Jon Garmendia
EUSKAL ERREFUXIATU BATEN ODISEA

Preso izatetik aske ez izatera

Oier Oa (Donostia 1984), 2009an epaitu behar zuten Madrilen, Segiko kide izateagatik, baina ihes egin zuen. Hiru urte berantago Angelun atxilotu zuten; epaileak kartzelara bidali zuen ETA erakundeko kide izatea egotzita eta urte honetako apirilean amaitu du ezarritako zigorra. Ateratakoan ordea ez da guztiz aske izan: Saint Germain en Laye hirian asignatu zuten lehenik eta Sartrouvillen gero. Han egin genion bisita, Parisetik 30 bat kilometrora dagoen hirian. Egun gutxi berandugo Madrilen irekia zeukan auzia artxibatu berri ziotela jakin izan genuen arren, bere odisea garratza ez da oraindik bukatu.

Oier Oaren kasuak pelikula bateko gidoia dirudi, krudela bere soilean, eta tragikomediaren zertzeladak dituena, baina batez ere, fikziorik gabea, errealitatean oinarritua, protagonistaren lekuan jartze hutsak min egiten duen pelikula horietako bat bailitzan. Frantzian ezarri zioten kartzela zigorra bete ondoren, Euskal Herrira hurbiltzeko aukerarik gabe utzi zuten, asignatu egin zutelako, Saint Germain en Laye hirian lehenik eta Sartrouvillen gero; seguruenik, lerro hauek argitaratzen direnerako askatasunari usairik hartu gabe jarraituko du, bere aurkako auzia Madrilen artxibatu badute ere erabakia hura finkoa izan eta Frantziak beste bat hartzen duen artean denbora pasako baita. Itxaroten duen familiari Oier ondoan izateko luzeegi bilakatzen ari zaion denbora, bi haur eta neskalaguna baititu Larresoron (Lapurdi) zai. Baina, Larresoron bizitzeko debekua ezarri dio Frantziako Justiziak.

Odisea izan da Oaren bidaia kartzelako ateak atzean utzi zituenetik. Apirilaren 4an atera zen presondegitik lau urteko zigorra beteta, eta preso mantendu zuten murruei agur errateko paradarik ukan gabe, kanpoan beste presondegi bat eraiki ziotela jakin zuen, Yvelines departamenduan, Parisetik hogei bat kilometrora dagoen Saint Germain en Laye hirian konfinatuko zutela esanda. «Espetxetik atera bezain laster, Saint Germain en Layeko komisariara joatea agindu zidaten. Larunbata zen, eta Aste Santuko oporrak ziren memento horretan. Komisariako poliziak ez zekien nor nintzen, ezta bertara agertzekoa nintzenik ere, noski. Halere, non lo egin behar nuen galdetu nion, edo biziko nintzen helbidea zein zen… baina berak ez zekien ezer. Komisariako burua asteartean itzuliko zela esan zidan, eta harekin argituko nituela kontuak, bitartean hotel bat hartzeko aholkatu zidan». Harridura aurpegiarekin kontatzen digu bere odisea nola hasi zen, Sartrouvillen, ekainaren hasieran oraindik bere bizitokia den herrian, Saint Germainetik hamar bat kilometrora.

«Banekien asignatua izan nintekeela, hau da, presondegitik ateratzean ez nintzela guztiz aske izanen, azken urteetan euskal militante askori ezarri baitiote Frantzian bizitzeko debekua, baina nire buruan ez zen sartzen halako baldintza gogorrak betearaziko zizkidatenik». Gertakariak narrazio modura eskaintzen dizkigu, eta asignazioaren gaiak begietara jo digunez, edo batik bat Frantzian bizitzeko debekuak, halakorik zergatik espero zuen azaltzeko eskatu diogu: «Nirekin erabili dutena ez da berria, euskaldun askorekin saiatu dute lehenago, trikimailu juridiko bat baliatzen dute, Assignation à residence izenarekin. 2012ko otsailaren 24an atxilotu ninduten Angelun ETAko kide izatea egotzita, Baionako komisariatik Parisekora eraman ninduten, eta epailearenetik igaro ostean Bois D’Arcyko maison d’arrêtean amaitu nuen, epaitua izateko zain atxikitzen zaituzten kartzeletako batean. Han nintzelarik, euroagindua eskatu zuen Espainiak, aspaldiko akusazio bati heldu eta Segiko kide izatea leporatuta, baina Versailleseko epaileak errefusatu egin zuen. Bi urte beranduago, 2014an, Pariseko auzitegiak lau urteko espetxe zigorra ezarri zidan, eta ez hori bakarrik, baita Frantzian bizitzeko debekua ere. Errekurtsoa jarri nuen, Frantzian bizitzeko debekua berriz aztertzea eskatuz, baina 2015ean atzera bota zuten eta erabakia berretsi zuten. Espainian dosierra oraino irekita nuenez eta Frantziako epaile batek motibo horregatik ezin nautela hara bidali erabakia duelarik, asignazioaren irtenbidea topatzen dute». Hotz-hotzean egiten du kontakizuna Oak, eta berak aipatzen duen irtenbidea, irteera nekeza duen zuloko sarbidea baino ez dela ohartzen gara, batipat bere xedea Larresoron bizitzea delako. Bere familiarekin, neskalaguna hangoa du, bizitokia bezala han du lan egiteko aukera ere, baina Frantziak bere lurretan bizitzeko debekua ezarri zion betirako.

