MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Beste bat

Astebete barru hauteskundeak egingo dituzte Grezian Parlamentua aukeratzeko, eta abuztuaren 20an Alexis Tsipras lehen ministroaren dimisioarekin herri hori jasaten ari den krisi ekonomiko, politiko eta sozialaren beste kapitulu bat ezagutuko dugu. Aurtengo udan herrialde horretako finantza ministro izandako Yanis Varoufakisen pare bat liburu irakurri ditut. Irakurritako lehenengoan, ekonomia bere alabak ulertzeko moduan idatzitako liburua dela jakinarazten du Varoufakisek eta abiapuntuan galdera bat egiten du: Zergatik hainbeste desberdintasun? Zergatik haur batzuk jaio orduko jantzi garestiz janzten dituzte, edo ditugu, munduan gehienak, besterik ez dutelako, zarpailez janzten dituzten bitartean? Eta paradoxa lazgarria uzten du agerian jarraian: arropa garestiak baino izan ez dituztenek urte gutxiren buruan haserrez hartzen dute arropa urtebetetzeko opari gisa, gainerakoek zarpailekin jarraitzen duten bitartean.

Varoufakis dagoeneko ez da Greziako ekonomia eta finantza ministroa, baina gogoan dut herrialde hartan referenduma egin zutenean hark esandakoa. Varoufakisen esanetan, une errepikaezina ari ziren bizitzen Grezian. Zorren morrontza eta menpekotasunaren aurrean zutitu zen herrialdeak hartzekodunei aurre egin zieneko eguna zela esan zuen. Zeresan eta kritika ugari ekarri zituzten beste hitz hauek ere erantsi zituen: «Nik harrotasunez eramango dut nirekin hartzekodunen gorrotoa». Greziako krisiak Europa ispilu baten aurrean jarri du eta ohartu egin beharko du sistema finantzarioak sortu dion kolapsoa. Krisiari aurre egiteko neurriek behin eta berriz entitate finantzarioen botere momentuz guztiz ahaltsua izan du aurrez aurre, herritarrek botoekin bazter uzteko aukerarik ez dugun boterea, inoren aurrean erantzuten ez duena, behin eta berriz diru kantitate izugarriak jaso arren aseezina dirudiena eta egoeraren konponbiderik ekarri ez duena. Gure egunerokoan, greziarren egunerokoan hango krisia hartu baitut hizpide, hobera ez du ezerk egin. Egia da zorraren barkamenak kasurik gehienetan sistema finantzarioaren bertan behera etortzea dakarrela ziur asko, baina alderantziz sistema finantzarioari kontrolik eta erantzukizunik gabe dirua barra-barra emateak ez ditu konpondu gori-gori dauden arazoak. Greziaren krisian beste kapitulu bat ezagutuko dugu iraila aurrera doala, baina ez dirudi herrialde horri bakarrik eragingo dionik.

Aditu zenbaitek diote mundu mailako krisi finantzario baten aurrean gaudela berriz. Gutxienez beste bost urte iraungo duena. Petrolioaren prezioa jausi egin da, 2008an bezala lehengaien prezioak behera egin du... Grezia izan da begien aurrera behin eta berriz etorri zaiguna, baina premiazko neurriak hartu beharrean daude munduko eta Europako herrialdeak. Krisi finantzarioei orain arte emandako erantzunak ezagunak dira eta ondorioak ere gertu-gertuan, memorian fresko, ditugu. Hau ez omen da amaitu. Amaitu beharko liratekeenak dira orain arte emandako erantzunak, egoerak itxura guztien arabera okerrera egingo baitu.