Garazi Albizua
IRITZIA

Konstelazio literarioa

Ez da osasungarria haserre bizitzea. Esaldi horrek bi hitz korapilatsu biltzen ditu: osasungarria eta haserrea. Hainbat ideiari tiraka idatzi nahi nuke testu hau. Lehenengoa: lekua. Kanpin batean idazten ari naiz, mugikorraren wifia partekatuz, denda moduko bungalow batean, aire giroturik ez, eta izerditan blai. Bigarren ideia: literatura. Kanpinera Donna Haraway eta Mariana Matijaren pentsamenduak ekarri ditut. Oporretan nago, nahiz eta idazten ari naizen. Aisia eta beharra kontzeptuak batu beharko nituzke konstelaziora.

Beraz, goazen artikulatzera -eta artikulu bilakatzera, bide batez- ideiak. Matijari kasu eginez, arreta ipini diet txorien kantuei; ez dut asmatzen zein kanta den hegazti bakoitzarena, baina saiatzen naiz entzuten, bakantzak direlako, eta osasungarria omen delako errutinatik urruntzea. Eta, normalean, idazten dudanean, ez diet kasurik egiten hegaztien mezuei; beraz, ziurrenik, Harawaik deskribatutako ez-lekutik ere nahiko urrun ibiliko naiz. Nahi nuke, izerdia aprobetxatuz, bi idazleen ideiak fusionatu konstelazio literarioan.

Normaltzat hartzen ditugun kontuei arreta jartzera bultzatzen gaitu Marianak. Hala nola txorien kantak bereiztera, baita eguneko errutinan sartutako kontu ezohikoak identifikatzera ere. Izan ere, ezbeharrak denboran mantentzen direnean, itsasoak harriari egindako mina nola, poliki-poliki, txertatzen ditugu errutinan, sarraskia kontu normala bihurtuta -barkatu naturari eginiko keinuak; oporretan nago eta naturaren behaketa ludikoa egin beharra dago-.

Beraz, biltzen gaituen lur eremua ezagutu behar dut; akaso, horrela ez-lekura nola heldu ere ulertuko nuke. Matijak esango luke abizendun gizon batek izendatuko duela sekula egon ez den lurra, eta Harawayk gaineratu, beharbada, abizen horrek daraman konpainiak jaguarrak esan ezin duena asmatuko lukeela bentrilokia ariketa batean. Elkarrekin batutako ideia likatsuak batzen ari zaizkit, zerbait esateko: Siddharthak izandako errebelazioa! Orduan, katarsia bere horretan utziz, caza batek zeharkatu du zeru urdin-urdina. Maniobretan ari direla dio kanpin-kideak.

Testua irakurri dut: badakit zerbait dudala esateko, baina ez naiz kapaza ikusteko. Agian sukarrak hartutako giroarekin pentsatzeak ez du zentzu handirik; agian arrunt bilakatutako bero olatu izugarriek, gerrek eta hasierako “haserre” kontzeptua konstelazio literariotik kanpo geratzeak ere ez.