«Ni babesteko dela argudiatzen dute, hau da, nire interesen alde harturiko neurri gisa aurkezten dute. Eta hor, sekulako paradoxa ageri da oraindik ere (Espainiak bere aurkako auzia artxibatu duela notifikatu eta Frantziak Oierrekin zer egingo duen erabaki artean) hiru aldiz sinatu behar dut egunean, bizitzera derrigortu nauten herritik ezin dut atera, lo egiten dudan lekuan iragan behar dut gaua, hau da, 21.00etan etxean izan behar dut eta goiza iritsi arte han egon, honela, babesa baino, kontrol judizial baten itxura gehiago du honek. Nik Frantziako legeek ezarritako kartzela zigorra osorik bete dut. Aske behar nuke, eta haien legeen arabera, bizi proiektu bat berreraikitzen; baina, nortasun agiririk gabe, diru laguntzarik gabe, lan egin ezinik, formakuntzarik egiteko eskubiderik gabe, gizarte segurantzarik gabe… nola? Espero dut nirea laster batean konponduko dela, baina hau guztia salatu behar da, nire atzetik etorriko den batek ez dezan egoera hau sufritu».

Sententzia bailitzan isiltasuna sortzen duen galdera botatzen du. Nekez agertuko da erantzuna emango dionik, ez behintzat logikaren eremu zorrotzetan oinarriturik. Atzera egiteko eskatzen diogu ordea, lehen jarraitu gabe utzi duen hariari heltzeko eskatzen diogu, Saint Germain en Layeko esperientzia kontatzeko. «Erokeria bat izan zen hura. Komisariatik irten bezain laster hotel bat xerkatzeari ekin nion. Saint Germain en Laye biziki turistikoa da, hiri burgesa, eta dena betea zen, ez zen lo egiteko tokirik inon. Turismo bulegoko neska bat eskaini zen laguntzera, eta ordubetez saiatu bazen ere, ez zuen ezer lortu. Lapurditik ere ahalegindu ziren lagunak eta senideak Internet bidez zerbait atzematen. Kartzelan frantseseko irakasle izan nuenak ere laguntza eskaini zidan bestalde, eta bere anaiarekin batera hamaika ahalegin egin ondotik, lorpenik ez. Azkenean, 20.00ak jota, eguraldi nazkagarri baten erdian, eta haurrak lehertuak zeudelarik, kartzelan marrazketa irakasle izan nuenak eskaini zigun apartamentuan amaitu genuen». Aipatzen dituen haurrak 6 eta 3 urteko bi mutiko dira.

Leku batetik bestera. Neska-lagunarekin eta haurrekin asteburua gozoan pasatu ondotik, bere egungo kalbarioa hasi zen. «Asteartean komisariako buruarekin elkartu nintzen eta berak halakorik ez zuela sekula ezagutu esan zidan. Ez zuela ezer ulertzen. Baginen bi, beraz. Nire aurrean Prefeturara deitu zuen (Gobernu Zibilaren parekoa) eta ezarri zizkidaten baldintzak ez zirela normalak adierazi zion Prefeturakoari. Hiru aldiz sinatzera etorrita eguna komisariako atean iragan behar nuela kasik, hala esan zion, baldintza horiekin ezin nuela lanposturik lortu eta dirurik gabe Saint Germainen moldatzea ezinezko gertatuko zitzaidala aipatu zion; Prefeturakoak, ordea, ezarritako betebeharrekin konforme ez banintzen, aski nuela Espainiara joatea, hala erantzun zion. Azpimarratu zion, bestalde, ez zela haien konpetentzia, Barne Ministerioarena baizik. Beraz, esku hutsik atera nintzen komisariatik. Segidan, abokatuari deitu nion. Honek Ministeriokoekin hitz egitea lortu zuenean, halako kasuetan (bai behintzat ordura arte ezagutzen zituenen artean), Administrazio frantsesak lo egiteko lekua finkatzen zuela iharduki zien, eta laguntza ekonomiko bat ematen zutela. Ez zuen harrera onik izan halere, Ministeriotik jaso zuen erantzuna iltzez betetako eserleku bat izan zen, hau da, euskalduna nintzela esan zioten, gu komunitate antolatu bat ginela, eta nahinola, babesa eta elkartasun aski izango nuela erantzun zioten. To».

