Hyperloop
Espainiako Gorteak aukeratzeko hauteskundeak gainean ditugun honetan, ezin esan orain arte ikusitako debatea maila altukoa denik, baina ez omen da itxaropena galdu behar eta egia da hauteskunde kanpainari gelditzen zaion astebete honetan, zertxobait hobetu daitekeela eztabaida politikoaren maila. Ikusiko dugu. Euskal Herriak 23 diputatu bidaliko ditu Madrilera, eta denek diote oso inportantea dela han egotea, hegoaldeko herritarron etorkizunaren oso arlo inportanteak baitaude Espainiako Gorteen eskuetan. Horietako bat, esate baterako, Euskal Herrian osatzen ari diren trenbide-sare berria. AHT famatua.
AHTari buruz ia dena esanda dago, nahiz eta ia dena nahasia izan, eta abantaila eta desabantailez ez naiz ni hasiko, askoz jende jantziagoak eman du-eta iritzia, han eta hemen. Baina uste dut komeni dela gizon-emakumeon bizitza espektatibak kontuan hartzea, eta auzi honetan beste askotan bezalaxe, denbora eta epeak inportanteak direla. AHTaz joan den mendeko 80ko hamarkadan hasi zen hizketan Euskal Herrian. Orain 30 urte pasatxo. Orduan ez zegoen Internetik, esate baterako. Ezinezkoa zen bideokonferentzia bidez enpresa baten bi bulego lotzea. Katalogo bat ezin zen on line ikusi. Abokatu bati ezinezkoa zitzaion epaitegira joan gabe dokumentu bat lortzea. Zer esanik ez, 3D inpresorak gutxi batzuen ametsetan bakarrik ageri ziren. Mugitzeko beharrak erabat ezberdinak ziren orduan eta gaur. Ez dira alferrik pasatu 30 urte. Zenbat pertsona hil dira proiektua ezagutu baina inongo trenik ikusi gabe? Gutxi gorabehera orduko euskal herritarren hirutik bat hilik dago dagoeneko. Alvaro Amann sailburu ohiak behin eta berriz agindu zuen trena martxan egongo zela 2010ean; Nuria Lopez de Guereñuk bere postua hartu zuenean pixka bat zuzendu eta 2013 arte atzeratu zuen epea. Zalantza egiten dut 2020 baino lehen trenik izango ote den (Hendaiara burbinbide zaharra erabiliz heltzen den TGVa kenduta).
Orduan zeintzuk izango diren beharrak? Inork beharko ote duen trena? Auskalo! Kalifornian ere antzeko debateaz dabiltza, baina han hemen baino originalagoak dira. Hyperloop izeneko proiektu alternatiboa dago mahai gainean, ia-ia soinuaren abiaduran pertsonak eta merkantziak garraiatzeko gauza izango litzatekeena, eta abiadura handiko trenak balio duenaren hamarren bat kostatuko litzatekeena. San Frantzisko eta Los Angelesen arteko bidea (563 km) 35 minutuan egingo lukeena. Proiektu teoriko bat da oraingoz, hala ere, dozenaka ingeniari ari dira lanean. Kasualitatez proiektua bideragarria bada, akabo trena gaur egun ezagutzen dugun moduan! Bilbotik Iruñera ordu laurdenean helduko ginateke, pentsa!
Horregatik diot denbora eta epeak inportanteak direla. Eta innobazioa ez dela bakarrik laborategi baten lana finantzatzea. Innobazioak, askotan, pentsatzeko modu berriak eskatzen ditu. Eta beldur naiz, trenaren auzian zein gure diputatuek esku artean izango dituzten beste askotan, betiko eztabaidetan betiko katramilatuta ez ote garen geldituko, betiko garela pentsatuz.



