Zelan egin plater hegalari bat
Orain aste batzuk ganbarara igo nintzen trasteren bat behar nuela-eta. Horrelakoetan ohikoa den legez, bilatzen nuen hura ez beste guztiak aurkitu nituen; tartean panpina baten gorpua. Izeko batek ekarri zidanekoaz akordatu nintzen: tertziopelozko soineko morea zeukan, bere galtzerdi eta zapatatxo, mototsak tente eta begiak diz-diz (betazalak erortzen zitzaizkion horietakoa zen). Ganbarako zokondo ilun hartan topatu nuenean ostera, begiak zarratuta zegoen, ugerrak eta arratoien kakak jandako kotxekapotan zerraldo. Artean ez nekien panpinak zendu zitezkeenik ere, baina andrakila haren paraderoaz ezin besterik esan. Hilobitxo hark zurtz eginda utzi ninduen arren, umetan ez nion neskatxo hari kariño berezirik izan egia esanda, izenik ere ez nion sekula ipini-eta. Gure amak bai, gure amak Loli jarri zion bereari; nik ez bezala, panpina bakarra izan baitzuen hark, estimatua eta ondo zaindua bera. Aitak larruzko pilotaren bat edo burdinazko uztairen bat aipatu izan dit inoiz, baina baserri bueltan jostailurik bako olgetak ohikoagoak izaten ei ziren: gorde-gordeka ibiltzea edo txori-habien bila joatea. Amumak dio ez daukala akorduan zerekin olgetan zuten, jolas egiten zutenik ere… Baina tabak (bildotsen zangoetako hezurtxoak) aipatu izan dizkit inoiz.
Begirada jostaria dut nonbait, ganbaratik jaitsi nintzenez gero besterik ez baitut ikusten inguruan. Lehengoan, jostailu-denda bateko eskaparateari begira nengoela, ama-seme batzuk hurreratu ziren. Mutikoa ekin eta ekin ari zitzaion amari militar itxurako panpina (zatar) bat gura zuela-eta. Amak mila modutara iradoki zion ezezkoa, harik eta azkenean pazientzia agortuta zakar bota zion arte: «Badakizu orain ezin dugula». Kontuak zer diren, jostailuak sortzea jolasaren parte den herri batera ailegatu naiz, Marrupara (Mozambikeko iparraldean), eta hemen nabil eskulangile txiki bezain trebe hauengandik ikasten. Zelan egin plater hegalari bat (frisby bat ere izan daiteke): zaramatan CDak aurkitu, garbitu eta jaurti airera! Zelan egin baloi bat: plastikozko poltsa zaharrak bildu, bola trinkoa egin, sokarekin batu (kable edota gomek ere balio dute) eta jo ostikoz! Zelan egin lasterketa auto bat: plastikozko botila txiki bat hartu (ginebrarena adibidez), goialdean eta hondoan bina zulo egin, zulook alderik alde gurutzatu makilatxo banarekin, makilatxoen puntetan plastikozko tapoi bana sartu eta bultza kotxetxoari!
Haur batek munduari nondik begiratzen dion jakiteko, zer adierazgarri hoberik dituen (edo ez dituen) jostailuak baino? Gurean ahaztuxe badugu ere, olgetako tresnak eta denbora izatea, pribilegioa da oraindik askorentzat.



