Joseba Sarrionandia
Idazlea / Escritor
OROILOREAK

Albert Léon & Politeleia

Homero eta bere itsumutila.
Homero eta bere itsumutila. (William-Adolphe Bouguereau, 1874)

Hautatu dut nehor gutik aipatzen duen pertsona bat: Albert Léon. Sei urterekin gaitz batek osoki itsutu zuen, eta doi-doi oroitzen zuen umetan ikusiak zituela kolore zuria, horia eta berdea…».

Hala hasi zen Piarres Lafitte hizketan, ikusmena umetan zeharo galdu zuen lagun ja desagertuari buruz: «Ez zuen deus ikusten, eta hala ere, anitz gauza erakusten zeraukun…».

BAIONAKO IRAKASLE ITSUA IKASLE

Piarres Lafittek 1926an ezagutu zuen Albert Léon; Baionako apezpikuak Tolosatik etortzeko eskatu eta, Uztaritzeko Seminario Berria ireki zenean, zeregin berezi bat proposatu zion Lafitteri 1926ko urriaren erditsuko arratsalde batean. Esan zion bazela Baionako lizeoan Filosofia irakasle bat itsua, euskaraz irakurri nahi zuena, eta irakurlea behar zuena euskaraz. Ba omen zituen gizagaixoak braille idazkeran liburu asko, baina ez behar zituenak. Eta horiek norbaitek behar zizkion irakurri. Etxekoek irakurtzen zizkioten frantsesez eta ingelesez, baina emazteak eta alabak ez zekiten espainolez, euskaraz eta alemanez. Baionako Katedraleko Etxeberria jaun apezak irakurtzen zizkion gazteleraz. Jean Saint-Pierre kalonjeak euskaraz eta alemanieraz, baina oso lanpetuta zegoen, “Eskualduna” astekarian kolaboratzen, “Gure Herria” aldizkaria zuzentzen eta apezpikutegian bertan, eta horregatik eskaria. Ezin izan zuen Piarres Lafittek ezetz esan, eta hala bihurtu zen laster Albert Léonen itsumutil intelektuala.

Ostegun arratsaldero itsuari euskaraz irakurtzeko beharleku hori hartu ondoren, Lafitte itsu-irakurlea ez zen guti harritzen Léon horren adimenaz eta oroimenaz, itsuak lerro-alde luzeak gogoan edukitzen zituelako hainbat hilabeteren buruan.

Zuberoako pastorala (Paul Tillac)

FILOSOFIA ETA LETRAK

Aspalditik zen Albert Léon euskal estudioetan lizentziatua. 1909ko martxoaren 13an aurkeztu zituen Pariseko Unibertsitatean bi tesi, Letretakoa eta Filosofiakoa.

Lehenengo tesia, Letretakoa, izenburu honekin: “Une pastorale basque: Hélène de Constantinople”. Epaile izan zituen tesiaren aurkezpeneko larunbat goiz hartan Antoine Thomas, Erromatar Filosofia eta Erdi Aroko Literatura irakaslea Sorbonan; Julien Vinson, Hindustani eta Tamil irakaslea Hizkuntza Orientalen Eskolan; eta Gustave Reynier, Literatura Frantses irakaslea Sorbonan. Epaileak jakintsuak eta zurrunak izaten ziren orduan. Vinsonek autorearen ahalegin eskerga azpimarratu zuen. Ordena, metodoa eta ardura ere bai, enpresa hain nekeza burutzeko. Baina ez zen Vinson kritikak isiltzekoa, eta tesian zehar aurkitutako akats konkretuak seinalatu zituen. Beste bi epaileek ere, bakoitzak bere alorretik, merituekin batera “bainak” aipatu, eta eztabaida interesgarria izan zen.

Ordubete eta hiru laurdeneko letratuen eztabaidaren ondoren, minutu batzuk eman zizkioten Monsieur Léoni atsegin hartzeko, honek bere Filosofia tesi printzipala aurkeztu behar baitzuen berehala. Gaia, Baruch Spinozaren filosofia: “Les éléments cartésiens de la doctrine spinoziste sur les rapports de la pensée et de son objet”. Baruch Spinoza filosofia kartesiarraren ondorengo kritikoa izan zen, oso eztabaidatua bere sasoian, eta “Tractatus Theologico-Politicus” (1670) liburua anonimo argitaratu behar izan zuen. Gaur egun, XVII. mendeko filosofo arrazionalista handitzat hartzen da, René Descartes eta Gottfried Leibnizekin batera. Gnoseologia eta epistemologia saiakera horrekin, doktore titulua lortu zuen Albert Léonek.

