MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Laser berdea

Ziurrenik zuk ere erosi duzu, iluntzean urrutira ikusten den laser izpi berdea (laserra edo) zabaltzen duen esku-argi modukoa. Eta ez baduzu erosi errepikatu dizute behin eta berriz, eta beste behin ere, eros dezazun. Eta erosi baduzu hasi zara esaten ezetz, ez dituzula hogei euro ordainduko eta azkenean bostean erosi duzu, jakinik bat ordainduta ere asko ordainduko zenuela. Eta gero etorri zaizkizu burura inoiz egiten ez duzun erregateoa zergatik egin duzun gaur, eta saldu dizunak zu bezalako zenbat aguantatu beharko dituen, alboan umea besotik tiraka dutela, ilaran doazkion hainbat ama eta aita trastea eros dezaten konbentzitzen. Eta haurrak lortu du laser berdea eta eguneko unerik patxadatsuena eman du.

Zu bezala, zenbat izango dira aurtengo oporraldia ilusioz prestatu eta mendi gailur ederrak erakusten ari zaren bitartean «ama, aspertuta!» entzun dutenak. Edo hondartza ederrean pasioan zabiltzala «aita, aspertuta!» jaso dutenak, zuk lurraren erdirainoko zuloa egin nahi zenuen bitartean. Mila kilometro egin hau edo bestea erakusteko eta «beroa, egarria, aspertuta, zenbat falta da?» entzun duzu zuk ere ziurrenik. Eta iritsi zarenean zuri hainbeste urte kosta zitzaizun helburu hartara, zu hainbeste txunditu zintuen hartara, entzun duzu, kasurik hoberenean: «A bai, Eiffel dorrea, ikusita dut telebistan». Errazena litzateke telebistaren kalteak berriz ere bata bestearen atzetik aipatzea. Mundua txikitu egin du telebistak. Eta telebistak bezala, guztiok, munduko edozein toki minutu erdi eskasean gerturatzeko ditugun gailuek, baita opor hauetan hamar mila aldiz jolaserako eskatu diguten esku-telefono horrek ere. Eta oporrak pasatzen ari diren heinean guztioi ere tonto aurpegi handi samarra geratzen ari zaigu hainbeste ilusio zakarretara bota ditugulako. Uste izan dugulako bidaiatzeko grina, jakin-mina eskainiko genituela eta ordainetan jaso dugulako «aspertuta», «egarria» eta «beroa!».

Nire lagun batek dio etxe bueltan bi txango nahikoak direla eta horrek sortzen duela ikasteko, bidaiatzeko eta munduko bazter ederrak ikusteko grina. Hogei urterekin ikusi ez duenak, hark ikusi nahi omen du Koliseoa, gainerakoek, urtebeterekin ikusi arren, ikusitako hiri, monumentu edo lekuen zerrenda baitute. Argazki bat ere bai, oraindik gurditxoan zebiltzanekoak eta kitto! Mundua txikitu dugu ziurrenik edo txikitu digute, gure seme-alabek eskura dituzte klik batean hiru dimentsiotan munduko tokirik ederrenak. Beste klik bat egin eta hauen historia azaltzen zaie eta deskuidatzen bazara baita joko interaktibo bat ere. Eta ziurrenik hau da etorkizuna. Zerbait asmatu beharko dugu, ezinbestekotzat jotzen dudan horrekin batera, San Pedroko kupula ikusi eta hunkitzeko.

Bitartean nahikoa pozik azken ordu erdian inguruko bazter guztietara, laser berdea, argizko ezpata bailitzan, erabiltzen ari delako, baina ez duelako errepikatu «ama, aspertuta!». Baina etxera bueltan, kotxeko atzeko jarlekuan, oraindik laserra eskuetan, entzun diozu anaiari esaten ari zaiola kupula handi hura Migel Angelek egina dela eta Koliseoan 50.000 lagun kabitzen zirela. Eta erabaki duzu ez duzula etsiko.