Antza, euskaldun sortzearen abantailak, baina Euskal Herrian eginak ez diren legeek euskaldunari abantaila baino traba gehiago dakarkiotela bururatu zitzaion Oierri, behintzat, hala probatua zuen lehenago, eta halatsu probatzen segituko zuen aurrerantzean. «Bizi egoera honen aurrean salaketa juridikoa jarri genuen. Bi arrazoibide nagusi zituen salaketak: eskubide familiarraren urraketa barnebiltzen zuen batak, eta asignazio baldintzen ingurukoa besteak». Bestalde, prozedura judizialari bide egiten zion bitartean lo egiteko tokia edo bizitzeko beharrezkoak zitzaizkion baldintza minimoak zertan zeuden galdegin diogu. «Saint Germainen lo egiteko tokirik atzematen ez nuenez, ondoko herriko hotel batean iragan nituen hamar egun, Port Marlynen. Ondoren, emakume baten etxean gela bat alokatu nuen astebeterako. Aipatu nahi nuke, aste bakoitza 500 euro baino gehiago ordaintzen nuela». Lana eginda nekez ordaindu daitekeen diru kopurua, lanik egin gabe ezinezkoa, eta elkartasuna jaso behar izanda, majo kostatakoa. «Salaketa jarri nuenetik hamar bat egunera audience modukoa finkatu zuten. Hau epaiketa aurretik egiten da, defentsak eta fiskalak haien iritziak aurkeztu eta askotan epaiketa data finkatzen da. Bertan izateko eskaera egin nuen, Parisen zen, eta zuzeneko argudioak eman nitzakeela uste nuen. Epaileak, ordea, nire presentzia errefusatu zuen (ongi hasten zen, beraz, afera). Audientzia eguna heldu zelarik, eta abokatuak arestian aipatu bi arrazoibideak sakondurik, epaiketa egunera arte nire asignazio baldintzak berrikustea galdegin zuen. Epaileak asignazio baldintzak ez zirela ilegalak ebatzi zuen eta familiaren eskubideei zegokienez, ez zirela urratuak, familiak hala nahi izanez gero Saint Germainen bizi zitekeela argudiatuta. Ez zen epaiketa datarik finkatu eta oraindik erantzunaren zain gaude».

Karabanan bizitzen. Gauzak nolakoak diren, Larresoron lan eskaintza bat zeukan Oierrek kartzelatik irten bezain laster. Familia han du, neska-laguna bertakoa baita, eta baita bien bi haurrak ere. Baina Larresoro Frantzia da ofizialki, eta ebazpenak dio Frantziako lurretan ezingo duela inoiz bizi Oierrek: «Kuriosa da halere, alde batetik ukatu egiten baitute Euskal Herriaren existentzia, eta bestetik toki berezitu bat dela onartzen dute. Larresoron bizitzeko eskubidea mahai gaineratzean Euskal Herria ez dela existitzen, dena Frantzia dela erantzuten didate, baina asignazioaren baldintzak hobetze aldera abokatuak Larresoron izatea proposatzean aldiz, Euskal Herria existitzen dela eta bertako ordena publikoarentzat arrisku bat naizenez Parisen atxikitzen naute. Euskal Herria haiei interesatzen zaienean baino ez da existitzen», aipatu du Oierrek, eta Saint Germaineko bere arazoak kontatzen jarraitu du gero. «Lo egiteko lekurik ez nuenez, bertako eragileekin bildu nintzen, eta administrazioko estamentu desberdinengana jo nuen laguntza eske, baina dokumentazio ezagatik errefusatzen zuten. Azkenean, herriko apaizak haien seminarioaren belardian karabana jartzea baimendu zidan. Aldiz, instalatzea amaitu, lehen merienda lagun artean egin eta komisariara sinatzera joatean Sartrouvillera joateko agindua komunikatu zidaten».

