen dituzte egunero eta arazoaren jatorria zein den ere zehaztu dute. Haurrek eta gazteek ez dute irakurtzen. Liburuak albo batera utzi dituzte, tableta, telebista eta ordenagailu aurrean orduak igarotzeko. Letren artean murgildu eta istorioak imajinatu ordez, nahiago dute edukirik gabeko bideoak ikusi, eta sare sozialetako hizkera hori barneratu dute. «Six seven» esaten dute 67 zenbakia ikusten duten aldiro, «vamos» esanez ospatzen dituzte golak eta «baja dos» esaten digute gurasooi errieta egiten diegunean. “Ari naizela, ari naizela” entzuterakoan, baina, ez dakite Pello Errotaren eta Txirritaren arteko bertsoa jarraitzen.
Euskara gehiago hitz egiteaz hausnartzen dugu sarritan. Erabilerari ematen diogu garrantzia. Eta, bai. Euskara gehiago hitz egin behar da. Baina gehituko nuke euskara asko hitz egitea ez dela nahikoa, euskara ona hitz egin behar dela. Ez dut perfekzioa eskatzen, baina, bai, ardura. “Hona” eta “ona” ez da gauza bera. “Harra” eta “arra” ere ez. Euskarak bizirik jarraitzea nahi badugu, ahalik eta txukunen hitz egin behar dugu, gramatika zaindu behar dugu eta akatsak ekidin. Bestela, urte batzuk barru selektibitateko zeroez hitz egin ordez “zero” hitza nola idatzi behar den eztabaidatzen egongo gara!




