amagoia mujika
IRITZIA

Urruti, baina gertu

Urrutitik bezala jasotzen ditugu, betirako urrutiko kontuak izatea nahi dugulako. Imajinatzen ditugu AEBetan denak arma bat poltsikoan edo poltsan, diru-zorroaren eta mukizapiaren ondoan. Imajinatzen dugu telefonoak jotzen duenean nola konturatu gabe pistola gerturatzen duten belarrira. Datuak ikusita, baina, broma gutxi. Joan den urtean AEBetan ia 400 pertsona hil ziren poliziaren eskuetan, «istilu txikiak» tarteko. Txikiak izango ziren akaso piztu zirenean, baina gerora tamaina galdu eta handiegi bihurtu zirela zalantzarik ez dago, denak amaitu baitziren poliziaren parean zegoen horren heriotzarekin.

Adibidez, Floridan, ama batek poliziari deitu zion, eskizofrenia zuen semea ezin etxera ekarri zebilelako. Eta kalean hotza egiten zuen, horixe amaren kezka (tipikoa amen kezken zerrendan). Gerturatu zen patruila-auto bat eta han ikusi zuten, kaleko hotzean, eskizofrenia zuen mutil gaztea erratz bat eskuan hartu eta hura astinduz. Eta arriskutsua iruditu zitzaien eta tiroz akabatu zuten, seko, hantxe bertan, amaren aurrean. Eta betirako hotz utzi zituzten ama eta semea.

Adibidez, Clevelanden, hamabi urteko mutiko bat pistola bat eskuan hartuta jolasean zebilen parke batean. Eta herritar batek abisua eman zion poliziari, bi zehaztapen oso garrantzitsu emanaz: Hamabi urteko haur bat da eta agian pistola ez da benetakoa izango. Baina, detaile txikiak aparte, polizia tentuz hurbildu zen parke ingurura, eta mutikoak «mugimendu arraro» bat egin orduko eman zizkion bi tiro. Eta, bai, hamabi urte zituen eta pistola jostailuzkoa zen. Eta han bukatu ziren jolasak.

Adibidez, errepidean zihoazela, kamioilari batek eta auto gidari batek trafiko istilu bat izan zuten. Errietak segitu egin zuen bidean eta bide bazterrean geratzea erabaki zuten, kontuak argitzeko. Jaitsi zen kamioilaria kamioitik, atera zen gidaria bere autotik, gerturatu ziren bata bestearengana eta, konturatzerako, gidariak tiro egin zion buruan kamioilariari. Eta bertan amaitu zen eztabaida, betirako. Eta ja ez dugu jakingo kamioilariak zer esan behar zuen. Dakiguna da auto gidaria polizia dela eta arma bat zuela poltsikoan.

Azken hau ez da AEBetan gertatu, Nafarroako Areson baizik. Aurretik aipatutako kasuetan bezala, herritarrak babestu behar zituena herritarrentzat arrisku bihurtu da, latza gainera. Ni bezala beste asko, polizia ikustean, lasaitu baino larritu egiten gara. Eta oraingoz ez dut alerta itzaltzeko asmorik. Pentsatu izan dut uniformeek joskera berezia dutela, janzten duena gainontzeko herritarrengandik zentimetro batzuk goraxeago sentiarazten duena. Ez da uniforme kontua. Joskera berezia zenbaitek buruan dauka, polizia izanagatik zapaltzailea izan behar duela sinesten duenak.