amagoia mujika
IRITZIA

Eskuarea

Bera neskame zegoen baserri hartan. Urrutiko senideak zituen bertako nagusiak eta gurasoak hara bidali zuten «lana egiten ikastera». Berak esaten zuen lana egiten ondo ikasia jaio zela. Ez zuela akorduan lana egiten ez zekien garairik. Artean harraskara ondo iristen ez zenean ere kaxa batean igota garbitzen zituela platerak.

Bera neskame zegoen garaian baserri hartan ba omen zen morroi xelebre bat, «mozkorra eta alferra», deskribatzen zuen batzuetan. «Alferra eta mozkorra», besteetan. Lana egiten zuen itxura egiten omen zuen nagusia etxean zegoenean. Nagusia kalera joan orduko, botilarekin aritzen zen jardunean eta, gero, ohera lotara. Baina belarri fina zuen nonbait, eta alboko baserriaren errebueltan nagusiaren motoa entzun orduko egiten zuen salto ohetik, ukuilura jaitsi eta plantak egiten hasteko. Eta beti ematen zion astia logelatik ukuilura jaisteko. Eta gure amona, amorratuta. Gero eta amorratuago batere gustatzen ez zitzaion morroi harekin. «Alferra eta mozkorra», errepikatzen zuen, eta «begiak eta eskuak luzeegiak zituen», zehazten zuen tarteka. Eta berari, gustatu ez.

Egun batean, botilarekin jardunean aritu ondoren ohera igo zenean, amonak soka bat hartu eta hanka bat ohera lotu zion, bere osaba arrantzaleak erakutsitako korapilo bikain horietako batekin. Eta morroiak ederki entzun zuen nagusiaren motoa hurreratzen, eta salto egin zuen ohetik, baina ezin ukuilura jaitsi. Ezin ohetik askatu. Eta horrela harrapatu zuen baserriko nagusiak, ohearen bueltan, beti ibiltzen zen gisan.

Nik galdetzen nion zergatik ez zien baserriko nagusiei kontatu gertatzen zena. Eta berak esaten zidan bere hitzak gutxi balio zuela. Gaztea zela, emakumea, ezjakina... Eta ni zeharo harrituta geratzen nintzen, ezin nuelako irudikatu nire amona gazte eta, batez ere, ezjakin.

Eta gero galdetzen nion, emozio handiz, ea lortu zuen morroi hura botatzea. Eta esaten zidan ezetz, handik egun gutxira bera joan zela baserri hartatik, morroi harekin eta nagusi haiekin nazkatuta. Baina hanka lotu zionekoa hain harro kontatzen zuenean konturatzen nintzen ez zela damutzen baserri hartako egonaldiaz. Asko ikasi zuela.

Udan belarretan genbiltzala kontatzen zizkidan kontu horiek, ur-ardoa hartzen genuen bitartean. Urte asko joan dira geroztik. Aspaldi ez nuen eskuare batekin lan egin, eta minduta ditut eskuak. Bitxia da, eskuarea hartu orduko amonarekin akordatu naizelako, eta morroiaren pasadizoarekin. Eta konturatu naiz ez zidala erakutsi ez eskuare bat fundamentuz maneiatzen, ezta bere osaba arrantzaleak erakutsitako korapilo bikainak egiten ere. Eskerrak, baina, beste gauza asko erakutsi zizkidan, nahiz eta ikasketa horietako askorekin orain ari naizen konturatzen.