Oporrak
Jendea, jendea eta jendea. Oporretan, jendea besterik ez dut ikusten. Paradisu itxurako hondartzan, jendea. Modako mendi tontorrean, jendea. Monumentu historikoan, jendea. Berdin du nora zoazen. Esloveniara joan gara aurten, horren turistikoa ez dela pentsatuz eta ez dugu asmatu. Herrialde bikaina, paisaia zoragarriak, baina hori ere turistaz beteta. Bitxia da. ChatGPTri galdetu diot ea ze oporleku ez dagoen masifikatuta eta Eslovenia jarri dit lehenengo aukera modura. Hori bada masifikatuta ez egotea, akabo bakea aurkitzeko itxaropena!
Oporretan noanean, ez dut jende pilaketarik aurkitu nahi. Ez dut ilara luzerik egin nahi. Ez dut dena erreserbatzen ibili nahi. Estresetik aldendu nahian, estresatu egiten naiz bestela. Ematen du toki jakin batera zoazenean Instagramen denek ateratzen duten argazki hori atera behar duzula. Ematen du ekintza bakoitza kronometratuta izan behar duzula ezer ez galtzeko. Ez gara konturatzen, ordea, laku bat kanpotik begiratzea baino politagoa dela lakuan sartu eta bainu lasai bat hartzea. Edo herri batera joan argazki bat atera eta segidan alde egitea baino ederragoa dela bertakoekin hitz egiten duzun bitartean kafe bat hartzea. Nekatu naiz, oporretatik nekatuago itzultzeaz. Nekatu naiz dena planifikatuta izateaz. Arnasa dira oporrak eta, horretarako, arnasa hartzeko tartea izan behar da.
Geroz eta gehiago bidaiatzen dugu, eta, inkesta baten arabera, euskal herritarrak gara gehien bidaiatzen dugunak. 2024an, 1.000 biztanleko 930 bidaia egin genituen. Ziur munduko beste puntara joan eta han ere euskaldunak aurkitu dituzuela. Ilusioa egiten dit horrek, baina ilusio handiagoa egingo lidake hondartzan bakarrik egoteak, Eiffel dorrean argazkiak ateratzeko lekua izateak eta Veneziako gondola hartzeko ilararik egin behar ez izateak. Nora joan nahi dugun pentsatu ordez, oporrak nola gozatu nahi ditugun pentsatu behar genuke. Eta, nire oporretan, ez da masifikazioa sartzen.