Bi tesiak argitaratu ziren. Spinozari buruz tesi bikaina argitaratuta zegoen ja ordurako (Alcan, Paris, 1907). Pastoralari buruzkoa ere 525 orrialdeko liburu mardula izan zen: “Hélène de Constantinople, etude historique et critique” (Honoré Champion, Paris, 1909). Ustekabekoa da, igual, liburuaren dedikatoria nagusia, nori-eta Émile Durkheim Sorbonako irakasleari eskaintzen baitzaio ikerketa. Léonek esker amultsuak ematen zizkion, berriz, Julien Vinsoni, euskal gaiez jakin-mina pizteagatik, Georges Hérelleri pastoralez informatzeagatik, eta Bidegain abizeneko baxenabartar errientari itsu-irakurletzagatik. Bidegain horri zor zion Léonek Helena Konstantinoplari zegozkion sei pastoralen eskuizkribuak deszifratu eta irakurtzea, baxenabartar begi hoberenarentzat ere ez zena zeregin erraza izango.

Artean, Bretainian bizi zen Léon. Bretainiatik Euskal Herrira etorri zen. Georges Hérelle Baionako lizeoan Filosofia irakasleak lanpostua utzitakoan, lanpostu hori Albert Léonek lortu zuen, eta laster sartu zen euskaltzaleen zirkuluetara. Jean Hiriar-Urruty kalonje kazetariarekin eta beste askorekin hasi zen harremanean.

1911n Baionan (rue Bourg-Neuf 53) euskaltzaleen biltzar bat antolatu zen: Cercle d’Etudes Euskariennes. Julio de Urquijo, Georges Lacombe, Pierre Broussain, Henri Gavel, Martin Landarretche eta enparauak elkartu ziren eta “Revista Internacional de Estudios Vascos” aldizkari bikaina sortu zuten. Léonek asko idatziko zuen etimologiez, gramatika auziez, historiaz edo ohiturez “RIEV” horretan, “Euskalerriaren Alde”, “Gure Herria”, “Bulletin de la Société des Sciences et Arts de Bayonne”, “Eusko Yakintza” eta beste aldizkari batzuetan, harik eta 1953an hil zen arte.

ITSUA EUGENESIAREN SASOIAN

Itsuen gizarte-bazterketa gogorra izan zen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Eugenismo aldia zen, gizakien genetika hobetzeko zientziak asmatzen ari ziren, eta naturala ikusten zen pertsona genetikoki okerrak baztertzea. Itsuak loteria-saltzaile izaten ziren, edo musikari. Goi-mailako ikasketadun itsuak, onenean, itsuen erdi-irakasle bihur zitezkeen eskola berezietan. Gutxi gehiago hortik aurrera.

Albert Léonena salbuespena izan zen. 1883an sortua Bordelen, 4-6 urterekin itsu geratu zen arren, gurasoek ez zuten etsi, ez amore eman. Dena esateko, judu eta posizio oneko zituen gurasoak (aita Bordeleko Apelazio Auzitegiko kontseilari), eta eskola handietara igorri zuten umea. Albert, batxilertu, lizentziatu, agregatu eta Filosofia irakasle egin zen La Roche-sur-Yon hiriko lizeoan. Hiri hori Vendée departamenduan Estatua nagusitasuna ezartzeko eraiki zen Iraultzaren ondoren, hantxe zegoen prefetura: 1804an Napoléon-sur-Yon deitzen zen, eta 1815ean Bourbon-Vendée…

Filosofia eta Letra irakaslea zen. Itsuak ez ziren irakasle oso fidagarritzat hartzen. 1903an Bordelen, IIIe Congrès National d’Assistance Publique et de Bienfaisance Privée delako kongresuan, Albert Léon berak sin egin zuen: «l’aveugle n’est pas incapable d’enseigner les autres aveugles…». Onartzen zuen, hala ere, bista-oneko maisua argiagoa eta azkarragoa izaten dela irakaskuntza teknikoan. Orduan, Léonek kolaborazioa aholkatzen zuen, ondo ikusten duten maisuak irakasle itsuekin batera elkarlanean aritzea.

Praktikan, irakasle itsuak baztertu egiten ziren irakasgai teknikoetatik, eta humanistikoetatik ere bai. Azkenean, irakasle lez, musikarako geratzen ziren bakarrik.

«Itsuak eta elefantea» (Hokusai)

IDAZKERA ILUNA IRAKURTZEN

Laster gogaituko zelakoan hasi arren, Piarres Lafitteri ez zitzaion kantsagarria egin Albert Léonen itsu-irakurle izatea. Jakintsua eta ohartzailea omen zen Léon: entzun-ahala iruzkintzen eta argitzen omen zituen irakurritakoak. Gainera, alaia zen, dena oroitzapen, asmo eta umore.

Haren ateraldiak kontatzen zituen gero Lafittek. Testuak entzun eta ondo konprenitu ezik, ez zen iruzkinen bat egin gabe geratuko.

