Ali G-ren itzulera

Sacha Baron Cohenek debuta egingo du zuzendari lanetan eta bere pertsonaiarik ospetsuenetako bat berpiztuko du «Ali G: Who Iz I?» filmean. Urriaren 23an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.
Sacha Baron Cohenek debuta egingo du zuzendari lanetan eta bere pertsonaiarik ospetsuenetako bat berpiztuko du «Ali G: Who Iz I?» filmean. Urriaren 23an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. (Allen BEREZOVSKY | GETTY IMAGES)

Duela 24 urte, film deskribaezin bat heldu zen aretoetara. Tira, batez ere, pertsonaia zen berezia: Ali G. Baina Ali G ez zen zineman jaio, ordurako fenomeno txiki bat zen Britainia Handian. Txandal horiaren, betaurreko ilunen, txapelaren eta hitz desitxuratuz betetako pertsonaia bitxi haren atzean Sacha Baron Cohen zegoen. Komiko gazte hark Britainia Handiko aldirietako gazte zuri jakin batzuen parodia gisa sortu zuen pertsonaia, kultura beltz eta jamaikarrari lotutako estetika, musika eta jarrerak imitatzen zituztenena.

Arrakasta itzela izan zuen, eta 2000. urtean Channel 4 kateak bere programa propioa eman zion pertsonaiari: “Da Ali G Show”. Han, Cohenek bere metodoa fintzen jarraitu zuen. Mozorroa jantzi, nortasun erabat zentzugabea hartu eta tranparen izaera guztiz ulertzen ez zuten pertsona errealekin elkarrizketak egitea.

Saio hartan bertan, Cohenek bere ibilbiderako are garrantzitsuagoak izango ziren beste bi pertsonaia garatu zituen: Borat, Kazakhstango kazetaria; eta Brüno, Austriako modaren munduan murgildutako kazetari bitxia.

2002ko “Ali G Indahouse” filma ez zen, gerora “Borat” edo “Brüno” izango ziren bezala, nazioarteko fenomeno bihurtu, baina komertzialki ondo funtzionatu zuen. Ali G pantaila handira eramateko lehen saiakera izan zen, eta, aldi berean, Cohenen ibilbide zinematografikoaren abiapuntua.

Pertsonaia, ordea, hasieratik egon zen polemikaz inguratuta. Kritika batzuek zalantzan jarri zuten txantxaren jomuga benetan kode kultural horiek bereganatzen zituen gazte zuria ote zen, edo, pertsonaiak berak erabiltzen zituen arraza estereotipoak ote ziren. Eztabaida hori Ali G-ren ibilbidearen parte izan da hasieratik, eta gaur egun are nabarmenagoa da, irudikapen kulturala eta estereotipoez jabetzea inoiz baino arreta handiagoz aztertzen diren garai honetan.

Bada orain, 2026an, Ali G-k berriro jantziko ditu betaurrekoak, txandala eta kapela, inork gutxik espero zuenean. Sacha Baron Cohenek bere pertsonaiarik ospetsuenetako bat berpiztuko du “Ali G: Who Iz I?” filmean. Urriaren 23an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara; Cohenek, gainera, debuta egingo du zuzendari lanetan.

Bi hamarkada baino gehiago igaro dira. Mundua aldatu da, Internet aldatu da, bai eta probokazioa kontsumitzeko eta ulertzeko modua ere. Gaur egun bizi garen munduan, ia denok dakigu zer den troll bat edo troleo-a, zer den ezkutuko kamera bat eta nor den Sacha Baron Cohen.

Hor dago, beraz, itzuleraren paradoxa. Ali G sortu zenean, pertsonaiaren indarra, neurri handi batean, harriduran zegoen, jendeak ez zekien nor zegoen txandalaren eta betaurrekoen atzean. Gaur, ordea, trikimailua ezagutzen dugu. Badakigu Ali G Sacha Baron Cohen dela; badakigu elkarrizketa horien atzean kamera bat dagoela; eta badakigu, neurri handi batean, zer joko mota proposatzen digun.