MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Panama

Ostiral arratsalde batean kokatu zituen John Le Carré idazle britaniar ospetsuak “The Taylor of Panama” espioitza nobela entzutetsuaren lehen lerroak. Orduan sartu zen Andrew Osnard, Harry Pendel jostunarenean traje bat egiteko neurriak hartzera. Ostiral arratsaldea, Panama tropikalean. Lau lerrotan sortzen du irakurtzeko premia, best-seller egileak. Pendel jostuna oso bestelako pertsona omen zen Osnard handik irten zenerako.

Irakurketan jarraitu ez duenarentzat jostunak aurrerago dioen esaldi bat oso esanguratsua iruditu zait egunotan: «Panama ez da herri bat, Panama kasino bat da».

Panamak kanalagatik txunditu izan nau ni. Kostata ulertu dut ozeano Atlantikoa eta Pazifikoa lotzen dituen ingeniaritza modernoaren lorpen handienetakoa den honek nola funtzionatzen duen. Historiagile gehienek diotenez, Kolonbiari kendutako zati bat omen da Panama, bankuen, aseguru etxeen paradisua. Zer ez da idatzi kanalaz, zer ez da gertatu kanalaren inguruan, haren kontrola izan dutenez, eduki nahi izan dutenez? Hasieratik eman zuen zeresana istmoa zeharkatzeko nahiak, asmoak, horretarako dirutzak... Jean Hiriart-Urruti apaiz eta kazetari lapurtarrak ere, 1892an konpainia frantsesek izandako porrotek ekarritako diru galerak hizpide izan zituen, inoiz nonbait irakurri dudanez, berak sortutako “Eskualduna” aldizkariko “Panama” deitu zuen artikulu batean.

Estatuburuak, ministroak, politikariak... guztira 50 herrialde baino gehiagoko dozenaka futbolari, aktore... berriz ere Espainiako koroatik gertukoak... 11,5 milioi dokumentu apurka ezagutzen hasi garenak eta zeresan ugari ematen ari direnak. Falciani zerrendari orain Panamako Mossack-Fonseca abokatu bulegoko milioika barne dokumentuak batzen zaizkie, “Süddeustche Zeitung” egunkari alemaniarrak eta ICIJ (International Consortium of Investigative Journalist) nazioarteko ikerketarako kazetari taldeak egindako lanari esker.

Zenbat lezio zabalduko zituzten, zenbat erabaki hartuko, zenbat agindu emango. Zenbat aldiz beteko zitzaien ahoa demokrazia hitzarekin eta bakea aldarrikatuz, onaren eta txarraren marra zein den esanez.

Niri sortzen zaidan galdera oso oinarrizkoa da (basikoa esan nahi dut), apur bat baldarra eta zakarra: Ze peña da hau, ze jendilaje?

Gaur idazle artean murgildu naiz, Panamako paperen hitz eta zenbaki usteletatik ihesi, ele eta ikasgai ederragoen bila. Eta beste askotan bezala, Joseba Sarrionandiaren hitzetan eta irakatsietan murgiltzeko gonbita egingo dizuet. Izan ere, berak kontatzen duen bezala, lapur banden etikak ez dira gaur-gaurkoak filosofia politikoaren historian. Platon, San Agustin edo Adam Smith aipatzen ditu adibidez. Eta Estatua nola mugituko den lapur banda baten modura, oso etika ezberdinak erabiliz berekiko edo kanpokoekiko. “Lapur banden etika ala politika” hor duzue hausnarketarako, eta gaurkoan, Panamako paper horietan agertzen diren lapur bandako askok euren etikaz nola kontrolatu eta ezereztu gaitzaketen une batez pentsatzeko.