MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Izenik gabeko andreak

Hemezortzi segundoro andre batek tratu txarrak pairatzen ditu munduan. Tratu txarrak, biolentzia matxista, sexu jazarpena... jasaten duen emakume bakoitzaren izena idatzi beharko bagenu, zenbat orri beharko genituzke? Espainiako Estatuan 2013an berrogeita hamazazpi andre hil zituzten, iaz berrogeita hemeretzi. Aurten dagoeneko badira hogeita zazpi hildako. Frantziako Estatuan datuak antzekoak dira, hogeitaka izan dira aurten dagoeneko. Ba al dakizkizue euren izenak? Ba al dakizue, besterik ez bada, pare baten izena? Gogoratzen al ditugu gutxienez azken astean hildakoen izenak?

Martxoan, adibidez, egun berean bost andre hil zituzten Espainian. Egun berean bost! Gogoratzen al dugu bakar baten izena? Eta Galizian aitak hil dituen lau eta bederatzi urteko bi nesken izenak? Ze izen zuten? Egun hauetan edozein egunkari, edozein sare sozial zabaltzen dudalarik, “Cecil” lehoiaren historia eta haren ertz guztiak agertu zaizkit. “Cecil” bakarrik ez, bere anaia “Jerico” ere hil ote duten hizpide izan da. Bi lehoi: “Cecil” eta “Jerico”. Zimbabweko lehoirik maitatuena omen zen “Cecil”, Amerikako Estatu Batuetako dentista batek –bera ere famatu egin da– hil du.

Halako ehizaldiez eta ehiztariez zer pentsatzen dudan ez dizuet esango. Batetik, luze joango litzaidakeelako eta bestetik, lehoiak eta elefanteak aipagai, Espainiako Auzitegi Nazionalean ere amai dezakedalako ehiztari famatuak aipatzeagatik Espainiako Gobernuak indarrean jarritako “Mozal legea” tarteko. Ezinezkoa da hemezortzi segundoro biolentzia jasaten duen emakumearen izena gogoratzea, baina ez da onargarria, gertatutakoari duen larritasunetik ezer ukatu gabe, “Cecil” eta “Jerico” ahotan etengabe izatea eta ezin aipatzea hildako, jazarritako edo bortxatutako emakume horietako bakar baten izena ere. Eta ez daude urruti. Herriko festetan eraso dituztenak, kilometro gutxira hil dituztenak, buelta eman orduko kolpatu dituztenak… horiek guztiek izena dute. Izena dute, aurpegia dute, sentimenduak dituzte. Eta beldur handia dute. Eta mina dute, eta nazka. Eta horrez gain, jasan behar dute inguruko batzuentzat errudun direla gainera, edo gutxienez susmagarri. Beldurra, nazka, mina, lotsa, kulpa.

Ondo pentsatuta, izenena da gutxienekoa. Haien izenak ez jakitea baino askoz okerragoa da ez dugula asmatzen ezer eraginkorra egiten halako egoerak ez errepikatzeko, eta bitartean ontzat ematen ditugu «tradizioak», «bromak», «graziak»… botere zenbaiten akieszentziaz, onarpenaz, oniritziaz… konturatu gabe horretan dagoela benetako gakoa. Gatazka publikoan tokirik ez dugulako, sistematikoki baztertuak garelako. Botereguneak hartzea ezinbestekoa da, inzidentzia politiko zuzena izatea gai honek, azken finean, demokratizatzea (hitzaren benetako esanahian). Bestela, tradizioa, broma, grazia eta abarren izenean, edozein aginte-gunetatik hobesten dena muturreraino –heriotzaraino, bai– eramaten duen kultura bat sortzen ari garelako, nola gelditu ez dakiguna.