MIREN AMURIZA
IRITZIA

Itzulpenaz

Itzulpena egitea deritzogu berba edo adierazpen bat lengoaia batetik bestera pasatzeari, elebidunok ia inkontzienteki egiten dugun ariketa horri. Elkarrizketan hizkuntza ezezagunen bat sartzen denean, euskaradunok hizkuntza bitartekari baten laguntza behar izaten dugu (ingelesa, frantsesa, gaztelera edota portugesa gehienetan). Hirugarren hori ere ez da beti nahikoa izaten, ordea, eta gerta daiteke berbaldi berean lau hizkuntza kateatzea ere. Euskaldun baten eta Mozambikeko indigena makua baten artean esaterako, bakoitzaren ama hizkuntzez gain, gaztelera eta portugesa leudeke. Baina hizkuntza matematikoa ez denez gero, berbei zentzua aldatzen joan dakieke mintzaira batetik bestera itzuli ahala. Ezen euskaraz eta makuaz «historia» edota «erronka» hitzek duten esanahia, eta izen horiek berek gazteleraz edota portugesez dutena, berdinak al dira? Halaber, adiera bera al dute «gose» edota «emazte» hitzek euskaraz edo katalanez eta makuaz edo kitxuaz? Esanahiak gorabehera, hizkuntza desberdinetan homologoak dituzten terminoak dira horiek, baina badira bestelakoak ere: kitxuentzat, esaterako, gaitza litzateke «bakarrik nago» esaldia itzultzea. Tradukzio literala egiteko berbak baino, bakardadearen kontzeptua bera da hiztunok falta dutena; beren sinesmenen arabera, jaiotzen direnetik hiltzen diren arte baitaude izadiaren parte diren elementuekin (ama lurra, eguzkia, ilargia…) hartu-eman konstantean.

Lehentxoago hala definitu badut ere, itzulpena egitea berba bat hizkuntza batetik bestera aldatzea baino zer konplexuagoa da bistan denez. Batetik, hitzak letra sorta autonomoak barik, hizkuntza bakoitza den mosaikoaren txataltxoak direlako. Eta bestetik, hizkuntzak eurak ere ezin daitezkeelako kode linguistiko soiltzat hartu; jendarte jakin batek eraikitako komunikabideak diren neurrian, hiztunen kulturaren oinarri eta isla baitira aldi berean. Beraz, itzulpenaz ari garenean, mintzaira batetik bestera bainoago, hitzak mundu ikuskera batetik bestera eramaten ari garela esan beharko genuke agian. Horrexegatik itzultzen dira errazago zenbait berba bazterretik bazterrera (makua-euskara) eta horrexegatik aldatzen da beste hainbesteren esanahia iparretik hegora (katalana-kitxua).

Maiz galdegin diogu geure buruari isla desertu batera joateko zein hiru gauza aukeratuko genituzkeen. Topiko horri buelta emanda, zein hiru hitz eramango zenituzkete zoazten lekura zoaztela? Hiru gutxi irudituko zaizkio agian baten bati, hizkuntza berean berba eginda ere elkar ez ulertzera ohituegi gaude eta… Baina komunikatzeko nahia alde bietan dagoenean zenbat gehiago behar dira bada?