Hondakinetatik memoriara
San Joan Bataiatzailearen baseliza XII. mendeko ermita erromanikoa da, Arrosta (Aragoi) herri abandonatuaren inguruan kokatua, Leire mendilerroaren aurrean. Historia paregabea du. Sebastian Arquitectos arkitektura estudioak gainbegiratu zuen zaharberritzea, eta, gaur egun, Aragoiko Donejakue bidea egiten duten erromesentzako aterpe gisa erabiltzen da.

Esako urtegiaren hegoaldean, Arrosta herri abandonatuaren alboan, XII. mendeko ermita erromaniko bat dago. Urtegia sortu ondoren, eremu guztia urpean geratzeko arriskua zuen zona izendatu zuten, eta bertako biztanleak kanporatu eta eraikinak pixkanaka narriadura prozesu batean sartu ziren. Eraikina bertan behera galdu ez zedin, administrazio publikoek interes kulturaleko ondare izendatu zuten, baina hasierako kaltea egina zegoen jada. Ur infiltrazioen eta denboraren poderioz, eraikina kolapsatu egin zen 2000. urtean, eta jatorrizko bi metro inguruko hormak soilik gelditu ziren zutik.
Arrostako San Joan Aragoiko Donejakue bideko pieza garrantzitsua izan zen, bertan Espainiako erromanikoaren mural garrantzitsuenetako batzuk baitzeuden. 1963an, ordea, margo horiek erauzi eta Jakako Elizbarrutiko Museora eraman zituzten. Ermitan, beraz, bere erabilera eta pintura guztiak galduta, horma sendo eta biluziak baino ez ziren geratu.

Ermita kolapsatu zelako berria argitaratu eta egun batera, 2001eko otsailean, Aragoiko Gobernuko Ondare Zuzendaritza Nagusiak berreraikitze lanei ekingo ziela iragarri zuen. Lehen esku hartze horrek kritika gogorrak jaso zituen hainbat adituren aldetik, eta esku hartze desegoki eta kaltegarritzat jo zuten. Izan ere, eraikinaren barnealdea eguratsaren eraginpean utzi zen. Espazioa «irabazteko», zenbait hormari euskarriak desmuntatu eta harriak izkina batean utzi ziren pilatuta, eta estalkiaren apeoak ere kendu egin ziren. Horrez gain, obretan erabilitako makinek bide naturalak hondatu zituzten, eta landaredia beharrezko baimenak tramitatu gabe ezabatu zen.
Kalte horiei guztiei buelta emateko asmoz, eta eremu handiagoa hartzen zuen esku hartze baten barruan, 2021ean ermita leheneratzeko lanei ekin zitzaien, Sebastian Arquitectos bulegoaren eskutik. Esku hartzeak jatorrizko bolumena berreskuratzea aurreikusten zuen, falta zitzaion %60a osatuz, eta, halaber, ermita erromesentzako babesleku izateko egokitzea zen xedea, Aragoi ibaira eta Leireko mendilerroari begira dagoen kokapen pribilegiatu batean.
Berreraikitzea modu kritiko eta abstraktuan egin da, jatorrizko eraikinaren hormen lerrokadura baino apur bat atzeratuago, eta haren harlangaitzezko hormen lerro horizontalak berrinterpretatuz. Atzeratze keinu horrek XVIII. mendean egindako esku hartze bati ere egiten dio erreferentzia, nabe nagusia berreraiki zenean antzeko erabakia hartu baitzen.

Eraikin berriaren materialtasunak arkitektura tradizionalari egiten dio keinu, baina formatu eta teknika garaikide batean berrinterpretatuta. Argazki historikoetan dokumentatutako elementu arkitektonikoak modu figuratibo eta abstraktuan irudikatu dira. Teilatua harrizko lauzez estali da, eta horren ertzean sortzen den itzal garbiak estalki hegalaren posizioa azpimarratzen du.
Fatxadan, CNC teknologiaren bidez moztutako harlanduek harlangaitz-hormaren lerro horizontalak irudikatzen dituzte. Pieza bakoitzean egindako hozkadei esker juntura guztien parean zulo txikiak sortzen dira, presbiterioan ikus daitezkeen horma zuloen berrinterpretazio gisa. Zulo horietatik argi lauso bat sartzen da eraikinera, eta barrutik harrizko fatxadari arintasun itxura ematen dio. Fatxada nagusian, harrizko hormen hormigoizko koroa-habearekin bateratuta, leiho bat sortu da, argazki zaharretan dokumentatutako jatorrizko baoan oinarrituta.
Kanpoaldean ere eraikinera sartzera gonbidatzen gaituen interbentzio paisajistiko bat egin da. Sarrerako bidea harrizko lauza handien bidez estali da, inguruko belardiaren mailatik apur bat beheratuta. Belardian, eraitsitako eraikinetik berreskuratutako harriak sareta ortogonal baten modura zabaldu dira, eraikinaren aurrean atalase erakargarri eta artistiko bat sortzeko.
Hots, eraikin honen arkitektoek esan zuten moduan, arkitektura oro bere izaera zehazten duten funtsezko balioekin eraikitzen da, eta zaharberritzeari dagokio arkitekturaren gainean egiten ditugun aldaketek haren formaren gakoak ez galaraztea eta memoria horri behar duen argia ematea.



