MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Martin eta Martin

Martin eta Martin 1997. urtean jaio ziren. Martin baten amak, umea gurditxoan zeramala, topo egin zuen haurdun zegoen beste amarekin, eta ohikoak diren galderen artean izenarena ere irten zen. Martin zuen izena gurditxoan lo zegoenak eta Martin izango zen jaiotzear zegoena ere. Agur eta agur! Gero arte, bai! Martin eta Martinek ikastolako gela berean topo egin zuten. Eta lagunak dira ordutik. Udan garai luze bat apartatuta pasatzen zutenean, berriz topatzean luze aritzen ziren hizketan. Hizketan, jolasa bera ere une batez alde batera utzita, ingurukoen harridurarako. Hizketan ahots baxuan, luze. Hizketaldi luze, jolas, ikasketa, txango eta bizipenez harilkatu dute orain artekoa. Biek egin dituzte hemezortzi urte, biak urtearen lehen sei hilabeteetakoak direlako. Biek izan dute, beraz, botoa emateko aukera azken hauteskundeetan, eta eman dute. Biek egin dute selektibitatea aste honetan, Nafarroan ez bezala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aste honetan egin baitute. Iparraldekoek... Eta orain aukeratu egin behar dute. Ate bat zabaltzen denean asko ixten dira eta orain irekiko duten ateak badu behin betiko izatetik apur bat. Egin liteke atzera. Edo aurrera egin, eta utzi genuena ondoren ikasi. Hori du ona hemezortzi urte izateak, askorako eman dezakeela. Baina une bat iritsiko zaie Martini eta Martini, zeinean lan munduan murgildu beharko duten, euren kabuz bizi beharko duten, etxebizitza bat beharko duten bizitzeko. Agian, beraiei oraindik ez, bi egun baino ez baitira pasa ikasturteko azken ahalegin gogorra, eurentzat sekulako gogorrena, egin dutenetik, baina beraien amek eta aitek eta maite dituztenek izango zuten une batean pentsamendu hori buruan iltzatuta. Krisi ekonomikoa hasi zenean askotan errepikatu izan zen kapitalismoa ordura arte ezagutu genuen bezala ez genuela gehiago ezagutuko. Ez dakit nolakoa izango den, eredurik aldatu ezean. Momentuz ikusten duguna da urte luzez lortutako eskubideak murriztu egin direla era oso bortitzean. Behin eta berriro ikusten ari gara lan egiteak ez duela bermatzen pobrezia egoeratik salbu egotea. Lanak ez duela bermatzen bizitza duinik. Behin eta berriz ikusten ari gara saldu nahi izan zizkiguten hainbat kontu, mini job zoragarriak, lan murrizketa behartuak, soldata murrizketak (andreengan murriztuagoak) ez zirela kontuak, benetakoak zirela. Ez zutela zorioneko amaierarik.

Martini eta Martini eta euren belaunaldiari ez zaizkie garai errazak tokatu. Agian izan dituzte inork baino Play Station gehiago (Martin eta Martin ez dira bereziki zaleak izan), igual izan dituzte une honetan eurek ere baloratzen ez dakizkiten aukerak, baina era berean garai zailak dituzte aurrez aurre. Dena den, ziur dakit asmatuko dutela moduren bat eurentzat, ondorengoentzat eta guretzat gizarte hobea egiteko. Seguru nago. Martin eta Martin, zorionak!