MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Lili eta biok

Ramon Saizarbitoria • Erein, 2015 • 576 orrialde

Eleberri mardul batekin itzuli da Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944): “Lili eta biok” nobelak Faustino Iturbe psikologo ohiaren eta Lili izeneko 15 urteko neskaren istorioa kontatzen du. Lili nerabe argi bat da eta Faustino Iturbe gaixorik dagoen agure zahar bat. Bien arteko harremanetik geruza desberdinez eraikitako narrazioa ondu du Ramon Saizarbitoriak. Liburua ondare baten transmisioa ere bada, 36ko Gerrari egiten dizkion erreferentziak kontuan hartuz gero. Isilpeko istorio traumatikoak ere kanporatzen ditu, baina batik bat, isil-gordean iraun duen maitasun istorio erromantiko triste eta ezinduaren mataza harilkatua erakusten du eleberriak. Donostiatik Otzeta baserrira eta Otzetatik Donostiara joan-etorrika dabil Saizarbitoria, gaur egundik 36ko Gerrako gertalekuetara oihartzun eginez eta Intxortako parajeetatik egungo bizitzara jauzi eginez.

 

Muskerraren bidea

• Bernardo Atxaga • Pamiela, 2015 • 128 orrialde. 9,90 euro • “Muskerraren bidea” Bernardo Atxagak irudikatutako Obaba eta Asteasu erreala bateratzen dituen proiektua da, Atxagak berak, Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak elkarlanean sortua. Gida literario bat da, eta Asteasu herrian barrena egin dezakegun ibilbide bat osatuz doa idazlea. Liburuan azaldutako urratsei jarraituz, Juan Bautista Agirre eta Lizarraga jenerala bizi izan ziren etxera joan gaitezke, edota Antonio Arrue jaio zenera. Halaber, Bernardo Atxagaren obren berrirakurketa egiteko aukera ematen du paseoak, “Bi anai”, “Obabakoak”, “Lekuak”, “Nevadako egunak” edo “Txoriak kolpeka” liburuetako pasarte biografikoenak irakur baitaitezke, eta, tarteka, egilearen hainbat orrialde berri ere bai.

 

Lainoa janez

• Juan Kruz Igerabide • Erein, 2015 • 96 orrialde • 11 euro • Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) azken zortzi urteotan sortutako poemak bildu ditu poema liburu honetan. Azaleko irudian bi esku elkarri emanda erakusten ditu liburuak: aurkezpenaren prentsaurrekoan azaldu zuenez, omenaldi moduko bat da «bizitzan zehar lagun izan ditudan adiskide eta etsaiei», nahiz eta poema bakar bat dagoen horietako bati eskainia, iaz zendu zen Mamen izeneko adiskideari. Heriotza hark asko hunkitu zuela aitortu zuen Igerabidek, baina etsipenera eraman beharrean «bizitzeko gogoa berpiztu zion» min hark, eta hori ere badago “Lainoa janez” honetan. 96 orrialdetan 87 poema bildu ditu.

 

Ekarri armak

• Imanol Murua • Elkar, 2015 • 20 euro • Euskal politikaren urteetako segimendu eta ikerketaren emaitzak bilduz eta alde guztietako protagonistekin elkarrizketak eginez, 2011ko urriaren 20an ETAren jardun armatuaren amaiera ekarri zuten gertakarien historia idatzi du Imanol Muruak (Zarautz, 1966) liburu honetan, Euskal Herriko azken mende erdiko efemeride inportanteenetako baten kronika, hain zuzen ere. “Loiolako (h)egiak” kronika liburuan, 2006an EAJ, Batasuna eta PSEren artean gertaturiko elkarrizketa politikoak eta aldi berean ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean izandakoak kontatu zituen Imanol Murua kazetariak. Orain, lan hari jarraipena ematen dio “Ekarri armak” izenburupean.

 

Errekuperatzaileak

• Pablo Sastre • Elkar, 2015 • 16 euro • Bizimolde autogestionatua hautatu dutenei edo «bide zaila» egitea aukeratu dutenei, lagungarri gerta dakieke Pablo Sastreren (Madril, 1958) azken saiakera. Autoreak dioenez, «lan-sozietatearen kritika bat da liburu hau, zehatzago, oraingo profesio-bideen kritika bat». Horrela, oraingo profesioak eta denbora bateko ofizioak jarri ditu elkarren aldean eta gauzak egiteko lehengo jakitate batzuk eta lehengo abilidade batzuk aipatu ditu bere azken lanean. Ez da liburu etnografiko bat, baizik eta bere ibilbideko hari kritiko berdintsuari jarraitzen dion hirugarren saiakera. Gizarte sistemaren barruko logikak erakutsi eta alternatibak ere proposatzen ditu.