Ikasi zutena
Zinemako aulkian kuzkurtuta, “Amama” filmak noraino astindu nauen pentsatzen geratu naiz une batean. Ez naiz baserritarra, baserritarren ondorengoa naiz eta ezagunak egin zaizkit filmeko hainbat egoera, hitz eta isilune.
Akordatu naiz belarretara joatea senide guztien betebeharra zeneko garaiaz. Akordatu naiz belar arteko jolasez eta aitonak belar tartean topatzen zituen ziraunez. Nola gustatzen zitzaion gu zirikatzea eta guri zein izugarriak iruditzen zitzaizkigun ziraun haiek. Gogoratu naiz belarretan eserita edaten genuen limoi uraz eta ardo uraz. Aitonak beti botatzen zigun ardo tantaren bat «odola egiteko». Kasik sentitu ere egin dut belarretatik bueltan gorputz guztian sentitzen nuen azkura. Eta gogoratu naiz izeba-osabak, gazteak orduan, nola joaten ziren korrika dutxara lagunekin kalera joateko, berreskuratu ezineko denbora galdu duenaren presaz. «Halako presa balute lanerako», aitonak, atarian eserita.
Hitz gutxiko eztabaida ozenez akordatu naiz. «Behiak kendu beharko ditugu atte». Amonak zeukan bakearen sen indartsuaz akordatu naiz. Zenbat gauza isildu ote zituen «bakeagatik». Aitonaren magala munduko leku seguruenetakoa iruditzen zitzaidala akordatu naiz. Gaztaina jan eternoak egiten genituen parean jarrita. Mahaitik altxatzen azkenak ginen mahai gainean gaztainak zeudenean. Begiak eta gaztainekiko zaletasuna aitonarenak dauzkat. Harro esaten zuen neskato txiki hark berak adina gaztaina jaten zituela. Eta pozik sentitzen nintzen aitona pozik ikusita, ez baitzen irribarre alferrik egiten duten horietakoa. “Amama” filmeko protagonistari bezala, nire aitonari ere lan egiten erakutsi zioten, ez hitz egiten.
Behiak kendu aurretik joan zen. Galera hori, sikiera, ez zuen sufritu. Izan ere, guri bestela iruditu arren, hitz gutxiko gizon sendoek, minik sekula izaten ez dutenek, sufritu egiten dute. Mina duela esan ezin duenaren sufrimenduak latza behar du. Maite duela esan ezin duenaren adinakoa. Eta gure aitonek, “Amama” filmean islatzen direnek, ez zuten ikasi negarrik egiten, ez laguntza eskatzen, ez nekatuta zeudela esaten, ezta ingurukoei zenbat maite zituzten esaten ere. Gure aitonek lanean ikasi zuten.
Eta gure amonek ez zuten ikasi «nahikoa da» esaten, «nazkatuta nago» buila egiten. Zaintzen, zaintzen eta bakeagatik isilik egoten ikasi zuten.
Horrek ez du esan nahi gure aitonek sufritzen eta maitatzen ez zutenik; horrek ez du esan nahi gure amonek eztabaidarako gaitasunik ez zutenik. Baina, ez zuten ikasi. Horregatik bakarrik, zinemako aulkian kuzkurtuta piztu dizkidan sentsazio biziengatik, merezi zuen “Amama” ikustea. Eta gure baserrietako aitona-amonek merezi zuten.

«Saltsa Nostra», falta pan para tanta salsa

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

Mirando a los ojos del pueblo saharaui