Behin, Hugo Schuchard filologo alemanaren artikulu bat irakurtzean, pasarte batzuk, “maite” hitzaren etimologia zeltikoaren ingurukoak beharbada, ilunkarak edo zehaztasun gutxikoak iruditu-eta, Léonek esan omen zuen:

- Segur naiz gizon horrek ez duela bere golkoa hustu, fantasiazko artikulu batez kitzikatuko dugu, ea bere onetik ateratzen dugun eta gauza hau ontsa esplikatzen digun.

Beste batean, Lucien Lévy-Bruhl aipatzen ari zirela, Léonek honela laburbildu zion Lafitteri filosofo horri buruzko iritzia:

- Lévy-Bruhlek erretzen du, baina ez du argitzen… Lucien Lévy-Bruhl, brule, mas n'éclare pas.

ITSUARI TOLOSA ERAKUSTEN

1927ko azaroan, Piarres Lafitte Tolosan lizentziatura amaitzen ari zela, Albert Leon jin zen hiria bisitatu nahi zuela-eta.

-Adiskidea, behar nauzu lagundu, nahi nuke hiria bisitatu…

Lafittek ezin ezetzik eman, nahiz eta zalantzak izan itsuari hiria nola erakutsi. Abiatu ziren kalerik kale, eta hara non hasi omen zen itsua:

-Hau bai kalearen ederra! Bideak badituzke bortz metra zabal eta etxe bakoitzak sei edo zazpi estaia edo solairu!

Harritu zen Lafitte, nola ote zekizkien itsuak kaleen eta eraikuntzen neurriak. Eta Léonek:

-Ez zira ohartu eztulkor ari naizela?

Lafittek uste nuen Léon marranta zela eztulka aritzeko, ez zuen galdera konprenitu, eta, gainera, ez zen galdera.

-Ez naiz marranta! Eztul eginez entzuten dut hats horrek joiten dituen murru-paretak ezker eta eskuin, eta harrabotsak salatzen dauzkit kalearen zabala eta etxeen goratasuna! Baionakoak baino handiagoak eta zabalagoan dira hauek!

Lafittek ezin zuen sinetsi, eta Léonek berriz:

-Erran dautzut, kolpeak sentitzen ditudala hogei eta hamar metrotara! Zuek ere sendi zinezakete, ez bazinete beti zuen begieri fidatzen.

Begiei konfiantza osoa begi onekook, entzumenari gutxi. Konfiantza gehiegi bakoitzak bere ikuspegian.

Esaten zuen gero Lafittek ez zekiela Léonek egun hartan Tolosari buruz ezer berri ikasi zuen. Baina, berak bai, asko ikasi zuela itsuen ezagutze-bideez.

«Helena Konstantinoplako» pastoralaren amaierakoa.

POLITELEIAREN BALIOA

Beste egun batean, Léonen etxean bazkaltzera gonbidaturik, Piarres Lafittek “politeleia” hitzaren esanahia ikasi zuen. Egun hartan ere galdera bat izan zen solasaren abiapuntua:

-Uztaritzen morala irakasten bide duzue?-galdetu zion itsuak apezari.

Lafittek baietz, morala irakasten zela, eta Léonek:

-Eta zuen gazteei aipatzen diezue politeleia?

Lafitte harrituta:

-Politeleia? Barkatu, jauna, hitz hori ere ez dut nik ezagutzen.

-Grezieratik ekarria da: poli- “asko” eta telos “xede” edo “nahi”. Erran nahi du, zerbait egiterakoan, horretarako gogoa behar dela indartu. Badakizu asmoak onak diren ber, gure eginkizunak ere balioztatzen direla…

Lafitte isilik geratu, eta Léonek azalpena jarraitu:

-Eman dezagun ikasleak bere idazlanari lotzerakoan pentsatzen duela: lan hau ontsa eginen dut… Lehenik, nire eginbidea betetzeko… Bigarrenik, gauza polit baten sortzeko atsegina izaiteko… Hirugarrenik, irakasleak nota ederra emaiteko… Laugarrenik, nota on horrekin etxekoak pozteko… Bosgarrenik, lan horri esker nire etorkizuna apailatu eta geroan norbait izateko… Seigarrenik, gizartearen onean izan dadin… Ikusten duzu ikasle horrek, idazlan bakar bat eginez, bospasei helburu betetzen dituela!

Lafitte aho zabalik geratu zen politeleiaren balioa kalkulatzen, baina Léonen emazteak eten zuen lilura, hura ere kultura handikoa eta hitz zorrotzekoa («mihi-azpikoa ongi pikatua zioketen», zioen Lafittek), itsuaren azalpenari amaiera emanez:

- Albert, Albert! Duela sei urte giristinotu zinen, baina judu erro zenbait gelditzen zaizkizu: kapital ttipienaz nahi duzu interes handiena bildu!