amagoia mujika
IRITZIA

Kanpaina

Bukatu da, azkenean, kanpaina. Ez naiz ari Madrilera begirako horri buruz. Hori beste kupeleko sagardoa da (behin Jakoba Errekondori ikasi eta irrikan nengoen erabiltzeko. Ezin tentazioari eutsi). Bukatu da ekaineko ikasturtebukaerakojaialdi kanpaina. Ikasturteak iraun bitartean ikustekoa da gure inguruko haurren agenda. Ikaratzekoa. Lepo betea. Judoa, dantza, ingelesa, xakea, panderoa, futbola, txinera... eta gero jolas parke modernoetara eramaten ditugu, «jolas librean» ibil daitezen eta haurrentzako yoga liburuak oparitzen dizkiegu. Gure bizitza-erritmo ero eta zoroan azaleko kontzientzia garbiketa. Baina hain da coola.

Ikasturtebukaerakojaialdi kanpainak horretarako, sikiera, balio du; haurrak zein lanpetuta bizi diren konturatzeko, zenbat gauza egiten dituzten ikusteko. Eta hor joaten gara gurasoak, artaldean, harrotasun bitxi eta disimulatuan, gure etxeko txikiak panderoa zein ondo jotzen duen entzutera, oholtza nola kontrolatzen duen ikustera, buruz ikasitako bertsoak nola ez zaizkion ahaztu nabarmentzera, dantza zein grazioso egiten duen bideo batean jasotzera, dultzainarekin borrokan zein elegante aritu den aipatzera... Hortxe, batzuetan besteetan baino gusturago, etxeko artisten zalerik amorratuenak, aretoko lehen lerroak harrapatzeko borroka erridikuluan maiz. Eta aitortuko dut ez naizela erridikulutik oso urruti ibiltzen. Ez noa inor epaitzera, nahikoa lan daukat neure buruarekin.

Eta zenbat gustatzen zaien haurrei egindako lana, ikasi duten guztia, gurasoen, aiton-amonen, izeba-osaben aurrean erakustea. Normala, ezta? Denon gustukoa da zerbait egin eta laudorioak jasotzea. Nahiz eta ez dakidan seguru zein adinetan uzten diogun elkarri laudorioak esateari. Hori ere beste kupeleko sagardoa (barkatu, berriz parean).

Kontua da hainbestetan jartzen ditugula erakusleihoan gure haurrak, batzuetan iruditzen zaidala horretara ohitu egiten direla. Pena daukat amona ez dagoela hemen eta ezin diodala galdetu bere zortzi seme-alaben balentriak eta ikasgaiak ikustera eta goraipatzera joaten ote zen. Orain, ordea, etxeetan ez daude zortzi seme-alaba. Orain seme-alaba bakarra igual eta zortzi heldu inguruan hari begira, harekin txoratzen.

Burutazio horiekin nabilela egoera bitxia gertatu zait supermerkatuko ilaran. Lanez leporaino dabil kutxan dagoen emakumea, aldiro sortzen den ilara ezin dominatu. Nire aurrean gizonezko bat, hiruzpalau urteko haur bat eta baloi bat. Eta buruan eman dio kutxako langileari. Behin. «Perdon», umeak. Emakumeak bere lanean segitu du, soseguz. Eta berriz, baloia burura. Bigarrenez. «Perdon», berriro umeak. Eta emakumea, berriro patxadaz, lanean. Eta hirugarrena etorri da. Eta hirugarren «perdon» kasik automatikoa. Barkamena eskatzen badaki. Bistan da. Eta orduan mutikoaren aita tentetu zaio supermerkatuko langileari, semeak barkamena eskatu diola eta sikiera haurrari aurpegira begiratzeko agindu dio, oso tonu bortitzean. Hain ondo eskatu dio hiru aldiz barkamena, ezta? Aita ikasturtebukaerakojaialdi sindromeak jota dagoela pentsatu dut, bere semeak egiten duen guztia txalotu eta goratu beharrak itsututa.

Emakumeak lanean segitu du, ahalik eta lasaien. Eta joan dira aita, haurra, baloia eta sindromea. Eta nire txanda iritsi denean irribarre egin diot emakumeari, eta imajinatu dut mingaina zartatuta duela, koska egin beharraren koska egiteaz. Niri ere mina eman dit, mingainean.