amagoia mujika
IRITZIA

Osasuna

Osasuna daukagun bitartean, ezin kexatu. Askori entzun dizkiot halakoak, baina gutxitan iruditu zaizkit sinesgarriak hitzok. Azaleko elkarrizketetan isiluneak tapatzeko formulak iruditu zaizkit gehienetan. Ez dut uste neronek askotan erabilitako esamoldea denik eta, erabili badut, kortesiatik gertu ibiltzearren izango zen. Adinekoen gauzak iruditu izan zaizkit, gaztearen osasuna eta sasoia berezko eta betiko bailiran.

Berak bai, berak egiatan esaten du, «hementxe gaude, osasuna daukagun bitartean, ondo». Kasik bederatzi hamarkada gastatu ditu bizitzen, makaltzen ari zaio pausoa, urruntzen entzumena eta txikitzen ari da. Bai, txikitzen ari da, eskasten. Lasai ederrean kontatzen du bere ama zena horrelaxe joan zela gastatzen-gastatzen bere azken urteetan. Emakume-puska izatetik kakanarrua izatera pasatu zela, desagertzeraino.

Ia beti bezala, hanka-hutsik dabil etxean. Txiki-txikitako ohitura omen du hanka-hutsik ibiltzea. Bihurri aurpegiarekin kontatzen du, garai batean izan zen neskato haren ohitura bat hain denbora luzean mantentzeak sortzen duen zirraraz. Baratzera joateko janzten ditu justu-justu espartinak. Osasunak baimentzen dion egunetan bizpahiru bueltaxka egiten ditu baratzera, tomateei kontuak esatera. Urteen joanean gero eta gertuago paratzen diote etxekoek baratzea. Ataritik baratzera hogeita bost bat pauso kontatu dizkiot aurten. Bueltakoan burua altxatu eta triste sumatzen nauela esan dit. «Triste ez, akaso nekatu samar...». Disimuluan aritu naiz, nahiz eta txikia nintzenean berak erakutsi zidan negar egitea ez dela txarra eta triste egotea beharrezkoa ere badela. «Egin negar lasai, azalarentzat oso ona da-eta». Eta ni, negartia orduan eta negartia orain, sutan jartzen nintzen. Gerora ulertu nuen negarra korapiloak askatzeko modua dela eta arnasa batzuetan tristea dela. «Norberaren arnasa entzuten jakin behar da», esaten du askotan.

Azkenean kontatu diot azkenaldian gertuegi ikusi ditudala gazteak bat-batean osasuna galtzen, espero gabe. Eta esan dit hori dela gure jendarte honen gaitza, betiko garela uste dugula eta korrika pasatzen garela bizitzatik, bazterretara begiratu gabe. Berak zortea izan duela, lana erruz egin behar izan duela eta osasunak errespetatu egin duela. Orain adina dela kontra jarri zaiona, baina artean apetitua sasoiko duela eta hori ez dela seinale txarra. Eta gazta eta ogia atera ditu mahaiaren gainera.

Isiltasun patxadatsuan egon gara denbora luzez. «Ahal banu, emango nieke zure lagun gazte horiei niretik osasun puska bat». Hori ezin da; baina gutxienez mantsoago ibiltzen, bazterretara begiratzen eta bazter horiekin gozatzen erakusten badidazu, pozik.