Samur eta adi

Ane Zubeldia Magriñaren hondar lana dugu esku artean, 2024. urtean Igartza saria irabazi ondotik idatzi eta aurten argitara ekarri duena. Tartean, gainera, “Kontra” poesia liburua idatzi zuen egileak, Gazteen Poesiako Espainiako Miguel Hernandez saria jaso berri duena. Aitzinetik, Mejillon Tigre kolektiboko kide gisa, “Hitz Esana” fanzinean irakurri eta izen bereko performance literarioan bizi ahal izan genuen egilearen sormen lana. Ibili motza; aldiz, emari handikoa.
Obrak sei zati nagusi ditu eta argi dago idazleak formarekin esperimentatu nahi izan duela, denei ipuin edo kontakizun deitzen ahal badiegu ere; izan ere, denetarik aurkitzen ahal dugu: narrazioetatik hasi, eguneroko batetik pasatu, poesiatik igaro eta gibelera zenbatze batekin buka (eta idaztea gibelera zenbatzen ikastea omen, Hasier Larretxeak dixit). Lehen pertsonan, bigarrenean, hirugarrenean, singularrean nahiz pluralean aritzen da narratzailea, beraz polifoniko deitzen ahal diogu.
Dena den, erranen nuke edertasunarekiko lilura batek zeharkatzen duela liburua, ezaugarri formaletatik haratago: «Aitonak ba ote daki hementxe duela zerua, eskura, hori jakin nahi zenuke»; edo «Ezereza dira idien begiak intsektu txikientzat. Samurtasuna darie, horrela, euliak dituztela malko-lerroan, soa nonbait pausatzen dute, gariaz, soroez eta herriaz harago ikusiko balute bezala. Den-dena ikusiko balute bezala».
Paisaian errotuta daude ipuinak. «Badirudi hemen beti izan behar dela uda; leku honek ez duela zentzurik beste urtaro batzuetan»; baina aldika paisaiak fantasiarantz egiten du, elementu magiko bakanen baten eskutik beti. Hala, paisaia propioa eratzen du: «Laurak geunden biribil txiki haren barruan, mikro-mundu urrekara hartan elkarrekin, haize berri bat barruan. Eta gure ahoak kobazuloa bezain basatiak ziren, eta gure adatsak iturburua, eta gure oinak errekarenak». Horrez gain, denboraren presentzia nabarmena da, izan iragan arragoa, izan etorkizun ziurgabea edo orainaren zentzua.
Bertzalde, zentzumenak ernai ageri dira: «Nik ez dut jakin nahi nola desagertzen den gauzen usaina. / Izatez, ez dut jakin nahi nola desagertzen den ezer. / Ez dut nahi. / Nik dena nahi nuke gogoratu». Zuzeneko erreferentziez gain, zeharka ere bilatzen da hitzek zerbait biziaraztea, piztea. Hortaz, ausardia ez da formara mugatzen, hedatu egiten da literaturaren muineraino.
Maiz, liburu bat irakurri edo ez erabakitzeko, edozein tokitan ireki eta lerro batzuk irakurri ohi ditugu eta iduritzen zait, obra honen kasuan, arras inpresio ezberdina izanen genukeela liburua han edo hemen ireki. Badu bere xarma horrek. Akaso, estilo ariketa izaten ahal da irakurleendako, formak kontakizunaren muina zenbateraino baldintzatzen digun neurtzeko modu bat.