Aipatzen duen karabana Euskal Herritik bidali zaion autoaren erremolke zahar bat da, bere neurria atondu zuen Oierrek eta han bizitzeko itxaropenari eutsi zion, behintzat patrikari kalte gehiagorik egingo ez zion esperantzari. «Saint Germain en Laye-tik Sartrouvillera mugitzeko arrazoia ekonomikoa izan da. Saint German en Laye garestia zela eta aurkitzen nintzen egoera prekarioa aintzat hartuz administrazioak Sartrouvillen hotel bat eskainiko zidala, hori izan zen argudio nagusia. Baldintzak berdin atxiki zituzten, ordea: egunean hiru aldiz sinatu eta gaueko 21.00etatik 07.00etara hoteletik atera gabe eta herritik ateratzeko debekua. Pole d’emploi-ra joan nintzen (Espainiako Inem litzatekeena). Han izena ematen ahalegindu nintzen, subsidioa kobratu ez ezik, lan eskaintzen zerrendan izateko. Ez zidaten utzi, ez bainuen dokumentaziorik. Gizarte Segurantzara joan nintzen, espetxetik ateratzean urtebeterako asegurua baitute preso ohi guztiek, baina hemen ere dokumentaziorik ez nuenez errefusatu egin zidaten. Espace d’action sociale delakora joan eta bertan zer eskaintzen ahal zidaten galdegin nien. Formazio, ikastaro… zer egin ahal nukeen galdegin nuen, alegia. Bertan ere dokumentaziorik gabe ez nuela deus egiterik erantzun zidaten. Lau banku desberdinetan kontu korronte bat zabaltzen ahalegindu nintzen eta dokumentazio ezagatik guztietan bota zidaten atzera. Ondorioa: ez diru laguntza aukerarik, ez lanik, ez lan eskaintzetarako aukerarik, ez ikastaroetarako, gizarte segurantzarik gabe... honela nola bizi liteke?». Hor uzten du galdera berriro, eta ardurak norenak diren azalduz jarraitzen du: «Joera dute nire egoeraren erantzukizuna espainiarrena dela esateko eta zoritxarrez komunikabideetan ere horren isla atzeman dut. Zalantzarik ez da espainiarrek egoera honetan erantzukizuna badutela, baina ez ditzala Frantziak eskuak garbitu. Izan ere, 2005ean, Paueko epaileak euroagindua onartu zuen eta dosier berbera 2012an Versaillesekoak errefusatu. Paueko epaileak 2005ean errefusatu izan balu, nik ez nukeen ihes egin beharrik, eta ondorioz ez nukeen espetxea ezagutuko, Lapurdin nire bizia lasai egin ahalko nukeen, familiarekin. Bestalde, asignatua banago, ez da Espainian Segiko dosierra zabalik nuelako, Frantziak ‘bere’ lurraldean bizitzeko debekua ezarri didalako baizik. Asignazioa debekuaren ondorio bat baino ez da. Debekurik ezean, Lapurdin bizi naitekeelako».

Sartrouvillen okerrera egin zuen egoerak. «Lo egiteko eskaini zidaten lekua zomorroz eta zikinkeriaz betea zegoen, goiz batez gorputza garatxoz josia neukala iratzarri nintzen. Jai eguna zenez, zabalik zen zerbitzu bakarra Maison Laffitteko urgentzietako ospitalea zen. Hara joateko komisarian salbokonduktua galdegin nuen. Urgentzietako medikuak gale (sarna) diagnostikatu zidan. Tratamendu bat eman eta biopsia bat egin zidan, baina tratamenduak efekturik egiten ez zidala ikusirik, sarna balitz kutsakorra dela aintzat hartuz eta asteazkenean senideak etortzekoak zirenez dermatologoarenera joatea erabaki nuen. Hoteleko gelako atea ixtear nintzela, intsektu batzuk ikusi nituen ohe azpian. Horiek bildu eta dermatologoari erakutsi nizkion. Honek argiki Puinase de lit zirela esan zidan, tximitxak alegia. Hotela infektatua zela, eta bertatik joan beharra nuela. Hoteletik alde egiteko Ministerioaren baimena behar nuenez, nik komisarian eta abokatuak Ministeriora deituz gertatua azaldu genien. Soluziorik eskaintzen ez zutenez, astebeterako apartamentu bat alokatu nuen Sartrouvillen 650 euro ordainduta».

Egun karabanan bizi da, eta gau bat oihaletxe batean ere pasatu du, harekin iragan da hedabide askoren orrialdetara. «Kontsuletxearen erantzunik ez dugu oraino, Ministerioarenik ere ez, komandanteak Prefeturatik ez zuela erantzunik... Sartrouvilleko apaizak elizako lorategian oihaletxe bat instalatzeko proposamena luzatu zidan eta maiatzaren 20ko gaua han pasatu nuen. Alboan haurrak ibiltzen direla eta Montessonen (Sartrouvillekin muga egiten duen herria) duten lur eremura mugitzea nahiago zutela esan zidaten. Bertan gainera karabana instalatzen ahalko nukeela, eta bertan nago gaur egun, soluzio baten eske, eta bereziki Larresorotik, eta Euskal Herri osotik heltzen zaidan laguntzari esker bizitzen».